Borrar
Ane Labaka eta Raquel Samitier, aurkezpenean. Gorka Estrada
Lur azpitik zihoan errekatik «blaitutako» album ilustratua
Ane Labaka | 'Murmur'

Lur azpitik zihoan errekatik «blaitutako» album ilustratua

Itoizko urtegiaren ondorioz desagerrarazitako herrien istoriotik hasita ama-alaben arteko «isiltasuna, inkomunikazioa» ardatz duen 'Murmur' (Erein) «memoria ariketa» ondu Ane Labakak. Raquel Samitierrek egin ditu ilustrazioak

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 30 de octubre 2024, 15:33

«Marmarra, murmurioa, xuxurla». Hiztegira jota horixe dio 'murmur' hitzak, Ane Labakaren (Lasarte-Oria, 1992) azken album ilustratuari izenburu ematen diona. Sortzailearen hitzetan eta hauek ezin hobe osatzen dituzten Raquel Samitierren ilustrazioetan oso presente dago bigarren lerroko 'zera' horren presentzia, batik bat uraren soinu bidez islatua. «Liburuan zehar bada lur azpitik doan erreka modukoa, nahita abiatutakoa, nire hautua izan da ura presente egon zedila eta narrazioa busti zezala». Hartarako urarekin zerikusia zuten hitzen zerrenda ere eratu zuen Labakak, nahiz eta gero denak ez dituen erabili. Ereinek plazaratu du.

Labakak nabarmendu duen bezala izenburuko 'murmur' hitza soilik behin azaltzen da album ilustratuan zehar, lehen testuan hain zuzen irratitik heldutako mezu bati erreferentzia eginda, baina xuxurla hori oso presente da testu zein ilustrazioetan, are liburuaren ernamuinean ere. Lur azpiko erreka modura, egile lasarteoriarrak sortzeko duen moduarekin pareka litekeena. Azaldu duenez, aspaldian zuen Itoizko urtegiaren ondorioz desagertu ziren herriei buruzko zerbait egitea. «Oso gertakari potentea iruditzen zitzaidan eta bazen zerbait sortzaile bezala buruan txokoren batean nuena». Murmur hori piztu zuen irratian Ingeborg Irati Díez Elizalde antropologoari 'Cuando la sangre se convierte en agua. Un estudio antropológico sobre la experiencia de abandonar el pueblo a raíz de la construcción del pantano de Itoiz' lanaren harira egindako elkarrizketa batek eta «lur azpiko erreka hori gainazalera atera». Harekin harremanetan jarri eta ikerketa aztertu ostean abiatu zuen ekimena eta behin finduta, Peru Abarka sariketara aurkeztu zuen.

'Murmur'

  • Egilea: Ane Labaka Mayoz.

  • Ilustratzailea: Raquel Samitier.

  • Orrialdeak: 56.

  • Prezioa: 19 euro.

  • XVIII. Peru Abarka Album Lehiaketaren irabazlea.

Testu «interesgarri, intimo eta pertsonala» iruditu zitzaion Samitierri esku artean jaso zuenean, era berean «literatur figuraz josia» eta irakurri ahala «irudiak bere kabuz» etorri zitzaizkiola azaldu du. Narrazioa karaktere kopuruari begira «laburra» izanagatik, ez du sakontasun falta. «Ahalegina egin nuen testuari geruza ezberdinak emateko eta Raquelen lanak oraindik eta sakontasun gehiago erasten dio eta geruza gehiago gainjarri», kontatu du Labakak. Funtsean 'Murmur'-ek ama-alaben arteko «isiltasun, ezintasun, esanezin, inkomunikazioa» adierazten duela aurreratu du, «memoria ariketa» bat dela. «Sormena bere txikian eragiteko tresna bat dela uste dut eta geruza horietan azaleratzen saiatu naiz, adibidez aipatzean ur azpian geratutako lekuak azpimarra egiten dut ahanzturak irentsi zituela, zer esanik ez emakumeek habitatuak izan zirenak, labanderia edo latxarria izan zitekeena».

Bere aldetik, «oso testu irekia» izanik, imajinazioarentzako akuilu izan zela kontatu du ilustratzaileak. Hainbeste non aurreikusia ez zegoen pertsonaia bat, Murmur', Itoizko urtegitik jaiotako «silueta misteriotsua», sortu zuen. «Oso ondo sartu du istorioan». Protagonista bere bizitzan zehar laguntzen du, agertuz eta desagertuz ura bezala, eta horrek irakurketari beste geruza bat ematen diola azpimarratu dute. «Niretzat zure herria abandonatu behar izanaren trauma da, iraganeko fantasma, eta gainerako irudien errealismoarekin kontrastatzen du», azaldu du Samitierrek. Trazu sinple horietarako eskuzko teknika erabili du –ikatz-marrazkia eta tinta akrilikoa– eta une oro testuaren izaera intimistarekin, «tristura, min isila eta itolarria edo inpotentzia» transmititzen duenarekin, oreka mantenduz. Kolore kontrasteak, iraganeko gertakari eta irudiak oroitzen dituen zuri-beltza eta tristuraren urdinak, sentsazio oro indartu eta areagotzen du.

Prozesu bizia

Labaka berak hasieran harridurarekin jaso zuen pertsonaia, baina emaitzarekin «oso pozik» azaldu da. «Sariak ez du elkarrizketarik aurreikusten testu itxia saritzen delako. Raqueli idatzi nion ea zerbait nahi zuen eta orduan esan zidan pertsonaiarena. Erdi susto bat hartu nuen, idatzi ahala irudikatzen duzulako zerbait eta kolokatzea kostatu zitzaidan. Baina beldur eta trauma horiek pertsonifikatzen ditu». Azaldu dutenez lehen bertsioetan presenteago zegoen eta prozesuan aurrera joan ahala sinplifikatzen joan da, bai marrazkian zein agerraldi kopuruetan.

Su moteleko elkarlan hori lehiaketaren prozedurek ez dute aurreikusten eta alde onak badituela ere azaldu du Samitierrek, «askatasun gehiago» ematen baitio sortzaile bakoitzari. Hala ere, eta epaimahaiak goretsi bezala, harremanak «testua eta irudia dialogoan» egotea ekarri du, sortzaile lasarteoriarrarentzat funtsezkoa dena antzeko lanetan. «Hala ulertzen ditugu album ilustratuak», azpimarratu du.

Uxue Razquin Ereingo editoreak esan bezala 'Murmur' helduentzako album ilustratua da eta Peru Abarka lehiaketa irabazi zuen. Honek bi atal izan zituen, Igor Idoeta Markina-Xemeingo udal liburuzaina eta lehiaketaren antolatzaileak xehatu bezala. Lehenik idazleen lehiaketa izan ziren eta aurkeztutako 16 lanetatik Marieli Ituarte, udaletxeko ordezkariak; Leire Bilbao idazleak eta Ainhoa Aldazabal literatur adituak osatutako epaimahaiak «aho batez» erabaki zuen Labakaren proiektua aukeratzea. Ebazpenetik bi esaldi nabarmendu ditu Idoetak: testuan «esaten ez direnek esaten direnek beste garrantzia» dutela eta protagonistaren «haurretako ahotsetatik» idatzita agertzen direla «gauzak, bigarren zentzuak, galderak, eta atzeko xuxurla edo mur-mur horrek testu osoa hartzen eta bustitzen» duela.

Behin Labakaren narrazioa hautatuta, Peru Abarka lehiaketako bigarren fasea abiatu zen, ilustratzailea hautatzearen. Hartara hiru proposamen aurkeztu ziren eta Asier Beltza (Erein), Maite Gurrutxaga ilustratzaileak eta Marieli Ituarte (udala) osatutako epaimahaiak Samitierrena hautatu zuen «koloreen indar narratzailea, kontakizun plano desberdinekin egindako jolasa eta teknikaren erabilera interesgarria» nabarmenduta. Horiei gehitu zieten «zenbait ilustraziotan, testuak sortzen duen tristura, samina, itolarria areagotzen», Idoetaren ustez Samitierren «lanaren alde» asko diona. «Elementu fisikoek eta erabilitako materialek marrazkiaz harago zeresana dauka, ilustrazio horiek lortzeko hausnarketa handia dago horren atzean», iritzi du.

Peru Abarka lehiaketa duela 19 urte abiatu zuen Markina-Xemeingo udalak eta 'Murmur' Ereinek argitaratutako zazpigarrena da. Hain zuen, Labakak 'Ezpainetakoa' albumarekin 2018an ere eskuratu zuen Peru Abarka saria. Bi hauez gain 'Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen' liburua (2019) koordinatu zuen Miren Artetxerekin batera, 'Totototo' (2021) haurrentzakoa eta 'Erradikalak' (2022) antzerki liburua ere ondu ditu, 2021ean 'Algara mutilatuak' saiakera argitaratu zuen eta 'Barraskiloek baino bat gehiago' eleberriaren egile da.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Lur azpitik zihoan errekatik «blaitutako» album ilustratua