Borrar
Mota askotako erronkei egin behar izan die aurre Idoia Santamariak Sebalden azken liburua euskarara ekartzeko. arizmendi
«'Austerlitz' ez da liburu erraza, baina hor gelditzen da betiko zurekin»
Liburuak

«'Austerlitz' ez da liburu erraza, baina hor gelditzen da betiko zurekin»

W. G. Sebalden «artefaktu narratiboa» euskarara heldu da, Igela etxearen eta Idoia Santamaria itzultzailearen eskutik

nerea azurmendi

Sábado, 12 de marzo 2022

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Baliteke ideia txarra ez izatea Lander Majuelo Igela argitaletxeko editoreak eta Idoia Santamaria Urkariaga itzultzaileak aste honetan aurkeztu duten W. G. Sebald idazle alemaniarraren 'Austerlitz'-en irakurketari 371. orrialdean ekitea. Hortxe hasten da, hain zuzen, Joseba Sarrionandiaren gibel-solas laburra.

'Hil osteko narratzailea' izenburupean, W. G. Sebald (Wertach, 1944-Norfolk, 2001) bere garaian kokatzen du Sarrionandiak. 'Austerlitz' «artefaktu narratiboa» kokatzen du, berriz, eleberria argitaratu eta hilabete gutxira, 57 urte zituela, istripuz hil zen Sebalden «aparteko literatura obran». Jakinarazten du, halaber, nola heldu zion W. G. Sebaldek ariketa ia ezinezko bati: XX. mende kontagaitza Jacques Austerlitzen eta «hil ostekoa ematen duen» narratzaile baten bidez azaltzen saiatzeari.

LIBURUA

  • Izenburua: Austerlitz.

  • Egilea: W.G. Sebald (1944-2001)

  • Itzultzailea: Idoia Santamaria Urkaregi.

  • Argitaletxea: Igela.

  • Orrialde kopurua: 374.

  • Salneurria: 24 euro.

Hurbilketa leuntzen duen atarian arnasa hartuta zein argitasunak azkenerako utzita, 369 orrialdeko eskailera pikoa du aurretik irakurleak. Errazago igoko du Idoia Santamariak jarri duen eskubanda eder eta sendoari esker. Ahalegina ez dio inork aurreztuko, baina mailaz maila joango da 'Austerlitz'-en murgiltzeak dakartzan bateko eta besteko sariak jasotzen. Ez da nolanahiko bidaia.

2020ko udan Igelan editore hasi aurretik Alemanian bizi zen Lander Majuelo, eta handik ekarri zuen 'Austerlitz' euskaratzeko asmoa, jakinik oso-oso zaila dela jatorrizkotik beste edozein hizkuntzatara eramatea, Sebaldek duelako «estilo zehatz bat ezin dena gaizki itzuli», gaizki itzultzen bada ezerk ez duelako zentzurik. Alain Urrutia artistaren azala duen liburuaren maketa ere bereziki konplikatua izan da, testuaren puntu zehatz batzuetan joan behar duten 84 irudi baititu.

Iraganaren zama

II. Mundu Gerra bukatu baino urtebete lehenago jaio zen Winfried Georg Maximilian Sebald Bavierako herri txiki batean. Aita, bere belaunaldiko gehienen aitak bezala, gerran parte hartutakoa eta bi urtez Errusian atxilo egondakoa zen. Aurreko belaunaldiak egindakoa asimilatu eta kudeatu behar izan zuten Sebalden belaunaldiak eta hurrengoek, eta gurasoei galdetu «zer egin zenuten gerran?». Hau da, zergatik ez zenuten gehiago egin nazien aurka?. «Familia asko puskatu zituen galdera horrek», esan zuen editoreak.

«Esplizituaren azpitik doan hori da aztoratzen nauen gauza bat, ikaragarri zaila eta ikaragarri eraginkorra»

Idoia Santamaria

Itzultzailea

«'Hau eta hau gertatu zen' bota beharrean, esan ezin dena esateko eta minaren printzak emateko modu bat da eleberri mota hau»

lander majuelo

Editorea

W. G. Sebalden aurrera jarraitzeko modua izan zen 20 urterekin «bere herriaren legatu politikoari, kulturalari ez» uko egin eta Alemaniatik alde egitea. Erresuma Batuan irakasle zela hasi zen eleberriak idazten, 43 urterekin, «nahastuz memoriak, bidaia kronikak, analisi literarioak, historiako gertakarien azterketak...». Lau liburu sailkagaitz argitaratu zituen 11 urteren buruan. Majueloren hitzetan, «zuzenean bota beharrean 'hau eta hau gertatu zen', eleberri mota hori da modu bat esan ezin dena esateko eta minaren printzak emateko».

Itzultzaile gisa gailur zail askoak menderatu izan ditu Idoia Santamariak, baina 'Austerlitz' euskarara ekartzeak txiki utzi ditu aurreko igoerak. «Nola arraio itzuliko dut nik hau?» pentsatu omen zuen enkargua jasotzean, baina gogoak gaina hartu zion beldurrari, eta ekin zion askoren laguntzarekin –Juan Gartzia, Xabier Olarra, Beñat Sarasola, Alfon Mujika eta beste zenbaiten eskuzabaltasuna eskertu zuen– onik eta pozik amaitu duen espedizioari.

Denetariko zailtasunak

'Austerlitz' nobela bat edo bestelako zerbait den ebaztea ez da erraza, nahiz eta nobelaren moldea izan Sebalden lan honetatik hurbilen dagoena. Austerlitz izeneko pertsonaiaren eta narratzaile anonimoaren arteko elkarrizketa luze bat da hari nagusia. Elkarrizketa kontatua, ez zuzenekoa, eta denetariko digresioz josia.

Horietako asko «Sebalden jakintza infinituaren» isla dira, eta itzultzailea behartu dute gai desberdin askori buruz –arkitektura, tximeletak, astronomia...– dokumentatzera. Toponimiak ere eman dio lana, baina Sebalden kontatzeko modu guztiz partikulakarra euskaraz ematea izan da zailena.

«Oroitzapenak izaten ditugun bezala dago kontatua. Nahasten dira oroimenak, liburuetako pasarteak, bidaiak... Ez dago ordena kronologikorik, jauzika doa, eta formak ere horri erantzuten dio: hasieratik bukaerara paragrafo ia bakarra da; hiru eten txiki ditu, eta elkarrizketa markarik ere ez dago», azaldu zuen Santamariak.

Irakurleak irudika dezan norainokoa izan den erronka, badago 11 orrialdeko esaldi luze-luze-luze bat, «Theresienstadt-eko kontzentrazio esparruko lanen berri ematen duen letania moduko bat», itzultzailea behartu zuena malguegia ere ez den euskal sintaxiarekin akrobaziak egitera.

«Liburu osoa blaitzen duen eta txoko guztietara iristen den lur azpiko korronte geldo bat» bideratu behar izan du itzultzaileak. Hori euskaraz eman ahal itzateko, «kadentzia luze, geldo» baten aldeko hautua egin du, «letania tonuari» eutsiz, «Sebald izaten jarraitu eta aldi berean irakurtzeko modukoa» izan dadin.

Izan ere, Sebaldek «idazkera bera bihurtzen du historiaren gidari eta kontakizunaren giro-sortzaile nagusi». Denok dakigulako zertaz ari den, baina dakigun hori guztia kontatzen duelako, iradokitzen duelako, modu sotil eta isilean. «Holokaustoa 'Austerlitzen' azaltzen da lehen aldiz, beste liburuetan ez da aipatzen, baina sentsazioa duzu ez zarela beste ezertaz irakurtzen ari. Esplizituaren azpitik doan hori da aztoratzen nauen gauza bat, ikaragarri zaila eta ikaragarri eraginkorra», adierazi zuen Idoia Santamariak. «Gaur egun denak izan behar du tragatzeko erraza», gogoratu zuen. 'Austerlitz' ez da era horretako mokadua: «Ez da liburu erraza, baina hor gelditzen da betiko zurekin, eta gelditzen da sakonean».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios