'Egan'-en aro berria
RSBAPek sortutako aldizkariak 70 urte bete ditu, beste zuzendaritza talde bat izendatu dute eta datorren ostiralean ospakizuna egingo dute
Egan aldizkariak egin duena ez da txantxa. 70 urte bete ditu eta osasuna erakusten du geroari begira. Datorren ostiralean ospakizun-ekitaldia egingo dute Foru Aldundiaren jauregian.
1948an hasi zen aldizkaria, gaur arte iraun du eta, gainera, aurrera begira arnasberrituta ageri zaigu. Hogeita bost urtez gidari-lana egin dutenek utzi egin diote eta talde berri batek hartu du ardura. Iaz, Koro Segurola izendatu zuten zuzendari eta aurten ekin dio lan horri, alboan lantalde hau –ez nolanahikoa– izango duelarik: Ana Gandara (EHU, erredakzio-arduraduna), Iñaki Aldekoa (EHU), Izaro Arroita (EHU), Beñat Sarasola (EHU), Joseba Sarrionandia (idazlea) eta Juan Luis Zabala (idazlea eta itzultzailea). Ikusten denez, euskal literaturarekin harreman sendo eta iraunkorra izandako jendeak hartu du ontziaren gidaritza.
Zuzendari berriari dagokionez, Koro Segurola (Usurbil, 1962) Euskal Filologian lizentziaduna da (1985) eta badira 30 urte baino gehiago Euskaltzaindirako ari dela lanean dedikazio osoz, besteak beste 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa' (EHHA) egitasmoan.
Jakina denez, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (RSBAP) buletinaren literatur gehigarri gisa jaio zen 'Egan' 1948an. Zuzendari berria RSBAPko kide da 2014tik eta 2016tik Elkartearen Gipuzkoako Zuzendaritzako kidea.
Segurolaren zuzendaritza-aroko lehenengo lana aurkibideak publikatzea izan da. Lanak bildu, sailkatu eta hiru aurkibide prestatu dituzte (egileka, gaika eta aleka antolatuak).
Goazen hasierako garaietara, 1948ra. 'Egan', hasiera hartan, aldizkari elebiduna zen. Batik bat gaztelaniazko lanak publikatzen zituen, giro politikoa ez baitzegoen erakustaldi arranditsuetarako. Gaztelaniaz idatzi ohi zutenak zeuden alde batetik: Jose Migel Azaola, Jose Arteche, Gabriel Celaya, Mariano Ciriquiain eta beste batzuk; baina, aldamenean, hasiera beretik, Salbatore Mitxelena, Emeterio Arrese, Federiko Krutwig eta beste batzuen euskal testuak ere ikus daitezke lehenengo zenbakietan.
Hona lehen zenbakiko material batzuk: Blas de Oteroren 'Poemas para el hombre' olerki sorta, Luis de Castresanaren 'Lolo' ipuina eta 'Su ondoan' atala, non Barandiaranek Ataunen jasotako leienda batzuk eskaintzen ziren, Jose Migelen izenik aipatu gabe.
Aldizkariak honela definitu zuen bere burua lehenbiziko alean: «Egan viene, pues, a decir poesías y cuentos; y a hablar, algún rato, de literatura, pero sin pedantería».
Bigarren urtean, 1949an, Federiko Krutwigen olerki batzuk publikatu zituen 'Egan'-ek. Ordurako lapurtera klasikoaren aldeko jarrera irmoa ageri du bizkaitarrak: 'nihori', 'bakharrik', 'iphintzen'...
Handik bi urtera, 1951n, 'Aspaldiko' gaitzizenaren azpian ezkutatuta, norbaitek 'Euskeraren batasuna' artikulua argitaratu zuen, eta irakurlea segituan ohartzen da artikulugileak transmititu nahi duen mezuaz: eskerrak ematen dizkio Krutwigi, «lozorroan zegoen Euskaltzaindia suspertu duelako», baina haren hizkuntz hautua ez da egokia; komeni dena da gipuzkera osotua.
1953. urtean aldaketa handi bat gertatu zen: Antonio Arrue (1903-1976), Aingeru Irigarai (1899-1983) eta Luis Mitxelena (1915-1987) –hirurak euskaltzainak– hasten dira aldizkariaren erredakzio eta zuzendaritza-lanetan, eta euskara hutsezko bihurtzen dute. 1954an dator aro berriko lehen alea, eta orduantxe hasten du Arruek egiten bere gastronomia saila ('Jan-edanak'), eta orduantxe baita ere Mitxelenaren zine-kritikak...
1953tik 1987ra bitartean kaleratutako 55 zenbakietan, euskal letretako izen handienetako batzuek parte hartu zuten aldizkarian: Luis Mitxelena, Jon Mirande, Txomin Peillen, Txillardegi, Gabriel Aresti, Manuel Lekuona, Antonio Mª Labaien, Nemesio Etxaniz, Piarres Larzabal, Jon Etxaide, Piarres Laffitte, Gurutz Ansola...
1980ko hamarkadan, Arrue eta Irigarai hilda zeudela, Mitxelenak Juan San Martinen laguntza izan zuen aldizkaria aurrera ateratzeko. 1987an Mitxelena hil zen eta hurrengo urtean ez zen alerik kaleratu. 1989-1992 epean, lehen urtean Juan San Martinek eta Iñaki Zumaldek gidatu zuten aldizkaria, eta San Martinek utzi ondoren, Zumaldek bakarrik. Sortu berria zen Euskal Idazleen Elkartetik (1982) laguntzaileak ere izan zituzten, Arantxa Urretabizkaia eta Andu Lertxundi.
1992an eman zitzaion hasiera laugarren aldiari edo, aldizkaria euskara hutsean argitaratzen hasten denetik, hirugarren aro nagusiari. Ordutik 2017 arte eraman dute aldizkariaren zuzendaritza Gillermo Etxeberriak eta Luis Mari Mujika zenak (1939-2017). Bikote honi zor zaio aldizkariaren itxura aldatu eta 'Azterketa literarioa' eta kritika-sailak indartu izana. «Bai, nik 'Azterketa literarioak' atal hori nabarmenduko nuke Luis Mari eta biok bizi izandako etapatik –adierazi digu Guillermo Etxeberriak–. Bertan agertu diren hainbat artikulu uste dut kontuan hartzeko modukoak izan direla; besteak beste, Jon Kortazar, Patxi Salaberri, Patri Urkizu, Fito Rodriguezen lanak».