«Mikaela Elizegiren liburuak eskola guztietan egon beharko luke»
F.I.
Larunbata, 21 apirila 2018, 11:12
Pello Errotaren heriotzaren lehen mendeurrenaren ospakizunaren testuinguruan kokatu behar da ostegun honetan, apirilak 19, Asteasun egindako ekitaldia. Jende asko bildu zen udaletxeko aretora, eta bertaratuek gustura entzun zituzten Goikoetxea eta Atxagaren azalpenak, eta Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikanoren bertsoak.
Bi bertsolariok Pello Errotari buruz kantatu zuten batik bat. Datorren urteko otsailaren 3an ehun urte izango dira Pedro Jose Elizegi Maiz 'Pello Errota' hil zela, baina gizon haren bertso batzuk bizi-bizirik daude oraindik jendearen oroimenean.
Bernardo Atxagak bertsolaritza zaharraz jardun zuen, eta baita Mikaela Elizegiri buruz ere. Jakina denez Pello Errotaren alaba zen eta aitari buruz mintzatu zitzaion Antonio Zavalari, honek gero liburua atera zuelarik: 'Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua'. Duela gutxi euskara batuan eman du argitara Gipuzkoako Foru Aldundiak, hain zuzen ere Bernardo Atxaga editore moduan jardunda.
Asteasuko idazlearen ustez, berebiziko garrantzia du liburu honek: «Harrigarria egiten zait liburu hau eskola guztietan ez egotea. Niretzat oso inportantea izan zen. Batez ere zakur amorratuen atala iruditzen zait jakintza eta edertasun handikoa».
Bestalde, Atxagak gogorarazi zuen aspaldiko bertsolari haiek «garrasi batean» kantatzen zutela, «bertsoa tabernako gauza zelako; ez zuten ahotsa hezten».