'Indarkeriak dantzatzera behartzen gaituzte'-ren aurkezpena, Donostian
Gatazkaren inguruan nagusitu den «ikuspegi literario-politiko bakarra» 'deseraikitzea' proposatzen duen lanaz ariko dira asteazken honetan Kaxilda liburu-dendan
m. imaz
Asteartea, 26 apirila 2022, 18:30
UEUk iazko urte amaieran argitaratu zuen 'Indarkeriak dantzatzera behartzen gaituzte. Gatazka armatuaren irakurketa feministak' liburuaren aurrez aurreko aurkezpena egingo da Donostiako Kaxilda liburu-dendan asteazken honetan, apirilaren 27an, arratsaldeko 19:00etan. Aurrenekoa Bilbon egin zuten martxoan, eta hurrengoa Iruñean izango da, maiatzean. Edizio lanaz arduratu diren Ibai Atutxa Ordeñana eta Iratxe Retolaza Gutierrezekin batera, Lorea Azpeitia Anta, Olatz Dañobeitia Ceballos, Onintza Odriozola Irizar eta Ane Villagran Arrastoa egilean bertan izango direla iragarri dute.
Izenburuaren lehen zatia Amaia Lasaren poema batetik hartu duen liburuak «helduleku ezberdinetatik» heltzen die gatazka armatuari eta horrek euskal literaturan izan duen islari, eta «diziplinen arteko elkarrizketari ere bidea egiten dio: lehen bi atalek soziologiatik heldu diote gaiari, eta gainerako atalek, aldiz, euskal literatur testuen azterketak izan dituzte ardatz nagusi». «Hori bai -nabarmendu dute- ikerlan horiek guztiek egiten dute gatazka armatuaren irakurketa feminista».
Izan ere, «irakurketa feministek biderkatu egiten dituzte gatazka armatuari buruzko galderak, eta horiek dira gatazkaren ikuspegia zabaltzera eraman gaituztenak». Oro har, «ETA armatu zenetik desarmatu zen arteko garaia eta oraindik bukatu gabeko estatuen indarkeriaren aldia jorratzen ditu», eta kapitulu bakoitzak «XX. mendeko bigarren erdian hasi eta XXI. mendeko lehenengo hamarkadan zehar iraun zuen gatazka armatu horri erreparatzen dio».
Ikuspegi bakarra nagusi
Editoreek sinatzen duten 'Gogoeta-leku dantzagarriagoak,gomuta-leku bizigarriagoak' atariko atalean irakur daitekeenez, «euskal literaturak ematen du gatazkari dantzaleku feministagoetatik heltzeko. Izan ere, jadanik 1960ko hamarkadatik aurrera, genero literario ugaritan sortu da gatazka armatuari buruzko literatura. Askotariko ikuspegiak, lekuak eta begiradak jorratu dituzte batzuek modu zuzenagoan, beste batzuek zeharka. Literatur sorkuntzaren luze-zabalari begiratuz gero, beraz, ugaritasuna da nagusi, nahiz eta oraindik jorratu gabeko hainbat estetika eta ikuspegi egon».
«Literatur Kritikaren diskurtsoetan», baina, «ikuspegi literario-politiko bakarra nagusitu da, nahiz eta kritikagintzan ari garen eragileon artean askotariko kokapenak, begiradak, balioak eta bizipenak izan ditugun kideak egon», baita belaunaldi eta testuinguru soziopolitiko desberdinetakoak ere. «Beste kokapen literario eta ideologiko bat dugunok ez dugu dinamika nagusi horiek birpentsatzeko nahikoa urrats diskurtsiborik egin; ez dugu galdera berriak sortzeko nahikoa gaitasunik izan», idatzi dute. Horrenbestez, hutsune hori betetzera dator bilduma, gatazkaren inguruan nagusitu den «ikuspegi literario-politiko bakarra» 'deseraikitzera' eta beste 'dantzagune' batzuk proposatzera.
Liburua
-
Izenburua. 'Indarkeriak dantzatzera behartzen gaituzte.Gatazka armatuaren irakurketa feministak'
-
Egileak. Ibai Atutxa Ordeñana, Lorea Azpeitia Anta, Olatz Dañobeitia Ceballos, Onintza Odriozola Irizar, Iratxe Retolaza Gutierrez, Eider Rodriguez Martin, Ane Villagran Arrastoa.
-
Argitaletxea. Udako Euskal Unibertsitatea.
-
Orrialde kopurua. 270 orrialde.
-
Salneurria. Paperezkoa 22 euro. Digitala 14,30 euro.
Lanaren ardatzetako bat da nabarmentzea «gero eta gehiago, testu dibulgatiboagoek eta baita akademikoagoek ere elkarbizitzaren zerbitzura» jarri dutela euskal literaturaren kritika. Hala ere, «kritikek elkarbizitzaz hitz egiten badute ere, agian oharkabean, indarkeria-mekanismoak jartzen dituzte martxan. Gutxienez, bi modutan gertatzen da indarkeriazko idazkera hori. Batetik, euskal gatazka bera ukatu egiten du kritikak. Bestetik, terrorismo eta terrorista kategoriak perbertsio gisa eraiki eta militantzia politikoaren deshumanizazio-prozesuak bultzatzen ditu».
«Elkarbizitza baleko helburua da, noski, are laudagarria ere, batez ere politikarientzat, alderdientzat eta eragile ezberdinentzat» esatearekin batera, liburuak urratzen duen «ibilbide kritikoa» beste bat dela diote, eta kokatzen dute «gutxienez susmoaren filosofoekin hasi zen tradizioan», erreferentzia gisa aipatuz «Frankfurteko eskolak, olatu feminista ezberdinek eta arrazaren teoria kritikoek egindako bidea» zein «gaur egungo teoria kuir, transfeminista, antiarrazista, postkolonial, dekolonial eta klase-zapalkuntzari buruzkoek eraikitako eztabaidagunean buruz buru gurutzatzen» diren ideiak. «Gatazken intersekzionalitatearen ideiari tiraka liburu hau ere saiakera bat da euskal gatazka eta gatazka feminista gurutzaketan pentsatzen jarraitzeko», alegia.
Soziologia eta literatur sorkuntza
Lehenengo ataleko kapituluek «marko eraberritu bat proposatzen dute gatazka armatua soziologiatik ulertzeko». Horretarako, «1980ko hamarkadan ezarritako diskurtsoak gainditzeko bildu ditugu 1960ko hamarkadaren eta 1990eko hamarkadaren irakurketa soziologikoak», eta horrek «genero-gatazkaren ardatza ikusgai egitea ekarri du ezinbestean».
Onintza Odriozolaren '60ko hamarkadako ETAko eta haren inguruko emakumeen testigantzak: erresistentziaren barruko erresistentzia' kapituluak gatazkaren hastapeneko hamarkadak ikertu ditu. Olatz Dañobeitiaren '90eko hamarkadako Ezker Abertzaleko emakumeen bizipenak: genero-erregimen ezberdinen arteko dantza(n)' kapituluak, berriz, azken hamarkadetako tartean jarri du arreta. Bietan, «emakumezko militantea erdigunean jartzeak ezinbestean dakar marko kritikoa ere aldatzea».
Bigarren ataletik aurrera literatur sorkuntzari begiratzen dio liburuak. Hau da, lehenengo atalak soziologiatik jarduten badu gatazka armatua ulertzeko, bigarren eta hirugarren atalek euskarazko sorkuntza literarioa ikertu dute. Estetikoa, diskurtsiboa eta afektiboa denaren uztarketa gisa, fikzio literarioa da ezarritako diskurtsoak betikotu edo zalantzan jartzeko esperimentazio-gune behinenetako bat. Atal bakoitzak alderdi ezberdinetik begiratu dio literaturari.
'Erdigunean indarkeriek dantzatzen gaituzte' izenekoa bigarren atalean «maskulinitatetik eraikitako gatazka armatuaren ikuspegia» aztertu dute autoreek. Ibai Atutxak 'Gizon terribleak. Genero-fikzioak eta desira-lurraldeak 78ko erregimenaren atarian' izeneko kapituluan, 'Elsa Scheleen' eta 'Egunero hasten delako' aztertu ditu garaiko ETAren dokumentuekin eta zinema popularrarekin batera. Iratxe Retolazak, 'Genero-desplazamenduak euskal nobelagintzan: espetxeari saiheska begiratzeko kokapen literarioak' kapituluan Bernardo Atxagaren 'Zeru horiek', Carmen Gisasolaren 'Gaur zortzi' eta Pako Aristiren 'Rosa itzuli da' eleberriak aztertu ditu. «Biek ala biek agerian uzten dituzte maskulinitate berrien betiko zapalkuntza-mekanismo zaharrak, baita maskulinitate iraultzaileenek ere errepikatzen dituztenak», diote.
'Indarkeriazko dantzen bazterreko ibilbideak' atalean gatazka kontzeptua zabaltzeko proposaturiko irakurketa kritikoekin itxi dute liburua. Eider Rodriguezen 'Bazterretik kontatu: generoa, identitate sexuala eta haurtzaroa euskal gatazkari buruzko literaturan kapituluak Joseba Sarrionandia, Juanjo Olasagarre eta Lander Garroren lanak jarri ditu elkarri begira. Lorea Azpeitiak, berriz, 'Jenisjoplin: gatazka politikoek zeharkatutako nortasun-eraldaketa bat' kapituluan, eleberriko protagonistaren bizipenetatik abiatu eta askotariko euskal gatazkak ekarri ditu azalera. Bukatzeko, Ane Villagranen 'No woman's land. Gatazkaren (h)egietan barna: euskal emakume olerkarien gatazka-guneen irakurketa' kapituluak, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea eta Castillo Suarezen lanak jarri ditu elkarrizketan.