Borrar
Berrasoeta baserriko famili argazkia. Markatuta, Fernando aita eta Iñaki semea, biak bertsolariak Usoz
Gerra Zibileko oroitzapen-liburu interesgarrienetako bat, berriz plazara

Gerra Zibileko oroitzapen-liburu interesgarrienetako bat, berriz plazara

Iñaki Alkainen oroitzapenak dakartzan «Gerrateko ibilerak» liburua euskara batuan ipini dute, eta gaur aurkeztuko Urnietan

DV

DONOSTIA

Martes, 25 de septiembre 2018, 12:33

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iñaki Alkain eta Antonio Zavalak idatzitako 'Gerrateko ibilerak' kontakizun liburua aurkeztuko da gaur Urnietako Lekaio kultur etxean, arratsaldeko 7etan. Berrargitalpen honen zain egon da hainbat jende aspaldidanik, agortua baitzen. Baina hau ez da berrargitalpen hutsa, liburua euskara batura ekarri baitute.

Gipuzkoako Foru Aldundiakm kudeatzen duen Hauspoa bildumaren barruan publikatu da. Liburu sorta hau 2015ean sortu zen eta helburua da Antoni Zavala zenaren Auspoa bildumako ale batzuk euskara batuan berrargitaratzea. Lehenbizi Sebastian Salaberriaren «Neronek tirako nizkin» plazaratu zuten, gero Mikela Elizegi eta Antonio Zavalaren «Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua».

«Gerrateko ibillerak», Auspoa sailaen, 1980. urtean atera zuen Antonio Zavalak, hiru liburukitan. Obra hau, aditu askorentzat 1936ko Gerra Zibilean Euskadin izandako gertakariei buruz dagoen lekukotasunik interesgarrienetakoa da.

Iñaki Alkainek (Urnieta, 1917-1971) hemeretzi urte zituela bizitu zuen gerra. Itxarkundia batailoian jardun duen borrokan. 1970. urtean hasita azaldu zizkion gerra garaiko bere bizipenak Antonio Zavalari, eta urtebete pasatxoz elkarrekin bizipen horiek guztiak idatzi zituzten, Iñaki Alkainek gudari eta espia bezala Agirre lehendakariaren agindupean bizitutakoak gerra fronte osoan barrena eta baita etsaiaren lerro artean ere, 1936-1939 urte bitartean.

Joxinixiorekin batera

Iñaki Alkain ez zen, baina, eginkizun horietan bakarrik ibili; Andoaingo Merdilladi baserriko Joxinixio Etxeberria izan zuen gorabehera horietan guztietan lagun; oso izaera eta aiurri ezberdineko bi gizon, baina bi adiskide handi. Baina andoaindarra heriotzak Bilboko Artxanda mendiko borroketan jo zuen, Molaren tropa matxinatuetako soldadu batek baionetaz hil zuenean.

Hala ere, kontakizun horiek guztiak idazteko lanak Aita Zavalak bakarrik amaitu behar izan zituen, Iñaki Alkain ezustean hil baitzen 1971n, 54 urte besterik ez zuela.

Auspoa bildumako hiru liburutxook oso harrera ona izan zuten segituan. Bai gaiak, bai kontaeraren

ulergarritasunak eta hurbiltasunak Alkain eta Zavalaren obra etxe askotara eraman zuten.

Oraingo edizioak, baina, badu ezberdintasunik: hiru liburukiak bakar batean bildu dituzte edizioaz arduratu diren Xabier Andonegik eta Pello Esnalek eta, gainera, euskara batura ekarri dute Iñaki Alkainen kontakizuna, baina bizitasun eta bertakotasun izpirik galdu gabe. Izan ere, Xabier Andonegi Iñaki Alkainen arreba baten biloba da.

Maria Jose Telleria Aldundiko Kultura zuzendariak adierazi duenez, «Antonio Zavalak Auspoa sailean bildu eta utzitako ondarea Gipuzkoan dugun ahozko literatura ondarerik aberatsenetakoa da, euskal irakurleek izugarri estimatu eta estimatzen dutena, eta gure apustu garbia da Hauspoa sail berrituari eutsi eta ondare hori zabaltzen eta biziberritzen jarraitzea».

Edizio berriaren aurkezpena Luis Gardek idatzi du, azpimarratuz «ahozkotasuna dela narrazio honetako balio handienetakoa eta gaurko idazleentzat eredugarria dela ahozko erregistrotik hurbil dabilen kontaera hau». Begoña Durrutyrenak dira, berriz, idazlanean banaturiko marrazkiak.

Gaurko aurkezpena Hauspoa taldeko Pello Esnal eta Joxemari Iriondok egingo dute, Xabier Andonegirekin batera, eta bertan bi bertsolarik parte hartuko dute ere: Andoni Mujika «Anatx» urnietarrak eta Ion Beloki andoaindarrak seina bertso kantatuko baitute, Iñaki Alkainek eta Amezketako artzain batek ibilera haietan, frontean, ondurikoak. Ekitaldia amaitutakoan, bertaratuei liburua emango zaie.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios