Borrar
Iñaki Martiarena, Altzan. Lan interesgarria egin du azkenaldian bertako ikasleekin. usoz

«Denok izan nahi dugu sortzaile, baina horretarako bideak eskaini behar dira»

'Kamishibaizalea' liburua argitaratu berri du Iñaki Martiarena 'Mattin'-ek, azken urteotan lantzen ari den arloari beste ekarpen bat eginez

nerea azurmendi

Larunbata, 11 ekaina 2022, 17:54

Comenta

'Mattin' ezizenarekin ezagunagoa den Iñaki Martiarena Otxotorena (Donostia, 1967) komikigile eta ilustratzailearen lanak askotarikoak eta ugariak dira. Ez dira sormen lan pertsonaletara mugatzen, aspaldian baitabil bestelako eginkizunetan, haurrekin gehienbat, baina baita familia eta helduekin ere.

Izan ere, Informazio Zientzietan lizentziatu ostean, iragan mendeko 80ko hamarkadaren azken urteetan lanean hasi zenez geroztik esparru ugaritan gauzatu du Mattinek komunikaziorako eta marrazketarako duen gaitasun bikoitza. Euskarazko hedabide nagusietan aritu da (gaur egun, Berria egunkariko Mantangorri haurrentzako gehigarrian jarraitzen du bizirik Belardo beteranoak...), eta ilustratzaile gisa argitaratu dituen liburuen zerrenda ere ez da nolanahikoa.

Azken urteotan, oso kutuna duela igartzen zaion alderdi anitzeko proiektu bat darabil esku artean, 'kamishibai' teknika narratibo japoniarrean oinarritua. Ildo horretan kokatzen da, alegia, Denonartean etxearen eskutik argitaratu berri duen 'Kamishibaizalea' liburua (36 orrialde, 15 euro).

Kamishibai teknikak datza, funtsean, formatu handi samarreko paper-orrietan marrazkiak egitean eta, publikoari ilustrazioak erakusten zaizkion bitartean, atzealdean idatzita dauden testuak irakurtzean. «Ikusi nuen hutsune handi bat zegoela, kamishibaia apenas landu dela euskaraz. Bide berri bat zen, erronka berri bat, eta niri beti gustatu izan zaizkit erronkak», dio Iñaki Martiarenak.

2018an, sorkuntza beka baten bidez, «arnasa hartzeko aukera izan nuen Nekatonean, eta hor ohartu nintzen bazeukala potentzial handi bat, bazeukala zerbait gizarteari eskaintzeko». Izan ere, Hendaian kokatuta dagoen Nekatonea baserrian garatu zuen proiektuaren helburua zen «ipuin bat sortzea eta publikoarentzat saioak eskaintzea».

Arkaltza proiektuari dagokion liburua, eta kamishibai motako kontakizunera egokitutako marrazkiak. usoz

Egonaldi hark ez zuen ekarri proiektu zehatz baten amaiera, zerbait zabalagoaren hasiera baizik: «2018 urtetik aurrera erabili dut kamishibaia egitasmo hezitzaileak egiteko», dio, gehituz liburua argitaratu izana garrantzitsua dela, aukera berriak zabalduko dituelako saioak egiten jarraitzeko.

«Ni poxpoloa naiz»

Kamishibaitik gustatzen zaio, batik bat, «hitza eta irudia uztartzea, hitzaren eta irudiaren ibaia sortzea. Beste esparru batzuetan ere horretan ibiltzen naiz, eta bien arteko harremana ez da beti atsegina izaten». Formatua ere aproposa da: «Oro har DinA3 papera erabiltzen da, eta horri esker leku gehiago daukazu idazteko eta beste grafika bat garatzeko».

Sortzeko, kontatzeko eta entzuleekin harremantzeko modu horrek eskaintzen dizkion aukerak esparru desberdinetan baliatzen ditu, asmo hezitzailez gehienetan. Besteak beste, ingurumen arlokoetan, eta Altza auzoko ikastetxeetan, non Arkaltza proiektuaren bitartez kamishibaia erabiliz artea landu duten ikasleek.

Berez, edozein gai edo eremutara zabal daitezke kamishibaiean oinarritutako saioen onurak, jakinik betiere zer den eta zer ez den. Argi uzten du ez dela ikuskizun bat, eta bera ez dela protagonista, baizik eta bitartekari. «Elkartzen gara haurrekin zein helduekin. Nik irakurtzen dut ipuina, marrazkiak erakusten dizkiedan bitartean, baina bukaera ez dut eskaintzen. Publikoak irudikatu behar du zein den kontakizunaren amaiera. Jendeak jarraitzen du kontakizuna, nik zubilana egiten dut, poxpoloa naiz. Ikastetxeetan egiten ditudan beste jarduera bazuetan bezala, saiatzen naiz oreka bat bilatzen, eta tarte horretan sortzen gune literario atsegina, hezitzaile 'zama' hori alde batera uzteko».

Tramsmisioaren garrantzia

Oso aberasgarria iruditzen zaio saioetan sortzen den hartu-emana. «Komunikazioa dago, nik jasotzen dut publikoarengandik, eta niretik ematen diet. Alde horretatik, transmisioaren garrantzia azpimarratuko nuke. Ibilbide pertsonalean, denok bezala, etapak ari naiz igarotzen, eta uste dut transmisioaren arloan ere badudala zerbait ekartzeko, belaunaldi berriek jaso dezaten gure ondarea».

Beste jarduera batzuen bidez ere harreman handia du haur eta gaztetxoekin, baita irakasleekin ere. Eta, bere jardunaren arlo honetan, tresnak eskaintzea du egiteko nagusietako bat: «Ahoz aho darabilgun hitza da sormena, denok sortzaile izan nahi dugu, baina horretarako bideak eskaini behar dira, eta nik egiten dudana da horretarako aukera eman, lekua prestatu».

Aurrekoengandik jasotakoa eta 30 urtetik gorako bidean ikasi duena partekatzen ari da, hain zuzen, Mattin, eta erakusten bidez batez heziketa, gogoeta, sorkuntza eta gozamena bateragarriak direla.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Denok izan nahi dugu sortzaile, baina horretarako bideak eskaini behar dira»

«Denok izan nahi dugu sortzaile, baina horretarako bideak eskaini behar dira»