Borrar
'Anderik Ande'

Jon Artanok irabazi du Tene Mujika beka

Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta gure artean dabiltzan hainbat amerikarrenak kontatuko ditu proiektuak

Jon Agirre

Donostia

Asteartea, 18 urtarrila 2022, 13:15

Comenta

Jon Artano kazetari zestoarrak irabazi du 2022ko Tene Mujika beka 'Anderik Ande' proiektuarekin, Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak erabaki duenez jasotako lan guztien laginak aztertu ostean. Orain urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Artanok aurkeztutako proposamenak bi atal izango ditu: lehena 'Joandakoez', Hego Amerikan gertatzen da eta bertara –Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuela– joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletuko ditu; bigarrena, 'Etorritakoez', aur egun Latinoamerikatik gurera migratu eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteez arituko da. Elkarrizketa, kronika eta bidaia-liburuen osagaiak izango ditu kontakizunak.

Kazetaritzan lizentziaduna da Artano eta hogei urteko ibilbidea egin du hainbat komunikabidetan, besteak beste 2016tik 2019ra Latinoamerikako berriemaile berezia izan zen EITBrentzat. Han hiru urteetan zehar pilatutako esperientzia baliatu du 2022ko Tene Mujika beka irabazteko aurkeztu duen proposamena garatzeko eta horixe izango da liburuaren muina. Horretarako oinarrietan zehaztua zegoen 6.000 euroko dirulaguntza jasoko du.

Tene Mujika beka Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute urtero Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta euskal literatura aberasteko asmoz. Ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu eta Euskal Herriaren azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez daitezke (biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak). Lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Jon Artanok irabazi du Tene Mujika beka

'Anderik Ande': Jon Artanok irabazi du Tene Mujika beka