Joxe Azurmendi Pentsamendu Garaikidearen Katedra sortu dute

Joxe Azurmendi. /Jose Usoz / DV
Joxe Azurmendi. / Jose Usoz / DV

Pentsamendu Garaikideko Joxe Azurmendi Katedra sortu, garatu eta sostengatzeko hitzarmena sinatu dute EHUk eta Aldundiak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute ostiral honetan Pentsamendu Garaikideko Joxe Azurmendi Katedraren Proiektua sortu, garatu eta sostengatzeko. Iñaki Zabaleta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak koordinatuko du katedra.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak izenpetu dute bi aldeen arteko hitzarmena.

Joxe Azurmendi filosofoaren lana eta pentsamendua ez ezik, hitzarmenaren helburua da 1956ko Belaunaldia deitutakoa osatu zuten beste pertsonenak ere ikertu eta zabaltzea du. Helburu hori gauzatzeko, hiru arlotan lan egitea aurreikusi da: arlo filosofikoa, gogoeta eta kritika sustatuz; giza zientzietako eta gizarte zientzietako beste arlo batzuk, bereziki historia, hizkuntza, kultura, gizartea eta politika; eta proiekzioaren arloa, euskal pentsamenduak nazioartean zer nolako eragina duen aztertuz.

Hori horrela, hitzarmenaren bitartez aztertzeko eta ikertzeko lan akademikoak egingo dira euskaraz, gai hauek ardatz hartuta: euskal pentsamendua eta haren nazioarteko eragina; 1956ko Belaunaldiko beste kide batzuen lana; kooperatibismo eta pentsamendu soziala; eta bizikidetzari buruzko gogoeta etikoa, besteak beste.

Horretarako, lankidetza aktiboa egongo da euskal pentsamendua jorratzen duten erakunde eta entitateekin, adibidez, Jakin Fundazioa, Jakiunde, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Center for Basque Studies, Etxepare Euskal Institutua, Arantzazu Gaur Fundazioa, Arizmendiarretaren Lagunak Elkartea eta Euskal Kultur Erakundearekin.