Galtzailerik ez Bertso Derbian

Andoni Egaña kantuan eta atzean Xabi Paya, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Oihana Iguaran. / PEDRO MARTINEZ
Andoni Egaña kantuan eta atzean Xabi Paya, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Oihana Iguaran. / PEDRO MARTINEZ

Igandean nesken derbia jokatu behar dela eta, poza nahiz pena neurriz azaldu beharko zituztela ohartarazi zien Egañak beste bost bertsolariei

AMAIA URBIETA

Realak eta Athleticek Anoetako berdegunean jokatu zuten derbian talde bat argi gailendu bazen ere, ezin gauza bera esan atzo Antzoki Zaharreko oholtza gainean jokaturiko Bertso Derbiaz. Izan ere, alde batean zein bestean ikusi ahal izan ziren pase onak, jokaldi landuak, erremateak... eta golen bat edo beste. Real Sociedad Fundazioak eta Athletic Fundazioak kirola eta kultura uztartzeko antolatzen duten ekimena da Bertso Derbia eta atzokoan 13. edizioa izan zuen. Oraingoan Athleticen koloreak defendatuz Xabi Paya, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina aritu ziren. Realzaleen aulkian, berriz, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta hutsik egiten ez duen Andoni Egaña. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte ibili zen.

Bertso Derbiaren edizio hau futbolekoaren ostean iritsi zen, beraz, pentsatzekoa zen bezperako markagailuak batzuei zein besteei jokoa emango ziela. Eta laster agertu zen bai 2-1ekoa. Arzallusen agurrean. Dena dela, Egañak azkar asko abisatu zuen neurrian azaldu beharko zituztela batzuek poza eta besteek pena, mutilen derbiaren ostean igande honetan neskena baitator.

Oholtza gainean seikotea hiruko bi taldetan banatuta bazegoen ere, Payak umeek eskolako jolas-orduan egin ohi dituzten banaketak ekarri zituen gogora. Hala, Sustrai eta Amets 'team leader' bezala ikusi zituen bizkaitarrak, «Griezmann eta Benzema»; Egañak buruz jotzeko duen erraztasuna azpimarratu zuen; eta Oihanak hanka altxatzeko duen kemena; eta Enbeitak berriki ¡«Bizkaiko Championsa» irabazi duela kontuan izanik, bera utziko omen zuten azkenerako. Azkena bertsoetan beti onena izan ohi da, ordea.

Halakoetan ohikoa den modura, umoreak bere lekua izan zuen, baina baita aldarrikapenek eta hausnarketarako gonbitak ere. Besteak beste, Ogasunarekin arazoak dituzten futbolariak ekarri zituzten gogora, baita haiek itsu-itsuan miresten dituzten «forofo, zale edo esklaboak» ere.

Euren idoloengatik galdetu zien Iriartek. Iguaran 1976an Atotxan ikurriña atera zuten futbolariez oroitu zen; Egaña urte askotan alboan izan zuen Xabier Amurizaz; Ametsek, berriz, txikitan gelan agintzen zuen mafioso hura omen zuen idolo; eta Sustraik bere amona, kroketa ederrak prestatzeaz gain xoxak gestionatzen ere ondo dakielako; Enbeitak golik sartu ez arren amore ematen ez duten horiek nabarmendu zituen; eta Xabi Payak Fredi anaia aipatu zuen, mirespen hori sekretupean gordetzeko eskatu bazuen ere.

Iriartek amaren etxetik ekarritako objektuek ere jokoa eman zuten. Hala nola, Ligak irabazi zituen Real haren irudiarekin egindako bandejak. Argazkikoak bere kintakoak izango zirela bota zion Colinak Egañari, garai hartan bera oraindik ez zela jaio argi utziz. «Ez daukat kinto txarrik» erantzun zion orduan zarauztarrak, beste kinto ezagun bat ere baduela esanez: Munilla.

Temas

Euskera