Urrezko Domina jaso dute «Jakineko mosketeroek»

Agirrebaltzategi, Intxausti, Torrealdai eta Olano, atzo foru jauregian, eskuetan Gipuzkoako Urrezko Domina dutela./UNANUE
Agirrebaltzategi, Intxausti, Torrealdai eta Olano, atzo foru jauregian, eskuetan Gipuzkoako Urrezko Domina dutela. / UNANUE

Joxe Azurmendik ezin izan du Foru Aldundiaren ekitaldi dotorera azaldu, gaixorik dagoelako

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen atzo Jakin talde historikoak, «euskal kultura eta modernitatea» lotzeko egindako lanagatik. Lau laguneko taldea da eta hiru zeuden atzo foru jauregian: Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategi. Besteak, Joxe Azurmendik, Alemaniako etxetik bidali zuen mezua. Ezin izan da etorri, gaitza dela medio.

Jakin taldea izen bereko aldizkariaren inguruan sortu zen, Arantzazun, 1956an. Baina taldea ez da aldizkaria zuzendu eta kudeatzera mugatu. Aitzitik, «denborak aurrera egin ahala bere ekarpenaren itzala handitu besterik ez da egin», nabarmendu zuen Markel Olanok. Diputatu nagusiak gogorarazi zuenez, azpimarratzekoak dira Jakinek euskararen batasun prozesuan izandako esku hartzea nahiz lehen hiztegi zientifikoaren argitalpena, UZEI egitasmoaren diseinuan izandako partaidetza, Euskaldunon Egunkariaren garabidea, Eusenor entziklopediaren sustapena, besteak beste. Egile gisa ere, 104 liburu, 428 liburu-zati eta ehunka artikulu idatzi dituzte laurek.

Markel Olano diputatu nagusiak lau ataletan laburbildu zuen taldearen ekarpena: «bat, euskarak kultura behar du aurrera egingo badu; bi, kultura horrek moderno, antidogmatiko eta irekia behar du izan, belaunaldi berriei transmitituko bazaie; hiru, unibertsal izateko modu bakarra partikular izatea da; eta lau, partikular izateko nork bere pentsamendu propioa garatu behar du eta mundua nork bere esperientziatik azter-tzeko obligazioa du».

Domina emateko ekitaldia ospe handiz antolatu zen beste behin. Ohiturari eutsiz, omenaldia Gipuzkoa plazan hasi zen, lurraldeko 30 dantzarik eskainitako tradiziozko ezpata-dantza ikusgarri batekin, Oier Araolazak koordinatutako saioa. Ondoren, omenduak eta diputatu nagusia Aldundiaren egoitzan sartu ziren, foru gobernuko diputatuak agurtu eta Jargi aretora igotzeko. Asier Odriozola kazetariaren aurkezpenak entzun ondoren, Jakin taldearen ibilbideari buruzko bideo bat ikusi zuten bertaratutakoek, baita Pello Ramirezen akordeoi eta Xabier Zeberioren nickelharpa doinuekin gozatu ere.

Jakin aldizkariko kide Alaitz Aizpuruk Azurmendi, Torrealdai, Intxausti eta Agirrebaltzategiren laudorioa irakurri zuen eta, jarraian, Joxe Azurmendik Alemanian grabaturiko bideo laburra ikusi ahal izan zen. «Lagunekin elkarrizketan sor-tzen da pentsamendua», esan zuen zegamarrak. Eta ondoren: «Intelektualki, nire etxea eta familia izan da Jakin. Ezin bildu lau mosketero zaharrak, hemen nago ni gaixotasunak harrapatuta. Eskerrik asko Foru Aldundiari, eta partikularki Markel Olanori. Markelen tesiaren zuzendari izanak harrotzen nau pixka bat».

Gero Joan Mai Torrealdaik testu luze bat irakurri zuen, lau omenduek adostutako testua. «Orain 62 urte egin berri ditu Jakinek. Lezio bat ikasi dugu, etengabe berregokitu beharra. Behin eta berriz berrasten, berrasmatzen, berregokitzen ibili behar izan dugu, jarrera hori ia-ia ezaugarri propio bihurtzeraino», esan zuen euskaltzainak.

«Jakin ez da izan ez pulpitu, ez katedra -jarraitu zuen-. Plaza izan da. Herriko plaza, gogoetaren plaza eta lankidetzako elkargunea»

2014an, lau kide historikook pauso bat atzera eman zuten, eguneroko martxa hurrengo belaunaldiaren uzteko. Aldizkariaren zuzendari Lorea Agirre kazetaria izendatu zuten, eta zuzendaritza talde zabal bat osa-tzea ere egin zuten. Atzo bertan ziren lagun horietako batzuk: Sara Agirre, Haizea Barcenilla, Arantxa Begiristain, Harkaitz Cano, Xabier Eizagirre, Idurre Eskisabel, Joan Mari Larrarte, Maialen Lujanbio, Olatz Osa, Miren Rubio eta Gexan Sors.

Frankismoaren biktimek eta haien senitartekoek jaso zuten Urrezko Domina iaz. 2016an Ramon Saizarbitoriak (2016), 2015ean Juan Antonio Urbeltzek eta 2014an Benito Lertxundik.

Temas

Euskera