Iruñean egingo dira martxoaren 17an Ekoizleen III. Topaketak
Euroeskualdea osatzen duten hiru lurraldeetako profesionalak elkartuko dira Zinema Zubiak ekimenaren baitako jardunaldian
Osteguna, 10 otsaila 2022, 12:58
Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko enpresen eta profesionalen arteko harremanak eta ikus-entzunezko proiektuen garapena sustatu eta dinamizatzeko sortu zen Zinema Zubiak ekimenak III. topaketa egingo du martxoaren 17an, Iruñeko Punto de Vista zinema festibalaren barruan, Baluarteko Luneta Aretoan.
Zukugailua, NAPAR eta Ibaia elkarteek koordinatzen dute, Euroeskualdea osatzen duten hiru lurraldeen ordezkari gisa. Iruñeko zitarekin, azaroan B (2. edizioa) eta irailean Donostiako Zinemaldian (1. edizioa) egindako topaketei jarraipena emango diete.
Jardunaldia NaparDocs ekimenarekin hasiko da, urtero Punto de Vistaren baitan NAPARek antolatzen duen ekimena. Bertan, gidoi eta zuzendaritzari, ekoizpen zein banaketari buruzko hiru mahai-inguru izanen dira, profeisonalen arteko eztabaidarako gunea sortuz. Festibalak gonbidatutako pertsonek moderatuko dituzte eta datozen egunetan iragarriko dira.
Hiru mintzaldi horietatik abiatuta, NaparDocs-ek esperientziak trukatzeko, gure prestakuntza aberasteko eta kezkak, sormen-uneak eta erronka komunak partekatzeko aukera ematen digu, beste profesional batzuekin loturak sortuz.
Bazkaltzeko atsedenaldiaren ondoren networking saioa iritsiko da. Banakako bilkura profesionalen bidez, jarduera honen helburua da ikus-entzunezko lankidetza eta koprodukzioa sustatzea, horrela Pirinioen bi aldeetan mugaz gaindiko zubiak sortuz, Zinema Zubiak proiektuaren izenak adierazten duen bezala.
Topaketa hauetan parte hartzeko web formularioa bete beharra dago martxoaren 3a baino lehen. Izena emateko epea amaitu ondoren, datu horiek gainerako parte-hartzaile interesatuekin batera partekatuko dira, bilerak ezarritako ordutegiaren barruan antola ditzaten. Bilera horiek bertaratutakoen artean kudeatuko dira, eta agenda osatzen joan beharko dute. Antolatzaileek gogoratu dutenez, «aukera paregabea da ikus-entzunezko proiektuak garatu eta arlo honetan aliantzak bilatzeko interesa» dutenentzat.