Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Garazi Conde Orube

'Ene baitan bizi da', amatxik gordeta zeuzkan oroitzapen eta bizipenak

Maddi Ane Txoperenak gaztetan neskame ibilitako emakumeak eta haien istorio ahantziak bilakatu ditu protagonista bere aurreneko nobelan

Nerea Azurmendi

Donostia

Astelehena, 25 maiatza 2020, 15:23

Comenta

Elkar Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Ipar Euskal Herriko euskal idazle gazteen proiektuak sustatzeko sortu zuten Gazteluma bekaren laguntzarekin gauzatu ahal izan du Maddi Ane Txoperenak (Hendaia, 1994) buruan aspalditik zerabilen proiektu bat: literaturara eramatea, 'Ene baitan bizi da' eleberriaren bitartez, gaztetan sortetxea eta herria utzi eta neskame joan ziren emakumeen oroitzapen, istorio eta bizipenak.

Hendaian jaioa izanagatik, Txoperenak lotura handia izan du txikitatik Lesakarekin. Bertan bizi da gaur egun, kazetaritza -Berrian egiten du lan-, bertsolaritza eta antropologiaren inguruko ikerketak uztartzen dituela. Bere aurreneko nobelaren aurkezpenean azaldu duenez, hiruzpalau urte zeramatzan «1950-70 urteen artean Ipar Euskal Herrira eta Frantziara, Pariseraino ere bai, neskato edo neskame joan ziren Baztan, Malerreka eta Bortzirietako emakumeen inguruan idatzi nahirik».

Istorio ustez xumeak, garrantzi handirik gabeak, gehienez ere etxekoei kontatzeko modukoak. «Eskualdeko gai inportante bat iruditzen zitzaidan, baina konturatu nintzen ez zela hitz egiten horretaz. Aldiz, askoz gehiago hitz egiten zen Ameriketara artzain joan ziren gizonezkoez, kontrabandoan aritzen ziren gizonezkoez, nahiz eta kontrabandoan emakumeak ere aritu».

Amatxi-bilona, alaba-aita

Emakumeen istorio txikiak ziren, alegia, jarduera hutsala balitz bezala hartua izan den zaintzari lotuak gainera, «emakumeen historiari garrantzirik ematen ez dion historia partzialean» tokirik ez dutenak. Maddi Anne Txoperenarentzat ez ziren haatik kontu arrotzak, horrela ibilia baitzen bere amatxi.

Antropologiaren ikuspegitik heldu nahi izan zien aurrena «txikitatik entzundako istorioei», baina konturatu zen elkarrizketatu nahi zituen emakumeek ere ez ziotela garrantzirik ematen beraiek bizitakoari, ez zutela interesetik gai 'serio' bilaka zedin.

«Gaia literaturara ekartzea pentsatu nuen» esan du, eta emaitza izan da Elkarrek argitaratu berri duen 'Ene baitan bizi da' nobela, bi hari nagusi eta bigarren mailako hirugarren bat uztartzen dituena. Hari nagusiei eusten dieten emakumeak dira Marie, Parisen Zientzia Politikoetako ikasketak egiten ari den Donibane Lohizuneko neska gaztea eta Josefina, haren amona, gaztetan neskato lanetan aritua. Ikasketei lotutako lan bat bukatzeko asmoz udapasa amatxiren baserrira joandakoan izango du Mariek Josefinaren iraganeko esperientzien berri. Amona-biloben istorioak tartekatzen joango dira kapitulu motzetan egituratutako eleberrian, eta hirugarren hari bat ere bilduko zaie, batak aita eta besteak seme duen Jose Luisena, Beratik ihes egin ondoren Donibane Lohizunen errefuxiatu zena.

Pertsonaia horien arteko harremanek gai ugari lantzeko aukera eman diote idazleari. Liburua aurkezteko zabaldu duten oharrak dioen bezala, «neskato ibilitako emakumeen errealitateak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodio istorioak, laneko sufrimenduak, gatazka politiko baten ondorengo testuinguru baten ezinak, amatxi-biloba eta alaba-guraso harreman korapilatsuak. Guzia etorkizunaren eta orainaren arteko zubi jolas batean».

Argi utzi du idazleak 'Ene baitan bizi da' ez dela historia liburu bat; aitzitik, hasieran saiatu zen egiantzekotasuna bermatzen, baina baldintza hori alde batera utzi arte ezin izan zuen hasi «askeago idazten». «Ipuin txikiak balira bezala ere irakur daitezkeen kapitulu motz» horietan irakurleak dastatuko ditu Nafarroako eta Lapurdiko euskaren ñabardurak, historia bera gertatzen den eremuan hori baita mintzatzen eta entzuten dena. «Bortzirietako eta Lapurdiko euskalkiek antzekotasun handiak» dituztenez, kazetaritzan ere batua bertakoarekin aberasteko joera duen Txoperenari naturala egin zaio horrela idaztea. Lurralde horietakoak ez diren irakurleei ez dizkie gauzak konplikatu nahi izan. Oso bestelakoa da hain zuzen idazlearen asmoa, eta saiatu da irakurketa ahal beste samurtzen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Ene baitan bizi da', amatxik gordeta zeuzkan oroitzapen eta bizipenak

'Ene baitan bizi da', amatxik gordeta zeuzkan oroitzapen eta bizipenak