Abentura, intriga, detektibeak eta piratak
Miren Agur Meabe Haur eta Gazte Literaturara itzuli da 'Urrezko duna' (Erein) liburuarekin
Beti izan du kuttun Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) haur eta gazteentzako literatura eta «aspaldiko partez» itzuli da -tartean kaleratutako 'Katta' bildumako aleak ahaztu gabe- detektibearen figura, ikerketa, misterioa, umore printzak eta piratak ere dakartzan 'Urrezko duna' (Erein) liburuarekin. LH4 ikasturtekoak izan ditu buruan idazterakoan, «batez ere misterioak gustuko dituztenak», baina argi esan du hortik goragokoek ere gozatzeko modukoa dela. «Ekainean gaude eta ez dakit ipuin aproposagorik dagoen oporraldirako», gehitu du Uxue Razquin editoreak. Biek goraipatu dute Irrimarrak egindako «ilustrazio dotoreen» kalitatea.
Istorioaren protagonista nagusia Mara da. Gurasoekin eta Pellot txakurrarekin Landak eremuko La dune d'or kanpinera joango da opor pasa. Han Marinexa Kakottipiren kondairaren berri izango du, itsasoan galdu arren, pirata andrea lehorrera irteten omen dena noizbehinka. «Badu abentura edo intriga, eta detektibearen figura azaltzen da», aurreratu du Razquinek. Hain zuzen protagonistak egingo du lan hori, kanpinean gauzak desagertzen ari direla-eta. Tartean Mararen amaren zilarrezko eraztuna. «Bere harridura piztuko dute». Amaiera aldera, Meabek aurreratu duenez, Marak «ustekabean» argituko du misterioa, baina, aldi berean, Pellotekin zerikusia duen bigarren arazo bat sortuko da «misterio kateatuak, umorea eta samurtasuna txirikordatuz».
Pellot da, hain zuzen, Meabek bere liburuetan irakurleari jarritako «tranpetako bat», Hendaiako kortsario baten izan baitzen, begi bakarrekoa eta partxea zeramana. Honen bitartez, Razquinek kontatu du, «garrantzitsuak diren laguntasuna eta zaintza» gorpuzten ditu eta zenbait irakaspen jasoko ditu. «Txakur filosofoa da eta egoeraren arabera bizitzarako balioko diotenak irakatsiko dizkio begi bakar edo begiradatxoaren bidez». Noski, idazleak esan bezala «Mararen proiekzioak» dira. Razquinentzat pertsonaia funtsezkoa da eta maila berean jarri izana gako da ere. «Pertsonaiak maila berean daude. Gurasoengandik jasotzen den lezioa ez da berdina».
'Urrezko duna'

-
Egilea: Miren Agur Meabe.
-
Ilustratzailea: Irrimarra.
-
Argitaletxea: Erein. Auskalo Bumeran, 72.
-
Adin gomendatua: 10-13 urte.
-
Orrialdeak: 80.
-
Prezioa: 12 euro.
Meabek azaldu bezala azalak berak aurkezten ditu protagonistak. Nagusia Mara da, «neska azkarra, behatzailea, zorrotza, irudimentsu bezain analitikoa». Detektibe bokazio horrekin egiten ditu hainbeste galdera, «lanerako datuak lortzeko, ez jakinguratsua delako. Lider saiatua da, bere hipotesietara erakarriko ditu besteak». Haren «konplize leiala» da Pellot, begi bakarreko eta hiru hankako txakur «filosofo eta jatuna». Akats fisiko asko ditu eta horregatik «burla eta destainak» egiten dizkiote. Bakoitza azaltzeko Marak istorio epikoak asmatuko ditu. Bi neba-arreba biki, Bibi eta Batxi, eta Luka sentiberak eta sormen handikoak osatzen dute taldea.
Izaera horiek kanpineko Katixa begiralearekin egindako itsas-animalien maskarak edo katamaloek ezin hobe laburtu ditu idazleak. «Arketipo modukoak bihurtuko dira». Hala, Marak balea hautatzen du, bien izaeraren artean «paralelismoa» ikusten baitu «bereziki independentea delako, noizean behin bere kasa ibili zalea». Bikiak, bata azukrea eta bestea gatza dira; eta Luka gaitasunei distira ateratzen dakiena eta diskrezio handikoa. Tarteka haserretu egingo dira, helduen ikuspuntutik «erridikuluak» suertatuko diren uneekin. «Elkarrizketetan nagusi nahi hori islatzen da».
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.