Ansorenak etxean jaso zuen, umetan, bizitza osoan barreiatu duen musikarekiko maitasuna

Ansorenak etxean jaso zuen, umetan, bizitza osoan barreiatu duen musikarekiko maitasuna

Tradizio handiko txistulari familian sortua, zortzi urterekin hasi zen musika ikasten Donostiako Kontserbatorioan

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDI

Ansorena familiak musikarekin duen harremanaren bila abiatuz gero, atzera egin behar da denboran eta, leinuaren epizentrora iristeko, Hernanira zuzendu begirada. Han sortu zen 1892 urtean, izen eta tradizio handiko txistulari familian, Jose Luis Ansorenaren aita Isidro, txistulari handietan handienetakoa, 1975ean Donostian zendua.

Izan ere, Donostiako Udal Txistulari Bandako lehen txistulari postua lortu zuenean -horren zuzendari izatera iritsiko zen- mugitu zen Hernanitik Donostiara Isidro Ansorena. Ordurako Concepción Mirandarekin ezkonduta zegoen, eta bazituzten lau seme. Beste bost, Jose Luis barne, Donostian jaio ziren, eta bertan osatu zen musikak aparteko garrantzia zeukan familia zabala.

Jose Luis Ansorenak erretiroa hartu berritan eskaini zuen elkarrizketa batean gogoratu zuen bezala, Ansorena Miranda familiako haur denek egin zituzten musika ikasketak Donostiako Kontserbatorioan, aitak uste zuelako ezinbestekoa zela arlo hori ondo lantzea gazteen prestakuntza osatzeko.

Bere kasuan, zortzi urte zituela hasi zen Donostiako Kontserbatorioan, Luis Urteaga eta Beltran Pagola irakasleekin, besteak beste. Pianoa jotzen ikasi zuen, eta txistua jotzen ere bai, jakina. Eskolan, berriz, koruko kide izan zen, tiple, artean jakin gabe seguruenik musika bilakatuko zela bere zaletasun nagusia, eta bere bizitzako ardatzetako bat.

1953an apaiz bihurtuta, musika-arrastoa utzi zuen egitekoek eraman zuten toki guztietan

Hamalau urteko mutikoa zela sartu zen Kaputxinoek Altsasun zuten seminarioan, non bere kurtsoko abesbatza zuzendu zuen. 1953an apaiztu zen, Iruñean, eta hurrengo urtean amaitu zituen ikasketak, Aita Donostia izan zuelarik gidari espiritual eta, pentsatzekoa denez, musikaren bidean ere lagun. Apaiz bihurtuta, musika-arrastoa utzi zuen bere egitekoek eraman zuten toki guztietan. Aipatu elkarrizketan gogoratu zuenez, «Iruñera joan nintzenean ere abesbatza bat zuzendu nuen. Azken batean, ia bizitza osoan egin dut musika, batez ere musika korala».

Iruñean lan handia egin zuen hamar urtez haur abesbatza batekin, bere asmoa ez baitzen soilik koru bat osatzea, eskolaniako kantari txikiei prestakuntza musikal sendoa eskaintzea baizik. Elizarako eta elizkizunetarako kantuak ez ezik, errepertorio profanoa ere landu zuten, eta ohikoa bilakatu zen han eta hemen kontzertuak ematera gonbidatzea.

San Antonioren Eskolaniaren ondotik, ikasle ohiei zuzendutako San Antonioren Gazteria sortu zuen Iruñean, musika ez ezik kirola ere landuz. Zaragozara bidali zutenean, Torrero Komunitatera hain zuzen, beste horrenbeste egin zuen bertako gazteekin. Egiteko zeukan, hala ere, bidaiarik luzeen eta emankorrena, Errenterian burutu duena.

Más

Temas

Euskera