Borrar
Garikoitz Goikoetxea, Donostian astelehen honetan aurkeztuko duen 'Esnatu ala hil' liburuarekin. Felix Morquecho

'Esnatu ala hil' | Iñaki Iurrebaso eta Garikoitz Goikoetxea

«Atxikimendua da euskararen indargune nagusia; gaitasuna, hutsune handiena»

'Esnatu ala hil' liburua aurkeztuko dute gaur Iñaki Iurrebaso eta Garikoitz Goikoetxeak, euskaltzaleari ekarpena egiteko lan mamitsua

Gaizka Lasa

Donostia

Astelehena, 8 iraila 2025, 02:00

Comenta

Euskararen indarberritze-prozesuaren momentu giltzarri honetan, hizkuntzaren oraina eta geroa ulertzeko zenbait gakorekin datoz Iñaki Iurrebaso (Legazpi, 1967) eta Garikoitz Goikoetxea (Elduain, 1989) Elkar argitaletxearen eskutik. Soziolinguistika alorrean ikertzaileak dira biak ala biak eta gaur aurkeztuko dute Donostian ondu berri duten liburua. Ezin izan diote izenburu iradokitzaileagorik jarri: 'Esnatu ala hil'.

Kontzientzia suspertzeko esamoldea da. Iurrebasoren ustetan «euskara ez da hilko hurrengo 20 urteetan, ez hurrengo 50 urteetan, ezta 100 urte barru segur aski. Baina bai hartu dezake joera bat geroz eta gehiago gutxitzearena, hainbat alderditan ahultzearena, eta horrek epe luzera ekarriko luke Irlandako eredura hurbiltzea eta hizkuntza bizia izatetik hizkuntza ahulagora pasatzea. Badaude elementuak pentsatzeko zerbait ez bada egiten serio, etor daitekeena hori dela».

Iurrebasoren tesiak zeresan handia eman du eta hortik abiatu da lan hau. Goikoetxeak dio «tesi horretan bazegoela gizarteratzea merezi zuen eduki interesantea euskaltzalea den jendearentzat. Oinarria hor zegoen. Egin duguna da tesia gaurkotu, 2016ko datuetan oinarritua baitzegoen, eta datuak ondo interpretatzen saiatu diagnostiko baterako pista batzuk emateko. Giroa ikusita zein den, ekarpen bat egitea izan dugu xede».

«Euskara ez da hilko hurrengo 100 urteetan ere segur aski, baina bai har dezake joera bat geroz eta gehiago gutxitzearena»

Iñaki Iurrebaso

Legazpi, 1967

Euskararen benetako osasun egoera aztertuta, zabalduta dauden uste batzuk desmuntatu dituzte. «Esaterako, askotan errepikatu dugu euskararen arazo nagusia erabilera dela. Erabilera baxua dela eta ezagutza gero eta handiagoa. Guk ez dugu ondorio hori ikusi, baizik eta iruditzen zaigu euskarak duen hutsune handienetako bat gaitasuna dela. Inportantea da gaitasuna eta ezagutza bereiztea. Gauza bat da euskara jakin ala ez jakin, eta bestea euskara zein neurritan jakin, gaztelaniarekin eta frantsesarekin alderatuta batez ere».

Bakoitzak ikusiko du botila erdi hutsa ala erdi betea dagoen, baina Goikoetxearen esanetan «daukagun gaitasun horretarako, aukera horretarako, erabilera ez da baxua, altua baizik. Eta horrekin lotuta ateratzen dugu bigarren ondorio bat: atxikimendua dela gure indargune handienetako bat. Alegia, euskaldunek badaukatela euskararako joera, eta nahiz eta haizea kontrakoa izan, euskararen erabileraren alde egiten dutela. Datuak bestela ezin dira ulertu».

Izan ere, zenbaki gordinetara joanez gero, Iurrebasok hauxe azpimarratzen du: «Euskaraz erdaraz baino errazago egiten duten hiztunak % 8a dira. Hori oso kopuru txikia da. Izan ere, gero datu hori erabakigarria da gauza askotarako, besteak beste erabilera handiagoa edo txikiagoa edukitzeko joerarako. Errazena da denak ezagutzen dugun hizkuntzara jotzea. Hori da gaitasunean dugun oinarri ahularen adierazgarri bat. Bestalde, euskaraz ez dakitenak, gaztelera edo frantses hiztun ele bakarrak, ia %70a dira. Euskaraz bakarrik hitz egiten dakitenak, berriz, % 0,5a. Hor dagoen desoreka ikaragarria da».

«Jendea esnatu»

Honen aurrean, zer? Gogoeta piztu nahi du liburuak, Iurrebasok dioenez. «Lan honek izan nahi du ekarpen bat. Azterketa egoki bat jendearen esku jarri nahi dugu batetik; eta, bestetik, jendea kontzientziatu: esnatu beharra dagoela ikusarazi eta euskararen gaiari berriro ere beste zentralitate bat, beste garrantzia bat eman behar zaiola adierazi».

Euskaltzaleak izan dituzte egileek buruan batik bat. «Esnatzeko dei hori batez ere eurentzako mezua da», aitortu du Goikoetxeak. «'Hil' hori ez dugu hil kanpaiekin lotzen, baizik eta kanpaiak nahi ditugu jendea esnatzeko. Euskarak indargune duen atxikimendu hori are gehiago elikatu behar dugu. Une honetan dugun testuinguruarekin euskararen erabilera handituko bada eta handitzeko aukerarik baldin badago, hori derrigorrez atxikimenduaren bidez lortuko dugu. Izan ere, hizkuntza erabiltzeko oinarrizko aldagaietako bat beharra da, eta objektiboki begiratuta, Euskal Herri gehienean behar objektiboa duten hiztunak ez dira asko. Behar objektibo horretatik dezente haragokoa da erabilera, jende askok hautu hori egiten baitu. Derrigorrez hori elikatu behar dugu». Hori esanda, «egiturazko neurriak ere hartu behar ditugu. Ezin dugu hiztun partikularren bizkarrean utzi hori egitea».

«Behar objektibo horretatik dezente haragokoa da euskararen erabilera eta derrigorrez hori elikatu beharra daukagu»

Garikoitz Goikoetxea

Elduain, 1989

Lehendakariak ere 'jauzia' aipatu du, eta Goikoetxeak uste du «azken urteotan adostasun bat zabaldu dela momentu klabe batera iristen ari garela. Diagnostikoan ados bagaude, neurriak hartzea falta da. Euskarak momentu honetan daukan erronkaren tamainari erantzungo dioten neurriak hain zuzen ere. Espero dugu hori ere etorriko dela».

Berriki Jaurlaritzak doakotasunaren bidean egin duen urratsa, hots, A2 mailako ikasketak ere debalde eskaintzea, positibotzat hartu dute bi idazleek, baina ez nahikotzat. «Behar duguna da ezagutzatik harago gaitasuna elikatuko duten neurriak, ikastetik harago, erabilerarako modua ekarriko diguten neurriak. Liburuak esaten du behar ditugula arlo askotako neurriak eta aldi berean behar ditugula neurri fokalizatuak. Behar ditugu neurri orokorrak baina baita lurralde estrategia bat: 'café para todos' bai gauza batzuetarako, baina tokian tokiko errealitatera egokituko diren neurriak ere bai».

Arnasguneak hizpide ditu lan honek eta migrazio fluxuen eragina ere jaso du, baina asko aipatzen duen kontzeptua «olatuarena da. 1960ko hamarkadan olatu handi bat eduki zuen euskarak. Neurri handi batean horri esker iritsi gara egungo egoerara. Baina badugu sentsazioa olatuaren inpaktua gero eta txikiagoa ez ote den. Nolabait beste olatu berri bat etortzen ez bada, aurrekoaren eragina ahultzen joan daiteke». Sakonean, esnatu ala hil.

«Erronka izan da oso kafeteroentzat ez izatea liburu hau»

Helburu irmo batek gidatu ditu Iurrebaso eta Goikoetxea liburua idazterakoan. «Erronka izan da oso kafeteroentzat ez izatea. Horientzat doktore tesi bat badago 1.000 orrikoa, nahi adina taula, grafiko eta zenbakiekin. Oinarria hortik hartu dugu, baina erronka izan da erraz irakurtzeko liburua izatea, lotuta adibideekin edota proposamenekin. Ia obsesionatzerainoko lehentasuna izan da hori: 'esaldi hau ez da ondo ulertzen', edo 'edo kontzeptu hau zaila da'... Ahalegina hortik joan da, hain zuzen ere sumatzen dugulako euskaltzale jende asko dagoela, grina edo kezka horrekin. Horientzat da bereziki lan hau».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Atxikimendua da euskararen indargune nagusia; gaitasuna, hutsune handiena»

«Atxikimendua da euskararen indargune nagusia; gaitasuna, hutsune handiena»