«Hasieratik amaierara eusten dio komedia tonuari, baina baditu momentu gordinak»
'Izena', 'Ene ba!' izenburuarekin estreinatu zen Txaloren ikuskizuna, Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztuko da 13tik 16ra
Parisko Édouard VII antzokian lehenik, film bilakatuta handik pare bat urtera, sekulako arrakasta izan zuen Frantzian aurreko hamarkadako lehen urteetan 'Le Prénom' Matthieu Delaporte eta Alexandre de la Patellière-ren antzezlanak.
2018an taularatu zuten berriz, eta arrakasta izan zuten lagun itzuleran. Berme osoko lehengaia aukeratu zuen beraz Txalo Produkzioak-ek, eta 'Ene ba!' bihurtu zuen, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean eta antzezle talde bikainarekin, Mikel Laskurain, Ane Gabarain, Asier Sota, Susana Soleto eta Jose Kruz Gurrutxaga baitira protagonistak.
-
Antzezlana 'Izena'.
-
Taldea Txalo Produkzioak.
-
Zuzendaria Begoña Bilbao.
-
Non Antzoki Zaharra, Donostia.
-
Noiz Abuztuaren 13tik 16ra.
-
Sarrerak 15/20 euro.
Beste zenbait produkziori bezala, martxoan koronabirusak hegoak moztu zizkion. Eta, beste zenbait produkziori bezala, hego berriak hazi zaizkio, eta hor dabil antzokiz antzoki. Etzi, abuztuak 13, Donostiako Antzoki Zaharrera helduko da, eta bertan izango da hilaren 16ra arte. Izen berriarekin dator bigarren aldi honetan, 'Ene ba!' iraganean utzi eta 'Izena' izango baita aurrerantzean, jatorrizkoarekin bat etorriz eta nahasmendua abiarazten duen gaia –haur bati jarriko dioten izena, alegia– nabarmenduz.
«Sumatzen da jendeak gogoa duela normalizatzen hasteko, barre egiteko, antzoki batera joateko...»
Antzezle-zerrendako kide den Asier Sotak laburbildu digu elkarrizketa bizi-biziz betetako komediaren hari nagusia: «Bi bikote elkartu dira haietako baten etxean, gazteenak lehenengo haurraren esperoan daudela ospatzeko. Familiakoak dira, eta bosgarrena ere –Karlos, nik jokatzen dudan rola–, familiakoa dela esan daiteke, umetatik egon baita haien artean. Ana ama-gaia berandu iritsiko da afaritara, eta haren zain dauden bitartean galdetuko diote aita-gaiari ea umea ondo datorren, ea zer izen jarriko dioten...».
Ezusteko sesioa
Eta, ezustean, afalaurreko berriketaldi ustez hutsalak, gaiztakeriarik gabeko galderak, sekulako kalapita sortuko du, egundoko sesioa. «Hasieran saiatuko dira asmatzen zein izago den izena, baina esaten dutenean zein den benetan beraien asmoa harrituta utziko gaituzte. Eta hori izango da giltza beste konflikto pila batera eramango gaituzten ateak irekitzeko». Irekiko ditu alegia «bakoitzaren gela ezkutukoenak, agerian utziko ditu sekretuak eta azaleratuko ditu norberaren miseriak. Hasiera batean badirudi bere horretan geldituko dela, baina ez da horrelakorik gertatuko. 'In crescendo' doa tentsioa funtzioak aurrera egin ahala», azaldu du.
Publikoak batik bat telebistan egindako lan ugariengatik ezagutzen du aktore donostiarra, eta antzerkian ere aritua da, batean zein bestean umore klabeko lanetan. 'Izena' funtzioan interpretatzen duen pertsonaia ere umoretik eraikia da, baina geruza eta ñabardura asko ditu. Asko ari omen da ikasten Asier Sota.
Isilik egoten ere badaki. Bistakoa denez, munta horretako leherketa eragiten duen izena ezin da aurreratu, funtzioko sekreturik gordeena da. Ez du Sotak argituko, ez... Jatorrizko testuan zerabiltena Adolphe zen, baina balio txikiko pista da hori, «gehienetan egiten den bezala kolpeak eta txisteak gure erreferentzietara egokitu direlako, jendeak ulertu ditzan eta funtzionatu dezaten».
Konfinamenduaren aurretik funtzionatu zuten, eta uztailean eskaini zituzten emanaldietan ere bai. Une honetan umorea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste du Asier Sotak: «Urtarrilean erlaxatuta geunden guztiok, ez genuen pentsatzen gertatu dena gertatuko zenik. Orain, uste dut konfinamenduak denok ikutu gaituela, eta sumatzen dudana da jendeak gogoa daukala gauzak normalizatzen hasteko, barre egiteko, antzoki batera joateko... Urtarrileko sentsazio eta usain haiek berreskuratzeko, azken batean».
Gauzei buelta batzuk emateko garaia ere bada, eta alde horretatik aukera zabala eskaintzen du 'Izena'-k, umorea baliatuz gai garrantzitsuak jartzen baititu mahai gainean: aitatasuna, familia, emakumearen rola, adiskidetasuna... Asier Sotaren hitzetan, «hasieratik amaierara eusten dio komedia tonuari, baina baditu momentu gordinak. Denoi ematen digu egurra». Edonola ere, barrea da nagusi: «Maskarekin ez ditugu irribarreak ikusten, bestela ere ez asko, baina barreak eta publikoaren berotasuna iristen zaizkigu. Guztiok disfrutatzen dugu».