Aieteko kultur etxean, garai desberdinetako lanak ikusgai
Oso estilo iradokitzailea eta fina du; bere obretan minimalismoa nagusitzen da eta naturari keinu ugari egiten dizkio
2003. urtean, Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu zen Iraia Okina. 2006az geroztik ilustrazio lanetan ari da buru-belarri. Egun, Recuenco herrian bizi da (Burgosen)
Ilustrazioaren alorrean bere formazioa osatzeko, hainbat ikastaro egin izan ditu han eta hemen. Gaur egun, haur eta gazte literaturako albumak ilustratzen ditu batez ere, argitaletxe ezberdinentzako. Eta sari bat baino gehiago irabazi du. Adibidez, Joxantonio Ormazabalek idatzitako 'Zirkua amets' (Pamiela, 2008) ipuina oinarri hartuta album ilustratua osatzeko II. Etxepare beka eskuratu zuen. Lan hau 2010ean ilustrazio alorreko Euskadi Sariko finalista izan zen 2010ean. Halaber, 2009an, Euskadi Sarietan finalista izan zen Okinak Peru Magdalenarekin batera osatutako 'Ilania' (Gero/Mensajero) albuma. Liburu horrek berak MarkiñaXemeingo udalak ematen duen Peru Abarka saria jaso zuen. Eta, 2011an, lan hauxe Nazioarte mailan ospe handia duen Haur eta Gazte Liburuen Ilustrazioen Bratislavako Biurtekoan egiten den erakusketan parte hartzeko aukeratua izan zen, Galtzagorri elkartearen proposamenez. Biurteko horren 2013ko edizioan, gainera, Joxantonio Ormazabalekin batera osatutako 'Ilargia esnatu da' (Elkar, 2012) albumagatik Ohorezko Plaka eman zioten.
Orain Aiete kultur etxean ipini duen erakusketan garai ezberdinetako lanak ikus daitezke, eta baita txotxongilo batzuk ere, horretan ere jarduna baita Okina.
Oso estilo iradokitzailea eta fina du; bere obretan minimalismoa nagusitzen da eta naturari keinu ugari egiten dizkio. Leku eta espazio zabalak irudikatu ohi ditu, lasaitasuna transmititzen dutenak. Testura eta kolore desberdinak erabiltzen ditu, baita collage teknika ere.
Asteartetik ostiralera, arratsaldez bakarrik egoten da irekita kultur etxea; larunbatetan, goiz eta arratsaldez.