Borrar
Maialen Lujanbio, Anjel Mari Peñagarikano, Bernardo Atxaga eta JoxanGoikoetxea, herenegun Asteasun, Pello Errotaren ondoan. IÑIGO SÁNCHEZ

Ezagutzen den bertso-diskorik zaharrenaren misterioa, argituta

Joxan Goikoetxea musikari eta ikertzaile hernaniarrak uste du 1926ko grabazioan Txirritarekin kantuan ari zena ez dela Pello Errota, Asteasuko Jose Miguel Vitoria baizik

Larunbata, 21 apirila 2018

Comenta

Gauza jakina da badagoela Txirritaren disko bat aspaldikoa, 1926 urtean grabatua. Ezagutzen den bertso-diskorik zaharrena, alegia. 'Bertso berriak. Por Asteasu y Txirrita' du izenburu diskoak eta aspaldiko ustea zen 'Asteasu' goitizeneko hori Pello Errota zela, publikoaren artetik halako batean norbaitek «bota Pello!» oihu egiten baitu. Baina ikerlari batzuk aspaldi hasi ziren zalantzan jartzen teoria hori. Eresbilgo Jaione Landaberearen ustez, 'Asteasu' goitizen horren atzean Pablo Sorozabal musikari handiaren aita egon liteke, Joxe Mari Sorozabal, bertsolari izan baitzen eta hala esaten baitzioten.

Joxan Goikoetxea musikariak egin duen ikerketa luze baten ondorioz, berriz, badirudi 'Asteasu' hori beste bertsolari asteasuar bat dela: Jose Miguel Vitoria Agote 'Aranburu-berri'. Beraz, garai batean uste genuen bagenuela Pello Errotaren grabazio bat –eta hura bakarra–, baina ez dago holakorik.

Aranburu-berri baserrikoa zen gure protagonista, eta 'Anbuerri' eta 'Amuerri' esaten zioten baita ere. Bere garaian oso-oso ezaguna izan zen, Uztapidek ere aipatzen du bere oroitzapen-liburuan, baina gero, bertsolaritzaren historia idazteko garaian, oso bigarren plano batean gelditu zen.

Eskuinaldean, Jose Miguel Vitoria, Asteasuko Aranburu-berri baserriko bertsolaria. AUSPOA

Teoria honen aita Joxan Goikoetxea hernaniar musikaria dugu eta herenegun eman zuen jakitera. Kazetariok Asteasura deitu ziguten, deialdian esaten zutelarik berri handi bat emango zigutela. Kontuan izan behar da Pello Errota 1919an hil zela eta herrian hasiak direla lehen mendeurreneko ekitaldiak antolatzen.

Bi urteko ikerketa

'Bertso berriak. Por Asteasu y Txirrita' disko horren bi ale salbatu dira. Bata Eresbilek dauka, antikuario bati erosia, bestea Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentroan dago. Hau, berriz, Asteasuko etxe batean agertu zen, Oterotarrenean, Fermin Leizaola etnografoaren 'Zaharkiñak' ekimenaren barruan herriko eta baserrietako traste zaharren erakusketa antolatu zenean.

Bi erakunde horiek, Eresbilek eta Bertsozale Elkarteak, digitalizatu egin dute diskoa, baina arbelezko grabazioa denez oso-oso gaizki entzuten da barruko soinua. Joxan Goikoetxea, musikari ez ezik soinu-teknikari ere bada, eta hasia da grabazio hura 'garbitzen', orain dezente hobekiago entzuten delarik, herenegun Asteasuko ekitaldi horretan ikusi ahal izan genuenez. Bi urte eman ditu ikerketa lanean, ez bakarrik soinua hobetzen, baita egunkari eta aldizkari zaharrak miatzen, jakin nahian noizkoa den diskoa eta barruan zehatz zer dagoen.

Goikoetxea «ia-ia erotu arte» jardun du, herenegun adierazi zuenez. Azkenean, garbi utzi ahal izan omen du diskoko grabazio hori 1926koa dela, Donostiako santotomasetako ohiko bertso-jaian egina. Antzoki Zaharrean izaten zen jaialdia, baina orduan obrak egiten ari zirenez Bellas Artesera aldatu zuten saioa. Columbia-Regal etxeak egindako grabazioa da. Ordurako bazeukan teknologia mugikorra eta, halaxe, teknikaria Bellas Artesera azaldu zen.

Goikoetxeak adierazi zuenez, Koldo Mitxelena zentroan dagoen Antonio Zavalaren artxiboko Paul Aldamiz teknikariaren laguntzari esker argitu ahal izan du afera. Zentro horretantxe gordetzen baitira Jose Miguel Vitoria 'Asteasu' haren bertsopaper batzuk.

Oso jakingarria da Uztapidek bere 'Lengo egunak gogoan' oroitzapen liburuan dioena. Hasiera aldera, mutikotan nola bertsoen zale egin zen kontatzen hasten denean, honela dio: «Asteasuko Aranburu-berri kanta-papelak saltzen ibiltzen zen. Hura gizon lodia zen. Ehun bat kilo igual izango zen hura; gizon patxadazkoa. Hark bertso berdeak izaten zituen. Guk huraxe nahi. Bestela erosiko ez bagenituen ere, berdeak baldin baziren segituan erosiko genituen, eta bai ikasi ere».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ezagutzen den bertso-diskorik zaharrenaren misterioa, argituta

Ezagutzen den bertso-diskorik zaharrenaren misterioa, argituta