Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Jabi Elortzaren hirugarren eleberria da 'Gezurren habia'.

'Gezurren habia', irakurle gazteengana iristeko ahalegin landua

Jabi Elortzaren hirugarren nobelak erakusten du, gazteek gogoko duten akzioz beteriko estilo irakurterrazean, norainokoa izan daitekeen arruntak ematen duten egoeren atzean dagoen iluntasuna

Nerea Azurmendi

Donostia

Osteguna, 28 maiatza 2020, 17:26

Comenta

Hiru eleberri idatzi eta argitaratu dituenenez, idazlea da Jabi Elortza (1973) «erdi bilbotar-erdi zumaiarra». Irakasle ere bada. Euskara irakasten du Zamudioko Bizkaia ikastetxean, DBHko ikasleak ditu, gehienak giro ez euskaldunekoak. Idazterakoan idazleak agintzen du, jakina, baina ikasleak euskaraz irakurtzera zaletzeko zailtasunak dituen irakaslearen kezkak oso nabarmenak izan dira 'Gezurren habia' (Elkar) eleberrian. Haien bila abiatu da hain zuzen Elortza. «Nire helburua izan da zerbait erakargarria egitea irakurzaletasuna bultzatzeko, nerabe eta gazteengan irakurtzeko grina bultzatzeko».

Aurretik argitaratutako 'Sara' (2017) eta 'Kinito egunak' (2018) nobeletan zer hobetua bazegoela pentsatuz, hirugarren honetan saiatu da «idazten hasi baino lehen gauza batzuk kontuan hartzen, gazte literatura egiteko oinarrizkoa baita nerabeentzat gustagarria den zerbait sortzea».

Izan ere, ez da erraza literatur lan batekin, are gutxiago euskarazkoa denean, irakurke gazteengana iristea. «Baditugu ikasleak den-dena irakurtzen dutenak. Badaude batzuk ezer irakurtzen ez dutenak, eta gero badaude beste batzuk ez dakitenak gustatzen zaien ala ez. Nik horiek engantxatu nahi ditut, zerbait apurtxo bat zaila ematen badiezu segituan alde batera uzten duten horiek», azaldu du.

Hurbilketarako estrategia

Horrenbestez, ikasleen izaera, zaletasun eta joeren ezagutzan oinarrituta, idazten hasi aurretik zenbait baldintza ezarri zizkion hirugarren nobelari, hurbilketarako estrategia finkatu zuen: «Deskribapenak alde batera utzi; deskribapenak jartzen dituzunean raiatu egiten dira. Elkarrizketa asko; izugarrizko garrantzia dute, testuari izugarrizko bizitasuna ematen diotelako. Telesail amaigabeak asko gustatzen zaizkienez, saiatu naiz berdintsu jokatzen: zurrunbiloa sortzen eta istorioa amaitzen gutxien espero duzun tokian. Girotzeko ordan, gaueko rolloa, diskoteka eta tabernetakoa, hirikoa. Beste ardatz nagusia izan da sare sozialak eta teknologia sartzea. Eremu horretan sortzen diren erronkak-eta batzuetan txantxetan hartzen ditugu, baina arazo larria bihurtzen ari da gure gazteentzat. Hori salatu nahi nuen».

Irakurle gazte iheskor horiengana iristen saiatzeko, pertsonaia nagusiak ondo aukeratzea ere ezinbestekoa da: «Neskak. Joko handia ematen dute neskek, eta mutilek baino gehiego irakurtzen dute. Adinari dagokionez, 13 urteko protagonista jartzen baduzu, 15ekoek ez dute irakurriko. 16-17koak badira, berriz, denek irakurriko dute».

Ondo pentsatutako osagai horiekin sortu du Ainhoa (17) eta Saioa (15) ahizpak eta haien lagun Ane (17) protagonista dituen istorioa. Ahalik eta sinesgarriena: «Saiatzen naiz istoro errealak sotzen, gertatu ahal direnak, beraiengandik hurbil egon daitezkeenak. Istorioarekin identifikatzen badira, engantxatu egite dira, eta irakurtzen jarraitzen duten.Bestela, segituan uzten dute liburua alde batera».

Istorio gogorra

Xabier Mendiguren editoreak nabarmendu duenez, irakurleak liburura itsatsita edukitzeko sortu duen istorioa, –istorio gogorra, hori biek nabarmendu dute, idazleak zein editoriak– etengabe doa korapilatzen.

Abiapuntua da Ainhoaren desagerpena. Gau batean irtengo da lagunekin eta ez da itzuliko etxera. Hain zuzen ere, bananduta dauden eta oso gaizki konpontzen diren gurasoekin txandaka partekatzen duten 'habira'. Bi ertzain, Mikele eta Antton, arduratuko dira ikerketaz, eta apurka-apurka, gezurrez gezur, joango da azaleratzen itxuraz perfektuak –ederrak, ospe handikoak...– direm neska horien eta ingurukoen bizitzaren atzean dagoen «kaka, txolopote gero eta handiagoa», irakurlea «gero eta errealitate makabroagoa deskubritzera daramana, hau noiz geldituko da?» galdetzeraino.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Gezurren habia', irakurle gazteengana iristeko ahalegin landua

'Gezurren habia', irakurle gazteengana iristeko ahalegin landua