Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Tristtan Murgi eta Oreba taldeko kideak, promoziozko irudi batean. DV

«Inoiz ez dakigu nori kopiatzen diogun, hori dena inkontzientean dago»

Tristtan Murgi. Iparraldeko musikariak 'Sargia' diskoa aurkeztuko du gaur eta bihar Irunen eta Donostian

Juan G. Andrés

DONOSTIA.

Ostirala, 8 azaroa 2019, 11:28

Comenta

Tristtan Mourguy 'Murgi' (Donibane Lohizune, 1982) «oso ttipia» zela murgildu zen musikan. «Aita pianista dut. Denbora luzez egon zen kontserbatorioan eta hark irakatsi zidan. Etxean, gehienbat, musika klasikoa eta garaikidea entzun ditut. Halere, autodidaktatzat jotzen dut neure burua», ohartu du asteburu honetan Irunen eta Donostian arituko den kantari eta musikariak. Berarekin batera Horeba taldea egongo da: Greg Juvin (baxua) eta Cédric Lépine (bateria).

-Zure laugarren diskoa da 'Sargia'. Oso diferentea al da aurrekoekin alderatuta?

  • Artista Tristtan Mourguy.

  • Lekua eta sarrerak Irungo Kabigorri (bihar, doakoa, 19.30ean) eta Donostiako Txantxerreka (etzi, 3 euro).

-Guztiz ezberdina da, 'modus operandi' bestelakoa izan baita. Lehenago, nik egindako musikaren gainetik haien zatiak gehitzen zituzten bertze musikari batzuek, baina oraingoan, taldekide guztiek landu ditugu kantuak hasieratik. Hori dela eta, banda moduko sonoritatea du diskoak. Kantak motzagoak dira, agian xumeagoak, baina aldi berean, hiruon partiturak lehen baino finagoak direla uste dut.

«Gitarra klasikoa eta folka utzita, abestiek rockera eraman gaituzte modu naturalean» «Batzuetan, gauza beltzagoek zoriontasun handia ekartzen ahal dizute»«Kanta bat aukeratzeko, sakonki hunkitu behar nau; gama minorrek erakartzen naute»

-Beñat Antxustegik promoziozko-orrian dioenez, jazz-folkaren bueltan ibili zara, eta oraingo honetan, rockera jo duzu. Zergatik? Zenbaitetan, indartsuagoa da rocka eta besteetan, progresiboagoa...

-Gitarra klasikoa eta folka utzita, abestiek rockera eraman gaituzte modu naturalean. Bestalde, hitzen arabera, batzuk progresiboak dira ('Musikara', 'Me Too', 'Bizikloak') eta beste batzuk, aldiz, indarra eskatzen zuten hasieratik ('Jadanik eta berriz', 'Kolonizatze hizkuntzala'). Baina tira, nik beti kanta bakoitzaren tema musikala nagusiaren arabera josten dut gidoia orokorra (progresiboa, agresiboa, lasaia, indartsua...).

-Zer eman dizu rockak aurreko estiloek ematen ez zizutena?

-Beti eman diot lehentasuna melodiari, baina orain nire ahotsari eta gitarrari protagonismoa hartzen utzi diet. Tresna bakoitza baloratu nahi nuen eta abesti horiek janzteko nire gaitasun guztiak erabili behar izan ditut. Ez nuen uste lortzeko gai izango nintzenik!

-Soinua gogortzeaz gain, hitzak ere garratzagoak dira...

-Nik uste, orain arte ttipitan entzun ditudan musikak erabili ditut konposatzeko -orkestrazioak, tresnak...- eta oraingoan, berriz, nerabe garaian entzun dudana erreproduzitzen ari naizela uste dut: Nirvana, Pearl Jam, Metallica, Errobi...

-Denboraz hitz egin duzu 'Espazio ta denbora' eta 'Denborajale' abestietan. Kezkatzen zaitu gai horrek?

-Denborak ez nau kezkatzen, bakoitzak bere denbora nola baliatzen duen baizik. 'Denborajale' kantak gaurko bizimodua deskribatzen du eta 'Espazio eta denbora' izenekoan nire haurtzaroa ekarri dut gogora, pianoaren gainean partiturak ikusten nituen unea, hain zuzen. Horiek dira kantan agertzen diren «ttitta xuri-beltzak». Tristea iruditzen zitzaizkidan baina aita jotzen hasten zenean koloreak agertzen zitzaizkidan. Azkenean ikuspuntu kontua da. Dir-dir egiten duen guztia ez dela urrea esan ohi da, eta alderantziz, batzuetan gauza beltzagoek edo ilunagoek zoriontasun handia ekartzen ahal dizute...

-'Musikara' hitzak neologismoa dirudi. Zuk 'musika dardara' bezala itzuli eta bi abestitan erabili duzu. Zer esan nahi duzu?

-Musikara hitza, berez, ez da existitzen. Nik sortu dut 'lurrikara' hitzari erreparatuz. 'Espazio eta denbora' kantuan bezala, nire baitan gertatzen dena musika egiten edo entzuten ari naizenean deskribatzen saiatu naiz. Dardara horiek keinu onak dira niretzat. Konposatzeko garaian horrelako bat sentitzen dudanean, abesti hori disko batean sartuko dudala badakit. Benetan barnetik sentitu behar dut kanta batek horrelako sakontasuna baduela beti.

-Gai introspektiboez gain, gizarte-kritika ere jorratu duzu 'Me Too' eta 'Kolonizatze hizkuntzala' kantetan.

-'Me Too' aukeratzearen arrazoia argitzea beti kostatzen zait. Askotarikoak dira eta benetan lerro asko beharko nituzke ongi zehazteko. Gizon baten burmuinean egiten den jarrera aldaketa bitxi hori, istant horiek harrapatu nahi nituen, eta ondotik biktimaren geroa... Benetan, hobe kantuaren hitzak entzutea, oso landuak baitira... 'Kolonizatze hizkuntzala' kantari dagokionez, dena dago izenburuan! Gaurko gizarte globalizatu batean nola mantendu tokiko kultura, ondare, erritual eta hizkuntzak...

-Diskoaren tonu nagusia nahiko iluna da. Esperantzarako motiborik ez duzu ikusten?

-Lehenago esan bezala, kanta bat aukeratzeko, sakonki hunkitu behar nau. Beraz, naturalki gama minorrek erakartzen naute. Hitzen aldetik ere tonu orokorra iluna da kritika soziala egiteko. Hala ere, horrek ez du esan nahi ez dudala geroa baikorki ikusten! Pertsona oso dibertigarria naiz. Hain zuzen ere, ez dut uste eleberri beltzen idazleak edo zientifiko klimatologoak beraien bizitza pribatuan deprimituak direnik. Pertsona bakoitzak dauzka bere barruan bi alde horiek, gero oreka kontu bat da. Musikarekin gai horietaz askatzen eta sendatzen saiatzen naiz.

-'Sargia' izeneko kantuan Artzeren poema bat erabili eta honako hau ere idatzi duzu: «Zaila da idaztea / kopiatzen baizik dakigula». Zeini 'kopiatu' diozu zuk? Zeintzuk dira zure inspirazio-iturriak?

-Uste dut inoiz ez dakigula nori kopiatzen diogun... Hori dena inkontzientean geratzen da eta hau da gizakiaren aztia! Inoiz ez dut inspiraziorik aipatzen, ez dudalako bilatzen egile baten ala beste baten antzera egitea. Hala ere, hitzen aldetik idazle filosofikoak eta zientifikoak eta poetak dira gehien irakurtzen ditudanak. Musikari dagokionez, denetarik entzuten dut, bertako artistak (Ainara Legardon, Petti, Ekiza, Pelax, Joseba Irazoki, Willis Drummond...) zein kanpokoak (Caetano Veloso, Red Hot Chili Peppers, The Cinematic Orchestra, Jimi Hendrix, Nick Drake, Sufjan Stevens...).

-'Sargia' azken kantak titulua ematen dio diskoari... «Uste duena badakiela / argia dela / bere jakintzak zerratzen dio beste sargia», kantatu duzu.

-Iparraldeko hitza den «sargia» sarbidea da batuaz: 'argian sartu'. Diskoaren azala bezala, hiru liburu irekiak gara: Greg, Cédric eta hiruok. Idekiak gara eta gure bizitza edo istorioa irekita dago guk dakiguna besteei helarazteko. Argia gure artetik pasatzen da baina orduan, gure atzetik ez dugu ikusten. Hori da aipatu duzun esaldiaren esanahia: aldi guziz zerbait dakigunean, burmuinean grabatzen dugu eta jakintze kutxa hori, ongi bilduta, maiz ixten dugu. Ondotik kostatzen zaigu ohartzea ezer ez dela inoiz finkatua. Denbora, adinarekin, beti konturatzen gara goiz edo berandu, okertu ginela. Horregatik proposatzen dut aterik ez ixtea eta beti zabalik egotea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Inoiz ez dakigu nori kopiatzen diogun, hori dena inkontzientean dago»

«Inoiz ez dakigu nori kopiatzen diogun, hori dena inkontzientean dago»