Gasteizko finala buruan, lehen finalerdia izango da Aramaion
Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Peru Abarrategi eta Unai Anda ariko dira kantuan zuzeneko txartelaren bila
Iker Mendia
Viernes, 23 de febrero 2024, 12:29
Lehen langa gaindituta, martxoaren 16an Gasteizen izango den finala gertuago badute ere, finalerdietara sailkatutako bertsolariek euren maila erakutsi beharko dute azken saio batean. Lehena larunbat honetan izango da, Aramaion, eta bigarrena datorren aste-bukaeran Dulantzin. Arratsaldeko 17:30etik aurrera izango dira Kultur Etxeko oholtzan Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Peru Abarrategi eta Unai Anda. Sarrerak bertsosarrerak webgunean eskuragai daude.
Sei bertsolarien mailaren adierazle da tartean txapeldun bat baino gehiago dela, baita nagusian partaide izan direnak ere. Jardungo Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna da Abarrategi 2022ko lehian nagusitu ostean eta aurrez lortu zuen Agirrek (2011, 2015) eta Viñasprek (2019). Onena eman beharko dute, gailentzen denak zuzeneko txartela lortuko baitu martxoaren 16ko finalerako eta gainerakoek puntuazio hurrenkeraren arabera. Gainera, bigarren finalerdiak igaro arte itxaron beharko dute.
Horretaz gain, Agirrek hirutan irabazi du Arabako Kuadrillartekoa (2010, 2018, 2020), azken honetan Abarrategirekin batera Aramaioko 'Izenbakuek' taldeko partaide modura eta Samaniegok, Zalduak eta Viñasprek 2023an 'Katuko Muñoa' taldeko kide bezala; Arabako Eskolartekoan aldiz Agirrek 2000 urtean, Viñasprek 2002an eta 2003an eta Abarrategik 2013an eta 2014an jantzi zuten txapela. Azkenik, Viñaspre 2004tik Arabako Bertsolari Txapelketan finalista da.
Arabako Bertsolari Txapelketak XVI. edizioa jokatuko du aurtengoan eta 40 urte beteko dira lehen txapelketa jokatu zenetik. Bigarren finalerdian ariko dira Dulantzin Aitor Ugarte, Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Izar Mendiguren, Paula Amilburu eta Xabi Igoa.