«Gurea militantzia totala izan da. Argitaletxearen bulegoa nire etxea izan da»

Paulo Iztueta, atzo Donostiako kaian/Mónica Rivero
Paulo Iztueta, atzo Donostiako kaian / Mónica Rivero

Hemeretzi urteko ibilbidearen ostean bukatutzat eman du bere bidea Utriusque Vasconiae argitaletxeak

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

UPV/EHUren Donostiako Campusean, Carlos Santamaria eraikinean, Utriusque Vasconiae argitaletxeari buruzko erakusketa dago. Despedida moduan antolatu da, izan ere utzi egin dio liburuak plazaratzeari, 19 urteko ibilibidearen ostean. Argitaletxeak bere fondo guztia UPV/EHUri eman dio, bere bibliotekan nahiz ADDI biltegian publiko osoaren esku jar dezan.

- Laster omenaldi egingo dizue unibertsitateak, zuri eta Jokin Apalategiri.

- Bai, hilaren 28an Andrestegin, 11:30ean. Lankide denok izango gara bertan, eta inguruko lagun asko ere bai. Esango dizkizut nik egun hartako hitzaldian jorratu nahi ditudan ideia batzuk. Euskal pentsamendua landu eta zabaltzea izan da argitaletxearen helburua, gune partikularretik mundu zabalera agertu garelarik. Hori gauza berria da, zeren denbora askoan zehar euskaldunok Estatutik hartzen jardun gara. Errealitatea partikularra baita, eta herri bakoitzak bere gunea baitu. Guk gaztetatik jarri genuen helburua izan zen unibertsoa euskaraz lantzea gehienbat, eta hori berritasuna da, eten bat datorrelako aurreko belaunaldiarekiko. Gainera, bokazio akademikoarekin sortu genuen argitaletxea. Eta argitaletxearen ikurrari edo anagramari erreparatzen badiozu, Euskal Herri osoa ageri da, Ipar eta Hego.

- Argitaletxeari izena, berriz, bitxia ipini zenioten.

-Izen sinbolikoa da. Bagenuen beldur pixka bat, inork ez zuela ulertuko, arrotza izango zela. Ez da izen ekonomikoa.

- Efektista ere ez.

- Ahoskatzen ere izen zaila da. Harridura sortu zuen hasieran, baina guk horixe nahi genuen. Gure belaunaldiak badaki latinaren berri, baina hurrengoak ez. Hor eten bat dago. Badakizu Oihenarti hartua dela esamolde hori, XVII. mendean historia-liburua atera baitzuen izenburu luze honekin: 'Notitia utriusque Vasconiæ, tum ibericæ, tum aquitanicæ'. Intelektual handi bat izan zen, Zuberoan sortua. Gauza inportantea: hitz egin zuen Euskal Herriaz, baina Iparraldeaz nahiz Hegoaldeaz. Politikatik harago joan zen, Euskal Herriaren batasun kulturalari erreparatu zion.

- Zuen argitaletxearen oinarrian militantzia dago.

- Argi eta garbi dago militantziarena. Jokin Apalategi eta biok tandema izan gara.Elkartu ginen Parisen, baina ez debalde. Oparia izan zen guretzat han soziologiako ikasketak egiteko parada izatea. Bera 1968an hasi zen hango unibertsitatean, ni 69an. Irakasleak intelektual benetan handiak izan genituen. 'Ismo' guztien zurrunbiloan sartu ginen, orduan hasiak baitziren feminismoa, ekologismoa, estrukturalismoa… Hasi ginen mundu unibertsala ezagutzen, gu gentozen Euskal Herriko gune partikularretik abiatuta. Eta gure gune partikular hartan, herritik sortuak ziren ekimen garrantzitsu batzuk: ikastolak, gau-eskolak, UEU… Ez geneukan ezer galtzeko, Jokin eta biok euskaltzale porrokatuak ginen eta herri maitaleak . Halaxe, Paristik Ipar Euskal Herrira etorrita, 'Zabal' aldizkaria sortu genuen, 'Zabal' denda eta Elkar argitaletxea. Liburu batzuk bagenituen eginak, oso indartsuak: 'Sei idazle plazara', 'Marxismoa eta nazio arazoa'... 'Zabal' aldizkarian gai asko landu ziren, ez bakarrik euskara eta euskal kultura. Gero, 1972-73an, Paristik Ipar Euskal Herrira etorri eta aldaketa handi bat sumatu genuen euskal gizartean: jadanik ez zen gizarte erlijioso bat, sekulartua zegoen.

- Eta Franco hildakoan Hegoaldera pasatzeko modua izan zenuen.

- Bai. Jokin Apalategik 'Zabal' dendarekin jarraitu zuen Baionan eta ni UZEIn hasi nintzen lanean. UZEIren bitartez, saiatu ginen azpiegitura eraikitzen euskaraz zientzia akademikoa egin ahal izateko. Hemen esan behar da gure aurreko belaunaldiak ez zuela sinesten egin zitekeenik ikerketa zientifikoa euskaraz. Esaten zuten, batetik, zientziak ez zeukala hizkuntzarik eta, bi, euskara une horretan ez zegoela gaitua. Baina bagenuen salbuespen bat, eskola jesuitikoa, 'Euzko Gogoa' aldizkarikoa: Orixe, Andima Ibiñagabeitia eta, bereziki, Jokin Zaitegi. Eztabaidan arituak ziren Euskaltzaindiarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin, eta hauek, berriz, nagusiki gaztelaniaz egiten zuten lan.

- Baina egin dezagun aurrera. 2000. urtean Utriusque Vasconiae argitaletxea sortu zenuten.

- Egon. 1987an, UZEI utzi-ordurako hiztegi tekniko asko eginak genituen- eta Euskal Herriko Unibertsitatera egin nuen salto. Jokin han zegoen. Ikusi genuen unibertsitatea ez zela euskalduna eta ezin genuela euskal pentsamendua hor landu. Talde bat ahalegindu ginen euskal pentsamendua lantzeko plataforma bat eratzen unibertsitate barruan, eta testu bat idatzi nuen, eta Txillardegik beste bat. Baina egitasmoak ez zuen aurrera egin; sekulako militantzia behar zen, indarra ere bai... Eta 2000. urtean, orduan bai, Jokin eta biok argitaletxea sortu genuen. Ikusia genuen Elkar kulturaren industrian buru-belarri sartuta zegoela eta irakaskuntzako testuetan murgildua. Elkar argitaletxeak ikuspegi komertziala zeukan eta guk beste filosofia bat. Jokin eta biok desafio egin genion geure buruari: kapaz izango ote gara Elkar eta unibertsitatearen bidez egiterik izan ez genuena orain geure kabuz, eta militantziaz, egiteko? Halaxe ekin genion. Esan genuen: euskal pentsamendua landu eta sortzeko helburu horretan, guk bide bat markatuko dugu.

- Hasi zineten liburuak publikatzen, zuentzat lan guztiz berria.

- Ez geneukan inprimategirik, ez maketistarik... Argitaletxe baten jabeak esan zigun nora jo behar genuen: Burgosen dagoen Monte Carmelo izeneko inprimategi handira. Halaxe atera genuen lehenbiziko liburua, neurea: 'Hezkuntza, hizkuntza eta boterea Euskal Herrian'. Hori zen tristea! Bestela non argitaraturik ez neukan! Gure etxea zen argitaletxearen bulegoa. Gurea militantzia totala izan da. Onartu behar dut emazteari emandako endredoa. Banatu genituen lanak: Jokinek eramaten zituen Ogasunarekiko harremanak, nik Administrazioarekikoak. Baldintzetako bat zen zorrik ez egitea, eta lortu genuen. Gero sartu zen Ur, Jokinen semea, gero gure seme Ibai.

- Baina halako batean Jaurlaritzako Kultura Sailean laguntza ukatu zitzaizuen.

- Bai, duela bi urte. Zaplazteko handia izan zen. Lanku eta gure argitaletxea gelditu ziren diru-laguntzarik gabe. Gu adinean gora, erreleborik ez... eta bukatzea erabaki genuen. Juridikoki lotan dago, eta oraindik izango da liburu bat behintzat, Jokin prestatzen ari dena, bere anaia Joxe Martin Apalategi zenak idatzitakoa, Barandiaranekiko harremanei buruzkoa. Jokinek prestatu du. Azkeneko lana zera izan dugu, gure idazleei deitu, banan-banan, esateko prest ditugula beren liburu-ale saldugabeak, jaso ditzaten.

- Esadazu ondo saldutako liburu batzuen izenak.

- Karmelo Ayestaren 'Goza daiteke gehiago: euskaldun baten hizkuntza-bidaia', Jose Antonio Gorritiren 'Historia de San Miguel de Aralar', Manuel Olasagastiren 'Jainkoaz beste berri batzuk'...

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos