Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Pako Aristi, orain dela 35 urte argitaratu zuen liburuaren edizio berri eta zuzenduarekin.

Euskal kantagintza berria ez ezik izugarri indartsua zen garaietako kronika

Aspaldi agortuta zegoen 'Euskal kantagintza berria (1961-1985)' berrargitaratu du Ereinek, Pako Aristik 21 urte zituela idatzi zuen liburu ausarta

Nerea Azurmendi

Donostia

Osteguna, 21 maiatza 2020, 17:52

Comenta

'Euskal kantagintza berria (1961-1985)' argitaratu zenean jaio zirenek 35 urte bete edo beteko dituzte aurten. Idatzi zuenean, 21 zeuzkan Pako Aristik (Urrestilla, 1963). Tamalez, joanak dira liburuko zenbait protagonista; zorionez, sasoiko ditugu beste asko, eta zenbait kasutan jardunean. Euskal kantagintzaren nondik norakoak ezagutzeko erreferentziazkoa izaten jarraitzen duen liburua Erein argitaletxeak enkargatu zion, Bernardo Atxagaren gomendioz, garai hartan kazetaritza ikasle gazte bat zen Pako Aristiri. Ereinek berak berrargitaratu du, zuzendua eta Aristiren lana orainaldira dakarren Jon Eskisabel adituaren hitzaurrearekin. Iñaki Aldekoa editoreak azaldu duenez «aspaldi agortuta zegoelako, eta jende askok eskatzen zigulako».

Liburua ez da bakarrik etorri, «Pakoren bi klasiko» berrargitaratu baititu Ereinek batera, kronikatzat har daitekeen euskal kantagintzari buruzkoa eta 'Kcappo, tempo di tremolo' nobela, hori ere 1985ean argitaratua. Biek partekatzen duten merituetako bat da, editorearen aburuz, idazlearen «naturaltasuna eta freskotasuna».

'Kazetaritza berriaren' bidetik

Aurkezpenean, Pako Aristik gogoratu du nola, enkargua jaso zuenean, «pozarren eta zoriontsu» ekin zion liburua egituratzeko formula egokia bilatzeari. Iragan mendeko 60ko hamarkadaz geroztik kazetaritza berritu zuten zenbait kazetari/idazle estatubatuarrek -Tom Wolfe, Norman Mailer, Gay Talese eta beste- 'Rolling Stone' aldizkarirako egindako lanaren berri bazuen Leioako fakultateko zenbait irakasleren irakaspen eta iradokizunei esker, eta bide hari heltzea erabaki zuen. Ausardiaz jokatzea, alegia. «Erreferente faltak eraman niduen arriskatzera», adierazi du Aristik.

«Aitortu beharra behar eta merezi baino presentzia txikiagoa dutela emakumeek liburu honetan»

«Egituran hiru elementu planteatu nituen: elkarrizketak kantari eta talde esanguratsuenei; hemeroteka lana eta hori dena aurkeztea fikzioaren bidez, istorio xume bat asmatuta» azaldu du. Istorioa aurrera daramatenak dira elkarrizketak egiteko Euskal Herria korritzen duten idazle bat eta auto-gidaria; Pako Aristiren eta garai hartan Ereineko presidente zen Asentxi Ondarzabalen 'alter egoak', liburuan Leonard bilakatutako Ondarzabalek eraman baitzuen batetik bestera karneta bai baina kotxerik ez zeukan Aristi.

«Euskal Herria zeharkatuko dugu zortzi egunean, kantariak edo taldeak sortu diren herriak bisitatuz», idatzi zuen sarreran, ibilbidea eta hainbat solaskideren izenak aurreratuz. Horrelaxe egin zuten, kantari bakoitzarekin orduak pasatuz, musikaz eta beste zenbait gaiez mintzatuz, haien egunerokotasuna partekatuz, anekdotak pilatuz...

Hor azaltzen dira hiru L handiak (Laboa, Lete eta Lertxundi), hilerrian bisitatu zuten Mixel Labeguerie, Imanol, Peio eta Pantxoa, Txomin Artola, Ruper, Lourdes Iriondo, Urko, Niko Etxart, Gorka Knörr... Baita zenbait talde ere: Errobi, Haizea, Itoiz, Izukaitz, Jotakie, Orbela, Oskorri, Hertzainak...

Jarraipenik gabea

80ko hamardaren erdialdera arte musikaz eta kulturaz haragoko eragina eta izugarrizko indarra izan zuen euskal kantagintza berriaren lekukotasun zuzenekoa eskaintzen duen lana izateaz gain, kazetaritza ariketa ere bada Aristiren liburua. «Elkarrizketa oso luzeak egiten nituen, eta gero fragmentatu egiten nituen, gai bati buruz ikuspegi diferenteak eskaintzeko. Idazketa kaleidoskopikoa baliogarria iruditu zitzaidan irakurlea ez aspertzeko, eta idazterakoan irakurlea ez aspertzen saiatu izan naiz beti».

Zortzigarren batek bere baitan hartzen dituen zazpi ataletan jaso zituen 1961tik 1985era bitartean antzemandako etapak: Mixel Labegueriren gisako aurrekarietatik 80etako pop-rockeroetara. Azaltzen diren eta ez diren kantariei dagokienez, inoiz izan da kritikatua Aristiren hautaketa. Berak argitu du hiru irizpide nagusi erabili zituela: kantaria izatea, abesten zituen kantak beraxek sortzea eta euskaraz kantatzea.

Aitortu du, edonola ere, «gutxiengoa izanda ere behar eta merezi baino presentzia txikiagoa dutela emakumeek. Halakoak ziren garaiak». «Horrela egin nuen esperantza neukalako etorriko zirela gehiago, norbaitek egingo zuela beste historia bat, baina hori ez da gertatu», esan du. Gertatzen den artean, hor dago orain dela 35 urtekoa, kontu zaharrez betetako liburu berritzailea, berria balitz bezala irakurtzen dena eta 'euskal kantagintza berria' izena eman zitzaion mugimendu indartsu haren protagonista nagusien soslai oso bitxiak eskaintzen dituena.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal kantagintza berria ez ezik izugarri indartsua zen garaietako kronika

Euskal kantagintza berria ez ezik izugarri indartsua zen garaietako kronika