Borrar
Dokumentaleko irudi bat. Dramatikoenei uko egin die zuzendariak.

Aurreneko astean, harrera beroa egin diote ikusleek 'Aita Mari' filmari

Joan den ostiralean estreinatu zenetik 1.400 ikusle izan ditu, eta hurrengo egunetan Gipuzkoako hainbat herritan ikusi ahal izango da

m. imaz

Ostirala, 10 abendua 2021, 13:42

Comenta

Javi Julio donostiarrak zuzendutako 'Aita Mari' film dokumental luzea harrera beroa ari da jasotzen ikusleen aldetik. Joan den ostiralean estreinatu zen, abenduaren 3an, eta aurreneko astean 1.400 ikusle bildu ditu. Kopurua ez da ordea dena. Filmaren sustapenaz arduratzen direnek nabarmendu dute emanaldi asko txalo artean amaitu direla, eta Donostiako Trueba zinema aretoetan bikoiztu egin behar izan dituztela saioak.

Bigarren astean, Atera Filmsek banatzen duen filma Donostiako Principe zinemetan eta Errenteriako Niessenen zein Bartzelona eta Lleidako areto banatan dago ikusgai, eta horrez gain honako paseak antolatu dira hurrengo egunetarako: Villabonako Gurea Antzokian, abenduaren 11,12 eta 13an; Zumarragako Zelai Aristin 11an eta 13an; Beasaingo Usurbe antzokian 14an eta 19an Anoetako Kultur Etxean. Getxon, Durangon, Leioan eta Galdakaon ere aurkeztuko da.

'Aita Mari' filmak kontatzen du nola bihurtu zuenatunontzi zahar bat erreskate-ontzi 2015ean sortutako Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) izeneko GKEak. Kontatzen ditu, halaber, Mediterraneoko urak zeharkatzeko eta itsasontzi prekarioetan gatazka-lekuetatik ihes egiten duten 80 pertsonari laguntzeko baimena lortu arte izandako arazo burokratikoak. Ideia Iñigo Mijangosek eta Iñigo Gutierrezek izan zuten 'Stella Maris Berria' izeneko itsasontzia desegitera zihoazela ikustean. 'Aita Mari' bilakatutako itsasontzia haren bi urtetik gorako odisea kontatzen du filmak, berreraiki zenetik lehen erreskatea amaitu arte.

Traba burokratikoen arrazoiak

Lanik zailena ez zen izan, baina, ontzia egokitzea. Gogoratu dutenez, «langileen eta boluntarioen laguntza eskuzabalari esker egin ziren berregokitze lan zailen ondoren, tripulazioak sekulako eragozpenari aurre egin beharko zion: Espainiako Gobernuak ukatu egin zion itsasoratzeko baimena. Dokumentalak traba burokratikoen arrazoiak eta Aita Mariren misioak galarazteko erabakian ezkutatzen diren interes europarrak argitzen ditu».

Handik ia urtebetera, «tripulazioak egoera desblokeatzeko eta itsasoratzeko bidea aurkitu zuen. Mediterraneora helduta, Libiak zaintzen duen leku batean pateren bila hasi ziren. Irudiek erreskate bat erakusten dute, baita Libiako patruila batekin izandako tentsio handiko topaketa bat ere».

«Jende xume eta anonimoa aldatu egiten da. Aurreko bizitza utzi eta estatuek egin beharko luketen lana egiten dute»

javier julio

Zuzendaria

Filmean dokumentatutako itsasontziaren lehen misiotik, Aita Marik itsasoan galdutako 400 pertsona baino gehiago erreskatatu ditu. Azken 105ak Mediterraneoko uretan, joan den urriaren 20an; horien artean 22 adin txikikoak ziren. Sei egun geroago, ontzia Trapani-n (Sizilia) lehorreratu zen, eta Gurutze Gorriko kideek artatu zituzten. Aita Mari ontziko tripulatzaileek egin beharreko berrogeialdiaren ondoren, itsasontzia azaroaren 2an (asteartean) abiatu zen, 17:00etan, Burrianako porturantz (Castello), han baitu ezarrita bere operazio-basea.

Itxaropen-mezua

«Zuzendariak uko egin die irudi dramatikoenei, eta Europak mugen inguruan duen politikaren ondorio tragikoak modu didaktiko batean erakustea erabaki du», azaldu dute. Filmak, era berean, «itxaropen-mezu bat zabaltzen du, ezezaguna den hori eta atzerritarra arbuiatzearen ingurukoa». Zinemagile donostiarrak azaldu moduan, «ez da itsasoko erreskatearen epikari buruzko dokumentala. Aipagai ditu jende xume eta anonimoa aldatu egiten dela, eta haien aurreko bizitza utzi eta estatuek egin beharko luketen lana egiten dutela». Funtsean, Aita Mari herritar anonimoek gerratik eta gosetetik ihes egiten duten pertsonei laguntzeko egindako ahalegin kolektiboaren historia da.

Aita Marik Eusko Jaurlaritzaren laguntza instituzionala du (Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailaren bitartez), baita Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Aldundien laguntza ere. Laboral Kutxaren laguntza berezia ere badu, baita Orona Fundazioaren, Irizar Fundazioaren, Rosa Luxemburgo Fundazioaren eta ELA Sindikatuaren laguntza ere.

 

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Aurreneko astean, harrera beroa egin diote ikusleek 'Aita Mari' filmari

Aurreneko astean, harrera beroa egin diote ikusleek 'Aita Mari' filmari