Borrar
Joxe Azurmendi, artxiboko irudi batean. Nagore Iraola / EHU

Joxe Azurmendi hil da, «euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileena, oparoena»

Jakin Fundazioak jakinarazi du albistea bere webgunearen bitartez, baita ez dela ez hilbeila ez hileta ekitaldirik izango

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 2 de julio 2025, 18:25

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama 1941) euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta hil zen astearte honetan. Hala jakinarazi du Jakin Fundazioak webgunearen bitartez, ez hilbeila ez hileta ekitaldirik izango ez dela aurreratzeaz gain. Filosofiako irakasle katedraduna EHUn, Jakin taldeko partaidea eta «euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileena, oparoena» izan da, Felix Ibargutxik egunkari honetan hainbatetan azpimarratu bezala. Liburu ugariren bitartez ez ezik -'Hitz berdeak' (poesia), 'Hizkuntza eta talde nortasuna', 'Euskal Herria krisian', 'Euskaldunak eta espainolak'...-, hainbat hedabidetako kolaborazioen bitartez hedatu ditu bere gogoetak. Bere liburuen artean aipa daitezke eta beste. Zorionerako, online kontsultagai dira Jakinek bultzatutako Digitalizazioa webgunean.

Zegaman gerraoste betean jaio zen, aitak paper-fabrikan egiten zuen lan eta amak etxean. Bederatzi edo hamar urterekin Arantzazura, frantziskotarrengana, joan zen ikastera bere gogoz eta Erriberrin filosofia ikasi ondoren -euskara berreskuratu zuen han- 60ko hamarkadan Arantzazura itzuli zen teologia ikastera. Orduan hasi zen Joseba Intxaustik zuzentzen zuen Jakin aldizkarian laguntzaile, hainbat artikulu argitaratuz eta ia gai oro landuz: marxismoa eta ortodoxia, kultura, erlijioa, poesia, literatura edota identitatea. Gerora ere bere lanetan hainbatetan agertuko direnak, bereziki saiakeretan.

1965ean, jada euskaltzain urgazle zela, erbestera ihes egin zien bere «bohemio bidean» Frantzia, Finlandia, Hungaria, Italia edo Alemania ezagutuz. Erroman tarte bat egin ostean, Westfaliako Münsterren (Alemania) errotu zen hainbat urtez. Hala ere, ez zuen artikulugile jarduna eten, aipatutako Jakin aldizkarian zein Zeruko Argian kolaboratuz. Ordukoa da ere, kaleratu duen poesia lan bakarra. 70eko hamarkada amaieran Donostian finkatu zen Jakin taldean hasi zen lanean.

Orduan utzi zuen ere apaizgoa eta euskarazko kulturgintza mugimenduan kide aktiboa izan zen, besteak beste Donostiako Bilintx liburu dendaren irekieran lagunduz edo UZEIren, UEUren eta hizkuntza eta kultura arloetako beste hainbat ekimenen sorreran parte hartuz, hala nola euskara batuarenean. «Harrezkero, garaian garaiko auziak pentsatzeko marko propioak eraikitzen aritu da. Nazioaz, biolentziaz eta haren kondenaz, pentsamendu sozialaz, gizabereaz, euskal pentsamenduaren genealogiaz… aritu da bere lanetan. Arloz arlo, modernitatearen ideia hegemonikoen irakurketa kritikoa egin du, Euskal Herritik eta euskaraz», nabarmendu du Jakinek ohar bitartez.

Imagen principal - Joxe Azurmendi hil da, «euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileena, oparoena»
Imagen secundaria 1 - Joxe Azurmendi hil da, «euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileena, oparoena»
Imagen secundaria 2 - Joxe Azurmendi hil da, «euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileena, oparoena»

Ez zen, noski, atzo jaso zuen errekonozimendu bakarra. Euskalgintzaren Kontseiluak «euskalgintzarentzat iparra» izan dela goratu zuen eta bere heriotza «galera handia» dela. Ibilbide luzean egindako «ekarpen oparoa» eskertu zion sortzaile duen UEUk eta «euskal pentsalari gorenen artean» kokatu zuen, haren lehendakari den Aitor Bengoetxeak bezala. Olaso Dorreak, bere aldetik, «Euskal Herriak, euskal kulturatik eta euskaraz eman duen pentsalari handiena» joan zaigula adierazi du, «pentsalari erraldoi» bat galdu duela gure herriak, baina bere pentsamendua utzi digula Azurmendik.

Idazle ugari ere mintzatu ziren, tartean Irati Jimenez -«Thoureauk esana da pertsona gutxi hiltzen direla, pertsona gutxi direlako benetan jaiotzen direnak. Benetan pertsonak direnak Lagunok, anai-arrebok, euskaldunok: egun tristea da. Gaur gizon bat hil da. Gaur, lagunok, Joxe Azurmendi hil da. Eta oso egun tristea da»-, Gotzon Barandiaran, Eneko Barberena –«Filosofia deskubritu zidan»-, Eneko Aizpurua, Ekaitz Goikoetxea, ‪Santi Leoné‬ edo Laura Mintegi, «euskal pentsamendua euskaraz sortzen dena» dela erakutsi ziola oroituz

Politikan eragin itzela izanik, noski, alorretik ere mintzatu dira besteak beste Imanol Pradales lehendakaria, hain zuzen egindako «ekarpen mardula» goraipatuz eta «belaunaldi oparo baten erreferente ilustrea» izan zela goratuz. Ospea lortuta ere obra euskaraz argitaratu izana eskertu dio, baita hauetan erakutsitako «izpiritu kritikoa».«Ez zuen beldurrik izan galdera deserosoak egiteko, eta ezta batzuentzat probokatzaileak izan zitezkeen gogoeta eta tesiak defenditzeko ere» dio testuak. Ildo beretik, Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak azaldu du haren «ekarpen intelektualari esker, itsasargiek pizturik» dirautela «ultraeskuinaren iraultza betean».

Pentsalari bezala eragina

Idazle bezala maila ikaragarria lortu batzuen, Azurmendik pentsalari bezala izan duen eragina neurtzen zaila da. Ez gutxitan nabarmendu da Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena dela, argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak lekuko izanik. Horietan landu ditu filosofia, politika, hizkuntza, kultura eta literatura, batzuk aipatzearren, asko diskurtso zehatzak, unean unekoak eta egoerari erantzuten ziotenak, eta aldi berean, arnasa luzeko gogoeta teorikoekin uztartu zituenak.

Hain zuzen, atal horretan eskuratu ditu bi Euskadi Sari. Lehena 2010ean 'Azken egunak Gandiagarekin' lanagatik eta bigarrena bost urte beranduago, 2015ean, 'Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk' (Elkar) lanagatik, non «egia unibertsal eta eztabaidagabetzat hartzen direnetako asko maiz gezur interesatuak edo gaizki-ulertu zabalduak izaten direlakoan (biak batera, gehienetan) nazioaren kontzeptu aleman eta frantsesa» aztertu zituen. Ostean heldu ziren azken honi jarraipena eman zion 'Hizkuntza, nazioa, estatua' (2017), 'Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk' (2018), esaterako.

Maiz kulturan lan eskerga egin duten pertsonek ez dute merezitako aitortza jasotzen. Azurmendiren ekarpena eta eragina neurtzea ez da erraza, argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak lekuko, eta azken urteotan jasotako errekonozimenduek zorra ez dute erabat kitatu, noski. Euskararen alde egindako lan itzela eskertzeko, 2010ean Euskaltzaindiak Ohorezko euskaltzain izendatu zuen Donostian egindako ekitaldian besteak beste Ana Etxaide, Joxemari Iriondo eta Xabier Leterekin batera. Urtebete beranduago, 2011n erretiroa hartuta, Katedradun Emeritu izendatu zuen EHUk. 2012an Eusko Ikaskuntzaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien jaso zuen «bere jakin-min unibertsala sustrai kultural oso sendo batetik», baita «bere epaiketa-independentzia, bere jarrera ireki eta liberala eta bere grina pedagogikoa» ere. Eta urte berean eman zioten Dabilen Elea saria: «Azurmendiren obra monumentala ezagutzen duenak badaki hautu erabat justifikatua dela honakoa; areago, harritu ere egingo da askoz lehenago ez zaiolako ganorazko aitortzarik egin, Zegamako pentsalari handiari. Azurmendi filosofo garrantzitsua da, zalantzarik gabe; Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat lehenik, baina, orobat, nazioarteak sortu dituen filosofo handien artean dago».

Ez dira, noski, ibilbide oparoan jasotako sari edo aitortza bakarrak. Gaixo zela-eta bertaratzerik ezin izan bazuen ere, 2018ko Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen Azurmendi, Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategik osatutako Jakin talde historikoak, «euskal kultura eta modernitatea sei hamarkadatan zehar» lotzeko egindako lanagatik.

2019an Azurmendiren pentsamenduaren ildo ezberdinak lantzeko San Telmo Museoan antolatutako Kongresua. Bertan, 'Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia' izenpean Gizaberearen filosofia, gogoeta etikoak, pentsamendu soziala, kooperatibismoa, nazioa, estatua eta kultura aztertu ziren, besteak beste. Izena pentsalariak saiakera batean idatzitako «sinesten dudalako ur-jauzi sisteman» hartu zuten. Zergatiaz galdetuta erantzun zuen: «Nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta bere ideiak martxan jartzen dira. Horrek ez du beste saiakera bat idatziko, baizik nobela bat idatziko du. Orduan, ideia hauek ur-jauzi modura iritsi egiten dira iritsi behar duten tokira. Hau da nire esperantza behintzat.».

Urte berean heldu en Joxe Azurmendi Katedra, EHUk eta Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenari esker sortu. Ordutik, filosofoaren lana eta pentsamendua ez ezik, 1956ko Belaunaldia deitutakoa osatu zutenenak ikertu eta zabaltzea bilatu du. Honen baitan argitaratu zuen iaz Iñaki Zabaleta irakasleak 'Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan' liburua.

Hala ere, oraindik zorretan da euskal kultura eta euskalgintza Azurmendirekin.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Joxe Azurmendi hil da, «euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileena, oparoena»

Joxe Azurmendi hil da, «euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileena, oparoena»