Borrar
Koldo Biguri itzultzailea, astelehen honetan Gasteizen. Igor Martin

Koldo Biguri

'Arturoren uhartea'
«Procidan egin nituen lehen itzulpenak, bertan kokatutako istorio batekin Euskadi Saria jasotzea detaile maitagarria iruditzen zait»

Italian oso ezagun den Elsa Moranteren eleberria euskaratu zuen Igela eta Ereinentzat eta aitortza «prozesua biribiltzeko» modu aparta izan dela iritzi du

Jon Agirre

Gasteiz

Astelehena, 13 urria 2025, 17:26

Comenta

Ez da edonolako liburua 'Arturoren uhartea' (Erein eta Igela) Koldo Biguri itzultzailearentzat. Aspaldian irakurri zuen Elsa Moranteren eleberria eta ordutik argi izan du Natalia Ginzburgekin batera XX. mendeko italiar literaturako ahots garrantzitsuenetakoa dela. Aldiz, bigarrenaren 4-5 liburu euskaraz irakur badaitezke ere, lehenaren estreinakoa da. Horrek «are bereziago» egin du astelehen honetan jasotako Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi Saria.

- Aurkezpenean azaldu zenuen liburu «kuttuna» duzula, baina baita itzulpenean adjektibazioak buruhausteak eman zizkizula, substantibo bakoitzak bi-hiru zituela. Saria jasota aho-zaporea aldatzen da? Hasierako kariñora itzultzea da?

- Prozesua biribiltzen du. Oso esanguratsua da Procidan egin nituelako lehen itzulpenak eta beste hainbat egin ostean bertan kokatutako istorio batekin Euskadi Saria jasotzea detaile maitagarria iruditzen zait.

- Hainbeste dago euskaratzeko eta itzultzaile bezala hautatzeko, erabakiarekin asmatu zenuela sentiarazten du?

- Beno, kontuan izan behar da Literatura Unibertsalean liburua ez duzula hautatzen. Lehiaketa bat da, lagin bat aurkezten duzu eta irakurri ostean epaimahaiak hautatu eta itzultzeko aukera ematen du. Nolabait bitan saritua sentitzen naiz. Hori bai, dezenteko lana eskatu du, 500 orritik gora direlako, hilabete askoko lana dago. Gainera ez jarraitua, bizitzan beste gauza batzuk egin behar dituzulako.

- Agerraldian Inazio Mujika editoreak eta Fernando Rey EIZIEko lehendakariak zure «eskua» goratu zuten. Epaimahaiak ere azpimarratu du «jatorrizko lanari zor zaion fideltasunaren eta irakurgarritasunaren arteko oreka». Maiz itzalpean geratzen den itzultzailearen lana aitortuz, idazle ere zaretela aldarrikatuz.

- Bai, itzultzailea ezin da ez-idazle izan, beste idazle batek bere hizkuntzan idatzitakoaren berregite bat da gure lana. Idazlearen hizkuntza eta adierazten den kultura eta gure hizkuntza ezagutu behar ditu. Azken 30 urteotako ikuspegitik begiratuta euskal itzulpengintzak bide oso luze eta sakona egin du. Bidera atera diren itzultzaileek funtsezko ekarpena egin diote euskarari, egun itzulpen serio eta mardul bat irakurtzea ez da hasieran bezala, jendea kosta egiten zitzaiola, zailak edo txarrak zirela. Jende askok ondo itzultzen ikasi du, besteak beste ondo idazten dakien jendea sartu delako. Batzuk istorioa asmatu egiten dute, hitz horiek bertako irakurleari begira ematea da lana.

- Duela ia 70 urteko liburua izanik, hori ekartzea izan da erronka?

- Idazle batek bezala esaldi bakoitzari makina bat buelta ematen dizkiozu, zuzentasun gramatikala eta zehaztasun traduktologikoaz gain euskal belarriari ondo ematen dion doinua, musikalitatea bilatu behar duzu. Neurri batean artistikoa da.

- Horregatik euskalkien aldeko apustua?

- 1950eko istorioa da eta Procidako dialektoa zein halako klase sozialen arteko desberdintasuna jasotzen da pasarte batzuetan, hori ere ekarri behar duzu. Euskaraz ez zen molde kultu bat, izan ez dugun errealitate historiko horri egiantza eman behar diozu.

- Itzultzaile eta EIZIEko lehendakari ohi bezala, 2024ko uztak Literatura Unibertsala bilduma funtsezkoa dela erakusten du?

- Bai eta, gainera, hainbat urtetan sentitu den behar bati erantzuten dio. Anjel Lertxundik esan ohi duen bezala bera hazi zen literaturgintzan gaztelaniaz irakurriz beste hizkuntzetako klasikoak. Hala ere lortu du, beste askok bezala hizkuntz literario propio eta artistiko ederra sortzea. Egungo belaunaldiek bestelako aukera izan dezakete literatura ere asko garatu da, ekoizpen ikaragarri zabala eta aberatsa dugu. Berdin itzulpengintzan. Harra sentitzen duenak badu non bazka.

- Elsa Morante lehenez euskarara ekarrita, 'La storia' (1974) entzutetsua itzultzeko grinarik?

- Ene! Duen arazoa da 700 orrialde direla, hau baino luzeagoa dela. Nekez errepikatuko da Literatura Unibertsalean egilerik eta beste argitaletxeren bat animatzea... Atera dira, hor daude 'Moby Dick' (Balea Zuria) edo 'Odisea' (Balea Zuria), baina zaila da. Itzulpena ere behar den duintasunarekin eginda dago, baina mereziko lukeen liburua da.

- Zer itzuli nahiko zenuke etorkizun batean? Zorren bat pendiente Moranterekin zegoena bezala?

- Literatura aldetik badira euskaratzea gustatuko litzaidakeen egungo idazle italiarrik. Egun hauetan proposamenen bat egin dut, baina zoritxarrez ez didate onartu. Ez da literatura, ez da fikzioa tamalez, baina Nazio Batuen Erakundearen kontalari berezi den Francesca Albaneseren 'Quando il mondo dorme. Storie, parole e ferite della Palestina' itzultzea gustatuko litzaidake. Gazako esperientzia kontatzen du kronika modura. Bere izena ere aipatu izan dute Nobel sarirako. Trumpek dianan erabat jarri du. Ondo legoke euskaraz eduki ahal izatea eta jendeak irakurriko lukeela uste dut.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Procidan egin nituen lehen itzulpenak, bertan kokatutako istorio batekin Euskadi Saria jasotzea detaile maitagarria iruditzen zait»

«Procidan egin nituen lehen itzulpenak, bertan kokatutako istorio batekin Euskadi Saria jasotzea detaile maitagarria iruditzen zait»