Iraia Okina: «Ipuin batekin hasten naizen bakoitzean teknikaren bat probatzen dut»
Oso deigarria gertatu da 'Emakume burugabea' libururako egin duen lana. Ondo gogoan du Joxan Ormabazal zenarekin izandako harremana ere
Donostiako Aiete auzoko kultur etxean, Ilustratzailearen Txokoan, Iraia Okinaren (Durango, 1980) lan batzuk ikus daitezke. Azkenaldian atentzioa eman du -onerako- marrazkigile honek Antxiñe Mendizabalen 'Emakume burugabea' libururako egindako lanak.
- Hor nonbaiten irakurri dudanez, familian bazenuen pintore edo artistaren bat...
- Bai, nire aitaren osaba Bergarako Miguel Okina pintorea da. Pintore ona, hortik bizi izan da beti.
- Eta beharbada harengatik hasi zinen zu zaletzen.
- Ez dakit. Nire aita ere, adibidez, beti ikusi izan dut pintatzen. Gizartean, oro har, komentarioa beti izan da: pintatu? bai, baina badaezpada beste karreraren bat egizu. Nire familian, aldiz, beti asko baloratu da pintura.
- Unibertsitateko ikasketak bukatzen ari zinelarik, argi zeneukan ilustrazio lanean hasiko zinela?
- Arte Ederretako fakultatean diziplina pila bat ikasten duzula eta, bertan zaudela, iruditzen zaizu gero ate guztiak zabalik izango dituzula, baina gero azkenean lanean hasi behar zarenean ikusten duzu gauzak ez direla hain errazak. Ikasketak bukatu eta gogoratu nintzen maisu batek esandakoaz: «Zergatik ez duzu ilustrazioa egiten? Ondo egingo zenuke». Horrelaxe, egun batetik bestera irudi batzuk egiten hasi nintzen neure kabuz, irudi txikiak, eta haiek hartuta argitaletxe batzuetara joan nintzen, erakustera.
- Elkar argitaletxera?
- Bai, eta Aizkorrira eta besteren batera. Elkarren, Joxan Ormazabali asko gustatu zitzaion nire lana eta behin deitu zidan, 'Zirkua amets' ipuina zeukala, eta harekin albuma egin behar genuela, aurkezteko Etxepare bekara. Beka eman ziguten eta handik aurrera ezaguna egin nintzen eta deiak etorri ziren beste argitaletxe batzuetatik ere.
- 'Zirkua amets' hartan, bukatuta eta itxita zegoen testu bati ilustrazioak eranstea izan zen zure lana.
- Bai, baina hala ere hainbeste aukera daukazu ilustrazioa pentsatzeko garaian... azkenean erabakimena daukazu.
- Antxiñe Mendizabalekin duela gutxi egin duzun albuma, 'Emakume burugabea', oso kasu desberdina izango zen. Hasteko, Mendizabalen testua poema tankerakoa zen eta esanahi aldetik anbiguoagoa. Ia-ia folio zuri bat zuretzat.
- Beno, folio zuria ez dakit, baina nahiko librea, bai. Gainera, ni asko aldatu naiz 'Zirkua amets' hartatik; hasteko, baliabide gehiago dauzkat orain., eta gehiago disfrutatzen dut Oso zaila egiten zait hura 'Emakume burugabea'-rekin konparatzea.
- Antxiñe Mendizabalek kazetarioi esan zigunez, txundituta gelditu zen 'Emakume burugabea'-ko marrazkiak ikustean.
- Hasieran, dena libre utzi zidan Antxiñek. Testua eman eta esan zidan: «Aurrera, ea zer ateratzen zaizun!» Uste dut gehien harritu zuena izan zela ordu arte nik espresio gabeko pertsonak marrazten nituela, eta bere testu horri beste estilo bateko marrazkiak egin nizkiola, espresiboagoak eta askeagoak.
- Bai, hala da. Zure aurreko lan batzuetako pertsonaiek aurpegi estatikoa zeukaten.
- Aurreko lanetan marrazki estetikoak, pollitak egin nituen. Oraingo honetan, 'Emakume burugabea' honetan, bestela jokatu dut. Hain da garrantzitsua kontatzen dena...
- Irudi, nola esango nuke... desatseginak egin dituzu. Hitz egin dezagun zure teknikei buruz.
- Teknika pila bat erabili izan dut nire ibilbidean zehar. Ipuin batekin lanean hasten naizen bakoitzean hasten naiz teknikaren bat probatzen, ikerketa egiten. Lan guztietan teknika ezberdinen bat erabili dudala uste dut.
- Adibidez?
- Ez dakit nola izendatu nire proba horiek. Adibidez, asko gustatzen zait grabatua, eta grabatuarekin lortzen den testura. Baina ez daukat grabatua non egin. Zera egiten dut: plastiko beltz bat hartu, hura urratu, eta gero urraduretan tinta beltza sartu, eta halaxe, grabatuen testura lortu.
- 'Emakume burugabea'-n tinta txinatarra erabili zenuen?
- Ez. Akrilikoa, baina ur askorekin, horrela trazu askearen itxura lortzeko. Akuarela ez dut erabiltzen. Azkenaldian egin dudan beste proba bat: kapa desberdinak marraztu, bakoitza bere aldetik, eta gero horiek denak ordenagailuan muntatu. Nik ez dakit ordenagailua asko maneiatzen, baina horretaraino bai behintzat.
- Orain zertan ari zara?
- Orain? Oporretan (barreak). Nahiko lan erritmo geldia daukat, alaba txikia daukat eta ez diot lanari egunero heltzen. Orain zera egin nahi nuke, zeozer pertsonala, 'emakume burugabea'-n bezala, burua ahaztu eta gorputzarekin bizi. Goizean altxa eta ea zer ateratzen den: istorio bat sortu hasieratik. Urte asko dira horretarako gogoz nagoela, baina sekula ez dut atera denborarik.
- Joxan Ormazabalen heriotza ezustea izango zen zeuretzat ere. Hain zen gizon emankorra...
- Gainera, orduan heriotzaren inguruko ipuina egiten ari ginen, 'Ilargia esnatu da'. Bera hil zenean, ni pentsatzen eta pentsatzen hasi nintzen; ea Joxanek benetan zer nahi zuen esan testu harekin. Ordu arte egindako irudi guztiak baztertu nituen eta beste batzuk egin. Gogoratzen nintzen berak garrantzi handia ematen ziola zuhaitzari, eta nik ere gauza bera egin nuen. Azkenean, nire marrazkiak testutik urrunago joan ziren.