Borrar
Xabier Mendiguren, 'Borrero txiki bat' aurkeztu aurretik. Gorka Estrada
Garai baten «deskribapen zehatz eta sakona», baina beste ikuspegi batetik
Xabier Mendiguren | 'Borrero txiki bat'

Garai baten «deskribapen zehatz eta sakona», baina beste ikuspegi batetik

Xabier Mendigurenek Ivan, guardia zibil baten semea, protagonista duen 'Borrero txiki bat' (Elkar) fikzioa kaleratu du

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 9 de abril 2025, 14:56

2023ko irailean 'Oso latza izan da' (Elkar) argitaratu ostean «esateko asko» geratzen zitzaiola nabarituta ondu du Xabier Mendigurenek 'Borrero txiki bat' (Elkar), Intxaurrondoko kuartelean bizi den Ivan, guardia zibil baten semea, protagonista duen eleberria. Lehenaren «lorratzean» kokatzen dela azaldu du, «inertziak arrastoan lan egitera» eramaten duelako idazlea, baina hura kronika zen bezala oraingoa «erabateko fikziozko» lana dela argitu du. Garaiko testuinguruari erreferentziak daude, baina istorioko «antza kasualitatea» dira.

«Antzeko gai, gertakari eta protagonistekin ikertzen jarraitu nuen, hemeroteka eta aurrez aurreko elkarrizketak eginez eta inoiz entzun gabekoak, isilduak kontatu zizkidaten batek baino gehiago», gehitu du. Une batean «kuartel horretan atxilotuak izandakoen bizipenak» konta zitzakeela otu zitzaion, baina konturatu zen «beste aldea» interesatzen zitzaiola. Lekukotza horien faltan proiektua alboratu zuen Martin Amisen 'The Zone of Interest' eleberria oinarri izanda Jonathan Glazerrek (Londres, 1965) aurkeztutako izen bereko film luzea ikusi zuen arte. Hura izan zen pizgarri edo motore. «Auschwitzeko kontzentrazio esparruko zuzendariaren emaztearen eta seme-alaben bizitza azaltzen du, baina ez dira ikusten atxilotuak, sufrimendua, heriotzak. Atzean daudela sumatu daiteke. Arrastoa eman zidan. Bizi daiteke horrorearen erdian ikusi eta ez ikusi eginez aldi berean».

Aintzane Muguruza gizarte-ekintzaileak iritzi du «garai hartan euskal herrian bizi genuen giroaren errelato edo deskribapen zehatz eta sakona» dela eta nobelak aukera eman diola idazleari «beste sakontasun bat» lortzeko «edonork sentituko zituzkeen sentipen eta bizipenen inguruan hausnartzeko». Hala, eleberriak «gaiari buruz hitz egiteko ikuspegi berria» dakarrela goraipatu du eta oraindik gehiago falta direla nabarmendu, esaterako emakumeena.

'Borrero txiki bat'

'Borrero txiki bat'
  • Egilea: Xabier Mendiguren.

  • Argitaletxea: Elkar.

  • Orrialdeak: 108.

  • Prezioa: 13,5 euro.

Idazteari ekitean «pertsonaiaren barruan» sartu nahi izan du Mendigurenek eta «istorio sinesgarria» sortzea izan du jomuga «konexio emozional unibertsala lortzea» baino. Ildo horretan, kritiko azaldu da bestelako lanak egiterakoan «manipulazio politikoa» egiten dutenekin. «Ikuspuntu politiko ezberdinak zilegi dira», argi utzi du, baina «denak tontoak edo gaiztoak» direla islatzea «mingarri» suertatzen zaiola. «Bakoitzak bere sentsibilitatea, istorio propioa, dauka, eta ikuspuntu desberdinak zilegi dira. Nik eskatzen diodan bakarra da bere talentua erabiltzen saiatu dadila istorio erakargarria idazteko eta honestitate intelektual minimo bat izan dezala».

«Ikuspuntu desberdinak zilegi dira, baina honestitate intelektual minimoa izan behar dute»

Egitura aldetik liburuak lau atal nagusi ditu, Ivan protagonistaren bizitza aroen arabera antolatuak. Lehenak haren jaiotzatik, 1973 urtetik, 1991ren bueltan unibertsitatean hasi aurretikoak biltzen ditu. Bertan jakingo du irakurleak haren gurasoak Linares (Jaen) herrikoak zirela, aita Guardia Zibil egin zela «lanerako aukera gutxi» zeudelako eta lehenik Zamoran egon ostean 1978-79 inguruan «igoera batekin edo» Donostiara destinatu zutela, hain zuzen Intxaurrondoko kuartela eraikitzen dutenean. Haurtzaroaz gain «bizikizunak, sentimenduak, kezkak, beldurrak, zalantzak» ageriko dira.

Beste hiruetan, «hainbat giro eta ustekabeko» zein «perspektiba, narratzaile eta estilo aldaketa» tarteko, 2016 bitartekoak islatzen dira. «Aniztasun tekniko» horrekin irakurlea «ezustean» harrapatzea bilatu du Mendigurenek. Ildo beretik doaz amaiera aldera aurkituko dituen gertakari edo elkarrizketak. «Adiskidetzeaz, biktima izateaz edo ez izateaz, aitortzaz, minaz eta hainbat kontuz pentsarazteko gako edo amuak», xehatu du.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Garai baten «deskribapen zehatz eta sakona», baina beste ikuspegi batetik