Laburbirako izen ematea urtarrilaren 20a arte irekita
Euskaraz sortutako film laburren zirkuitua 2022ko otsailaren 25etik martxoaren 27ra izango da
Astelehena, 20 abendua 2021, 13:07
Euskaltzaleen Topaguneak Laburbira euskaraz sortutako film laburren zirkuitu ibiltariaren 19. edizioa antolatuko du 2022ko otsailaren 25etik martxoaren 27ra bitarte, eta bertara aurkeztu nahi duten sortzaileek urtarrilaren 20ra bitarteko epea izango dute lanak aurkeztu eta izena emateko. Ostean, urtarrilaren 20tik 27ra bitarte aukeratuko dira eta behin Laburbira zirkuituan izanda herriz herri eskainiko dira.
Oinarrietan zehaztutako irizpideen arabera, parte hartzeko film laburrak euskaraz egindakoak izan beharko dira eta 2021ean ekoitzitakoak. Gainera, ezingo dute 20 minutuko langa gainditu. Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan, hala nola publiko guztientzako lanak izatea, sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka, sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna, genero ikuspegia etafilmen bestelako ezaugarriak (euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak).
Parte hartu nahi duen orok Laburbiraren webgunean eman beharko du izena.
Laburbira egitasmoaren helburua da euskaraz ekoizten jarraitzeko sortzaileen lanak ezagutaraztea, batetik, eta ikusleei geurean sortutako zineaz gozaraztea bestetik. Horretaz gain, Topaguneak, euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileei bultzada emateko, beste lau egitasmo ere antolatzen ditu: Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea, DemaSA lehiaketa eta Kameratoia.