«Protagonistak gazteak dira, baina 'Luaren itzala' edozeinentzat da egokia»
Pandemia, sare sozialak, herri txikietako giro itogarria eta hilketa baten inguruko ikerketa lotu ditu John Anduezak bederatzigarren nobelan
nerea azurmendi
Larunbata, 5 azaroa 2022, 20:14
Ikus-entzunezkoaren eta idatzizkoaren artean mugitzen da John Andueza gidoigile, zuzendari, kazetari eta idazlea. Erregistro zabal horretan, literaturaren arloan nerabezarotik irteten eta helduarora hurbiltzen ari diren gazteei zuzendutako lanetan dabil azkenaldian eroso, nahiz eta orain arte argitaratutako liburu gehienen hartzaileak –bederatzigarrena du oraingo hau– gaztetxoak izan.
Bergarako institutuan girotutako 'Magali ez dago bakarrik'-ekin (Elkar, 2019) igaro zen adin tarte batetik bestera. 'Luaren itzala' aurkeztu berritan dioenez, «terreno horretan jarraitzen dut, oso gustura. Hortxe topatu dut nire lekua, lortu dut jende horrekin konektatzea, eta gustatuko litzaidake haientzako liburu gustagarriak egitea. Badaude beste idazle batzuk ere ahalegin horretan. Ea guztion artean lortzen dugun irakurle horiei saltoa ematen lagunduko dien aukera zabalagoa eskaintzea».
Gogoeta ez da hutsala, adin horretan nahiko ohikoa baita umetako kontuekin batera irakurzaletasuna ere atzean uztea. Xede horrekin abiarazi zuen iaz Elkar argiteletxeak, Jasone Osororen 'Festa'-rekin, #traola bilduma. Bildumako seigarrena da 'Luaren itzala', tragedia baten eta horren ondorioen arrastoa jarraitzen duena, John Anduezak oso gogoko duen intriga eta misterio tonuan.
Gordina eta gogorra
'Luaren itzala' pandemiaren unerik latzenetan dago girotua. «Izurritearen garai horretan, herri txiki bateko gazte kuadrilla bat kokoteraino dago dena debekatuta dagoelako, bizitzaren etapa ederrenean etxean sartuta, isolatuta eta aspertuta daudelako, eta erabakiko dute festa klandestiko bat antolatzea». Festak arrakasta itzela izango du, «baina hurrengo egunean herriko neska bat hilda agertuko da, norbaitek hil du».
Hortik aurrera –eta horregatik da garrantzitsua tokia, herri txiki bat–, «hasiko dira dantzan zurrumurruak eta gaizki esanak». Bakoitzak du bere erruduna, eta sare sozialek areagotu egingo dute joera horien kaltegarritasuna, nobelan argi ikusten, eta salatzen, baita «zein erraz ari garen jendea sutara bidaltzen ezer kontrastatu gabe, ezer jakin gabe».
Eleberriak gai beraren inguruko hiru hari txirikordatuz egiten du aurrera: «Dena dakien eta eskutik eramaten gaituen narratzailea; protagonistaren hausnarketak, idatziz jasoak Filosofiako klasean, eta Poliziaren itaunketaren transkripzioak, bere horretan emanak».
«Nobela gordin eta gogorra» omen da, ganberrokerietarako eta txantxarako tarterik gabea. Idazlearen esanetan, «azken finean, intriga eta misteriozko nobela bat da, gazteek protagonizatua, baina estilo horretako liburuak gogoko dituen edozein irakurlerentzat egokia».