Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Xabier Mendiguren, 'Oso latza da' aurkezpenaren aurretik. Michelena

Xabier Mendiguren idazleak 'Oso latza da' eleberria argitaratu du

1981eko otsailean Joxe Arregiren atxilotze, tortura eta erailketa ostean eta «paraleloki» emandako gertakarietan oinarritu da egilea

Jon Agirre

Donostia

Osteguna, 7 iraila 2023, 18:32

Comenta

Zenbait urtetako isilune literarioa apurtu du Xabier Mendiguren idazle eta editoreak 'Oso latza izan da' (Elkar) eleberriarekin, kronika izaera duena baina «modu periodistikoan idatzia egon ordez, modu literarioan» garatu duena. Egilearen hitzetan, prosa estandarrean idatzi du Joxe Arregi zizurkildarraren 1981eko atxiloketa eta osteko tortura eta erailketa oinarri dituen liburua, literaturan, zineman eta oro har eskema narratibo guztietan, oso ondo funtzionatzen duen teknika baliatuta: oso desberdinak diren pertsonaiak elkartzea –Quijote eta Santxo jarri ditu adibide modura– eta istorioa garatzea elkartze horretatik.

Kasu honetan, Arregiz gain Juan Kruz Unzurrunzaga eta Vicente Ameztoy dira protagonistak. «hiruak oso izaera markatukoak eta oso zirkunstantzia desberdinekoak, bai soziologikoak zein psikologikoak». Ideia hartatik abiatuta hasi zuen idazteko zein dokumentatzeko lana, tartean Unzurrunzaga, Ameztoy eta Arregiren familiakoekin, lagunekin eta era bateko edo besteko ezagunekin hainbat elkarrizketa eginez. Bidean saiakera eta historia edo kazetaritza lanetik aldendu nahi izan du Mendigurenek, «Truman Capoteren Rodolfo Walshen estiloan fikziorik gabeko nobela» buruan izanda. «Ez naiz politologoa eta ez dut politikaz idatzi nahi izan, idazlea naiz, fikzioa idazten duena normalean. Kasu honetan ez dut fikzioa idatzi, baina idazteko modua bada nobelista batena», xehatu du.

Bide horretan elkarrizketak funtsezkoak izan dira eta eskertuta azaldu da. Ezezkoren bat ere jaso du, baina nahiago izan du lortutakoan zentratu. Liburua hezurmamitzen duten gertakariak «atxiloketatik bere heriotza eta ondoko argazkiratze horretara» bitartean kokatzen dira kronologikoki, denak «aski ezagunak». Era berean, paraleloki jazotako batzuk –Juan Karlos I.a errege zenean Gernikako Juntetxera bisita egindakoan HBko parlamentari eta batzarkideek 'Eusko Gudariak' abestu zutenekoa, «gertakari sinbolikoki garrantzitsua», edo ETAk Jose Maria Ryan Lemoizko ingeniaria bahitu eta erail zuenekoa– aipatzen dira Unzurrunzaga, Ameztoy, Arregiren bizitzekin batera. Beste batzuk, aldiz, «arrazoi literarioengatik» kanpoan utzi dituela aurreratu du, besteak beste «Arregiren galdeketetan parte hartu zuten polizien inguruko ikerketa, salaketa, epaiketa, indultu edo medaila jartzea; zizurkildarra ETAn ibili zenean egin zuena edo egin ez zuena» edo garai bertsuan gertatu ziren Tejerok Espainiako Kongresuan egindako estatu kolpe saiakera, '23F' bezala oroitzen dena, eta ETAko polimili atalak hartutako erabakia, emandako su etena, behin betiko izan zena eta erakundearen desegitea eta bere preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetu zuena.

'Oso latza izan da'

'Oso latza izan da'
  • Egilea: Xabier Mendiguren.

  • Argitaletxea: Elkar.

  • Estiloa: Eleberria.

  • Orri kopurua: 104.

  • Prezioa: 13 euro.

Ondo oroitzen du egileak istorioak sortutako harrabotsa eta Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak azaldu bezala «urte batzuk eta memoria historikoa pitin bat duten euskaldunei tamalez oihartzun egingo die oraindik» liburua izenburua ematen dion esaldiak, 'Oso latza izan da', «bere horretan, hitzez hitz, bere gordintasun osoan» Arregik esandakoa jasotzen baitu. Eleberria idazteko ideiaren lehen pizgarria, ordea, 2009an Amagoia Gurrutxaga kazetariak Berria egunkarian argitaratutako erreportajea izan zen, non Arregiren zenbait lagunek pentsatutako isilpeko plana kontatu zen: zizurkildarraren hilotza hilobitik jaso, hilkutxatik atera eta argazkiak egitea «torturaren gordina begien bistan jartzearren». 1981eko otsailaren 16an egin zuten, gauez, eta argazkiek mundu osoari eman zioten bira. Ia hamarkada eta erdiz «buruan, txoko batean», izan du Mendigurenek gaia eta pasa den udaberrian etorri zitzaion istorioari nola heldu eta eleberriari forma nola eman jakiteko argia.

Dokumentazio faserako egindako elkarrizketa eta ikerketek emaitzak eman ditu, Mendigurenek esan bezala «deskubrimenduren» bat badelako. Hein berean, arantzaren bat ere geratu zaiola onartu du, oraindik zer argitu geratzen delako, besteak beste Unzurrunzaga eta Ameztoyrekin batera hilobira joan zen sei pertsonako taldeko bi kideren izenak. «Haietatik bizirik daudenekin eta topatu ditudanekin izan naiz, baina ezin izan dut jakin argazkiak egin zituena eta talde horretan zen mediku bat, gorpua aztertzeko joan zena, nor ziren. Liburu honen ondorioz haiekin kontaktatzeko edo haien berri izateko modua sortzea espero dut», azaldu du.

Testuaren hainbat pasartek irakurleei «bihotzean atximur» egingo diela aurreratu du Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak

Liburua azken boladan identifikatu duen joera batean kokatu du Mendigurenek, «trantsizio politikoa zer izan zen gogoeta egiteko nahian» hain zuzen ere, batik bat adin batetik goragoengan. «Ez dakit nostalgia ariketa edo bizitzaren errepasoa den». Eta adibide modura jarri ditu, ostegun honetan aurkeztutako eleberriaz gain, iaz Pako Aristik Irunberriko segadari buruz plazaratutakoa edo Patxi Zubizarretak aurkeztu berri duen 'Sakonean, itsasoa ikusten da' saiakera.

Mendizabalek gaia gogorra izanda «tragedia modurik zintzoenean ehuntzeko» Mendigurenek izan duen gaitasuna nabarmendu du. «Zintzotasuna dario kronika literarioari, horixe da bere bertute handienetako bat». Editorearen aburuz eleberriak, denboraldi honetarako Elkarren lehenak, «ideien sakontasuna eta estiloaren sakontasuna elkarren kontra ez daudela» erakusten du. Hein berean, «sentimenduen indarra eta emozioen zirrara» azpimarratu nahi izan ditu eta testuko hainbat pasartek irakurleei «bihotzean atximur» egingo diela aurreratu du, «errukia sortu eta amorrazioa eta hainbat emozio piztu»

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Xabier Mendiguren idazleak 'Oso latza da' eleberria argitaratu du

Xabier Mendiguren idazleak 'Oso latza da' eleberria argitaratu du