Ikus-entzunezkoen legea ez dela betetzen salatu dute
Kontseiluak eta Pantailak Euskarazek testua onartu eta zazpi hilabetera egindako agerraldian euren ardura azaldu dute «aukera historiakoa» galdu delako
Telebista publikoek, pribatuek, streaming plataformek eta erakundeek ikus-entzunezkoen legea ez dutela betetzen salatu dute ostiral honetan Euskalgintzaren Kontseiluak, Pantailak Euskaraz mugimenduak eta Hekimen Elkarteak. Donostian egindako agerraldian Idurre Eskisabel, lehenaren idazkari nagusia, eta Alex Aginagalde, bigarreneko kidea, izan dira.
Eragileek legeko xedapenak, bereziki bosgarrena, alboratuak izan direla azpimarratu dute. Honek telebistetan streaming plataformetan gaztelaniaz besteko hizkuntzen presentzia, hau da, euskara, katalana eta galiziera, areagotzea bilatzen zuen kuotak ezarriz eta hizkuntza gutxituetako edukietara bideratu beharreko diru-sarreren ehunekoetan betebeharrak ezarriz. Aldiz, formulazioan «bideragarritasun teknikoaren aitzakian» legea bete behar ez izateko ate bat irekita utzi zitzaiela salatu dute eta, gainera, betetzeko 2023ko epea ematen zitzaiela.
«Plataformaren batetik -euskarazko edukiak- teknikoki bideragarriak ez direla esan dietela entzun dugu, baina hor Kataluniako Generalitatak neurriak hartu ditu oztopoa gainditzeko eta hemen oraingoz ez da pausurik eman», azaldu Aginagaldek. Zehaztu duenez, audio zaharrak egokitzeko baliabideak jarri dituzte haiek eta, hala, ehundaka izan dira plataformetan txertatu direnak. Eskisabelek gehitu duenez moldaketa teknikoak ez du «sekulako inbertsioa eskatzen. Guk dakigula milaka euro gutxi batzuetako kontua da».
Kontseiluko idazkari nagusiak eredu bezala jarri ditu Ipar Europako herri eskandinaviarrak, «ingelesaren nagusitasunari aurre egiteko sekulako inbertsioak» egin dituztela aipatuz, edota Frantziako estatuak barne produktua babesteko ezarritako «kuota sistema». «Auzitan dagoena da gaur egun hizkuntzen plaza nagusietakoa pantailak direla eta ikusten ari gara hizkuntza handiek emandako pausuak. Hizkuntza gutxituek oso eszenatoki konplexua dugu eta gutxieneko esfortzu horiek are garrantzitsuagoak dira», ebatzi du.
Haurrentzako edukiak jomugan
Agerraldian zehar eragileen «kezka areagotu» duen UEMAren azken ikerketa eta honen ondorioak elkarbanatu nahi izan dituzte. Udalerrietako lehen hezkuntzako haurren ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak aztertu ditu mankomunitateak eta ondorioetako bat da Clan TV dela gehien ikusten dutena. «Espainiako Gobernuari eta RTVEri dagokie legean jasotako gutxieneko neurri horiek ere errespetatzea, baina ez da betetzen ari», oroitu dute.
Horregatik, hiru eragileek «Espainiar Gobernuari eta RTVEri, Eusko Jaurlaritzari eta EiTBri, bai eta streaming plataformei ere, legea betetzeko urratsak egin ditzaten, horrela ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia biderkatzeko».