Borrar
Koldo Biguri itzultzailea, aurkezpenaren aurretik. Jose Usoz
Elsa Moranteren 'Arturoren uhartea', lehen aldiz euskaraz
Elsa Morante | 'Arturoren uhartea'

Elsa Moranteren 'Arturoren uhartea', lehen aldiz euskaraz

Koldo Bigurik itzuli du Litera Unibertsala bildumarako

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 6 de enero 2025, 09:06

Helduarotik iraganera, haurtzaro eta nerabezarora, egindako begirada eta hausnarketa, «kontaketa zoriontsua» da Elsa Morante idazle italiarraren 'Arturoren uhartea' liburua, Koldo Biguri itzultzaileak Erein eta Igela argitaletxeen babesarekin Literatura Unibertsala bildumarako euskaratu duena. Lehen pista azaletik beretik dator, 'ume baten oroitzak' azpititulua baitu. Orrietan joan ahala, irakurleak Arturo helduaren ahotik bidaiatuko du gerra osteko garaietara. «Ez dakigu zer gertatu zaion, igaro dira hainbeste urte eta oroitzapenak egiten ditu. Kontatu bakarrik egiten du», aurreratu zuen Bigurik.

Arturo 14-15 urteko nerabe «oso zoriontsua» da, Napoliko golkoan dauden hiru uharteetatik txikienean, Procidan, bizi dena, harentzat «paradisua» dena. Familia «desestrukturatua» da berea eta bakardadean bizi da, «nahiko modu basatian. Ez da eskolara joaten baina ikaragarri irakurzalea da», xehatu zuten. Abiapuntu horretatik, aurrez eta ostean bere literaturan egin bezala, Morantek «giza harremanak» ditu mintzagai, «gehien bat familia barnean». Amaren «absentziak» asko markatzen du, baita «urrun» dabilen aitak egiten dituen «sartu-irtenek». «Misterioz beteriko pertsonaia da aita eta aurrera joan ahala batzuk argitzen dira». Horietako batean aita neska gazte batekin ezkonduta azaltzen da eta honekiko «harreman gatazkatsuak» joko asko ematen du. «Alde batetik sentsuala da, borrokaz beterikoa bestetik. Konplexua, helduarorako, bizitzarako esnatzea islatzen du»

Hala ere, orriak pasa ahala pertsonaia egindako ametsez edo aitaren irudi idealizatuaz konturatzen da. «Munduan zehar piratekin eta abenturak bizitzen irudikatu du eta ikusten du heldu bizitza ez dela festa bat, trago mingots asko irentsi behar direla». Horrek aitaren eta beste batzuen «erorketa» dakar.

'Arturoren uhartea'

'Arturoren uhartea'
  • Egilea: Elsa Morante.

  • Itzultzailea: Koldo Biguri.

  • Argitaletxea: Igela eta Erein.

  • Bilduma: Literatura Unibertsala, 190.

  • Orrialdeak: 560.

  • Prezioa: 22 euro.

Guztia «idazkera poetiko eta ebokatzailea» erabilita ontzen duela azpimarratu zuen Inazio Mujikak, «edertasun lirikoa eta sakontasun psikologikoa» uztartuz, eta Bigurik itzulpenean izandako eskua goraipatu zuen. «Lan handia egin du halako nobela bat hain erraz irakurtzeko». Estilo horrek, hein batean, lana konplikatu diola onartu zuen. «Italiako garai horretako literaturan oso hizkera kultua erabiltzen zen eta autore gehientsuenek bezala testu landuak, luzeak, gramatikalki konplexuak eta lexiko aldetik oso aberatsak erabiltzen ditu». Adibide bezala jarri zuen adjektiboen erabilera. «Sustantibo guztiek dituzte bi edo hiru eta horietako asko psikologiarekin lotutakoak dira. Horrek zailtasun batzuk jartzen ditu gure euskara honekin». «Bi urte nituen eta justu-justu amaitu nuen», azaldu zuen umorez.

Horrek, aldiz, ez du esan nahi irakurtzeko zaila denik. Adibide argiena da argitaratu zen lehen unetik izan zuen arrakasta bai irakurle zein kritikaren aldetik. Besteak beste fikziozko liburu onenari eskainitako Strega saria eskuratu zuen, Italiako literatur aipamen bereziena. Era berean, italiarraren 'La Storia'-k (1974) 100.000 aleko tirada izan zuen lehen edizioan. «Hainbeste irakurle dituen idazle bat ez da ahazten 20 urte pasa dituelako, beti izango da hilezkorra eta unibertsala», goraipatu zuen Bigurik.

Fernando Rey EIZIEko lehendakariak esan bezala Biguri «eskarmentu handiko itzultzailea» da, batik bat italieratik egindako itzulpen literarioan nabarmenduz, baina ez da egindako lan bakarra: euskaltzain urgazlea da, EIZIEren barnean ere lehendakari izan da, Senez aldizkariko zuzendari eta haur eta gazte literaturako hainbat lan euskaratu ditu.

Horretaz gain, 'Arturoren uhartea' 190 alea izanda Reyk iritzi zuen Literatura Unibertsala «aro baten bukaeran dela, 200 zenbakira hurbiltzen» eta laster egokituko dela fase berriari nola ekin. Azaldu zuen parte diren guztiek egin beharreko lana izango dela.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Elsa Moranteren 'Arturoren uhartea', lehen aldiz euskaraz