Gaur osatuko da Euskal Herriko Eskolartekoaren finala
Lurralde mailako azken finala Gazte Xilaba izango da eta amaitzean jakingo da hamarrekoa
DV
Larunbata, 1 ekaina 2024, 12:43
Euskal Herriko Eskolartekoak badu data jada. Udaberrian zehar lurralde bakoitzeko Eskolartekoak lehiatu ostean, ekainaren 15ean Arantzan (Nafarroa) izango da XXXVI. Euskal Herriko Eskolartekoa. Saioa arratsaldeko 17:00etan izango da frontoian eta amaitutakoan mokadua eskainiko da eta bertaratutakoen artean sariak zozkatuko dira. Saiorako sarrera librea eta doakoa izango da.
Hain zuzen lurralde mailako eskolartekoetan nagusitu eta bigarren postuan sailkatu zirenek lortu dute Arantzan kantuan aritzeko txartela. Gipuzkoatik, June Aiestaran eta Joanes Azpillaga ariko dira; Nafarroatik, Kattin Maddariaga eta Kattalin Lizarraga; Arabatik Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia; eta Bizkaitik Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga. Azken bi sailkatuk gaur jakingo dira Itsasun jokatuko den Gazte Xilaba Sanoki gelan, 10:00etan hasita.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa; aurten Arantzako Udalaren laguntza izango du Euskal Herriko Eskolartekoak.
Haur eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izateko, harremanak egiteko, euren hurbilekoak bertsozaletzeko eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen ikastea dira Eskolartekoaren helburu nagusiak. 2014an Euskal Herriko bertso-eskolekin Eskolartekoari buruzko gogoeta bideratu zuten Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak, eta elkarrekin egindako prozesu horretan finkatu ziren egun Eskolartekoak dituen oinarri nagusiak.