Borrar
Aiora Renteria, Zea Mays taldeko kideekin. DV

Bueltan da Zea Mays korazatua

Elkarren segidako bi gauetan aurkeztuko du Bilboko taldeak 'Atera' bere hamargarren diskoa, sarrerak agortuta

Juan G. Andrés

SAN SEBASTIÁN.

Asteartea, 4 otsaila 2020, 11:00

Comenta

Lehenbiziko kontzertuko sarrerak salgai jarri eta agortu ziren, baita ondoren programatu zen bigarren saiokoak ere. Guztira, 600 lagun bilduko dira Dabadaba aretoan ostiralean eta larunbatean Zea Mays-en zuzeneko indartsuarekin gozatzeko asmoz. Bilboko taldeak, joan den urteko amaieran kaleratu zuen 'Atera' (2019), bere azken diskoa, eta hasi berria den biran betiko kemenari eusten ari da. Martxoaren 14an Azpeitiako San Agustin kulturgunean ere arituko dira.

Aiora Renteria kantariak dioenez, 'atera' aditzeko «esanahi guztiak» diskoaren tituluan islatzen saiatu dira. Nondik 'atera'? «Lokaletik atera, etxetik, Bilbotik, Euskal Herritik, Estatutik, Europatik, mundutik... Barruan dugun guztia atera. Era oso positibo batean erabili nahi izan dugu hitz hori», erantzun du. Izan ere, hala abestu du izen bereko kantan: «Atera kutxan dena / Iragana nigandik bota / Atera barruan dena /Egindakoa ahaztu dezadan». Bere irudiko, «ez da ezer lurperatu behar, gauzak atera eta ihes egiten utzi behar zaie».

Beste behin ere, bere arima guztiak disko batean bildu ditu Zea Mays-ek (popa, stoner-rocka, indie-a, musika elektronikoa..), aniztasunean gustura dauden seinale. «Gauza asko entzuten ditugu eta hori egiten dugun musikan ere islatzen da. Eroso gaude gustuko ditugun abestiak egiten, estiloari eta etiketei erreparatu gabe», dio. Eta Aiorak gaineratu duenez, ez dute pentsatzen askotariko estilo jorratzeak ondo datorkien ala ez: «Barruan duguna ateratzen dugu, kasu batzuetan jende gehiagorengana helduko da eta beste batzuetan, ez. Lokalean, geure burua asetzen duen musika egiten dugu».

Edonola ere, oraingo honetan Carles Campi Campón ekoizlearekin lan egin dute, besteak beste, Jorge Drexlerrekin eta Vetusta Morlarekin aritutakoa. «Nago bete-betean asmatu dutela aukeraketarekin. Izan ere, ñabardurak zaintzeaz gain, abestiek behar zuten boltaia ematen jakin izan dio kataluniarrak: garbi baina 'fuzzy', elektroniko baina organiko... Kasu, kalanbrea eman dezake eta arte-faktu honek!», idatzi du promoziozko orrian Gorka Urbizuk, Berri Txarrak taldeko abeslariak.

Disko berria 'Gaur ni naiz' ereserkiarekin hasi eta 'Ur jauzia' izeneko abestiarekin bukatzen da. Bietan, Zea Mays-en lan gehienetan beti presente egon den elementua ageri da: ura. «Suposatzen dut erabili ohi dugula bizirauteko ezinbestekoa delako. Urak bizitza eman eta kendu egiten du eta joko hori oso interesgarria da guretzat», gaineratu du kantariak. 'Ilara hilobi' abestian, berriz, gizarte-kritika da nabari: «Everesteko gailurrean pertsona batzuk ilara batean zain zeudela hil zirela irakurri eta horren harira dator letra. Gaur egungo egoeraren kritika da, kontsumitzeko era eta horrek dakartzan gauza harrigarriak aipatu ditugu».

Ohikoa denez, festarako eta dantzarako aproposak diren doinuak eta hitzak ere sartu dituzte, esate baterako, 'Kea' abestian: «Kea bezala airean / Hegan nabil gauean / Dantza luze batean / Mihazkatuz haizea». Aiora Renteriak gustuko du taldearen alde «dantzagarri» hori eta jakin badaki astebururo, Euskal Herriko taberna askok eta askok 'Negua joan da ta' haien kanta ezagunenarekin ixten dituztela ateak: «Noizbait zuzenean bizi izan dugu momentu hori. Kanta horrek milaka bertsio ditu eta milioika bisita YouTube-n. Egia izan, izugarria da gure abestietako bat hain garrantzitsua izatea hainbeste jenderen bizitzan», onartu du.

Eta betiko lez, sexuaz ere itzulinguruka ibili gabe mintzatu dira 'Hiri eri' («Orgasmoa eta dutxa beroa») eta 'Haizearen jainko beltza' («Ireki dizkit izterrak») kantetan: «Sexuaz lasai-lasai hitz egin dugu beti, baina beti gelditzen dira tabu asko. Baliteke aurrerago horietaz ere ateratzeko gai izatea».

Kanta guztien hitzak Zea Mays-ek idatziak dira, bat izan ezik, Joseba Sarrionandiaren 'Zintzilik', hain zuzen. 'Gure oroitzapenak' (2018) proiekturako idazle bizkaitarraren poema horri musika jarri zioten Aiorak eta besteek. Kanta 'zintzilik' utzi nahi ez zutenez, berriz grabatu zuten eta hemendik aurrera, haien diskografiaren parte izango da betiko.

«Helduleku fidagarria»

Hogei urteko ibilbidean, 10 disko kaleratu dituzte. Ez da marka txarra. «Lan gogorra» egitea da sekretua, «beti zorte handia» izan dutela onartu arren. Denbora honetan guztian, «gauza asko» galdu dutela badakite, baina «askoz ere gehiago irabazi» dute. «Lagun itzelak egin ditugu, jende oso interesgarria ezagutu dugu, baita herri, hiri eta herrialde pila bat ere», azpimarratu du Aiorak.

Ohikoa ez den arren, ibilbide guztiari eutsi diote formazio berberarekin eta taldekideak 'Zea Mays' (1998) aurreneko diskokoak dira: Aiora Renteria (ahotsa), Iñaki Imaz 'Piti' (gitarrak), Ruben Gonzalez (baxua) eta Asier Basabe (bateria). Edozein erlaziotan gertatzen den moduan, «une kritikoak» bizi izan dituzte, baina horiek «indartsuago» egin dituztelakoan dago kantaria: «Zailena denok erritmo berdinari eustea eta familia eta lanak koordinatzea da».

Oztopoak oztopo, Euskal Herriko rockaren erreferente izaten jarraitzen dute. Gorka Urbizuk dioenez, «helduleku fidagarria» da Zea Mays, «euskal musikaren itsasoa zeharkatzen bi hamarkadatik gora daramazkien korazatu bat». Aiora Renteriaren esanetan, «oso hitz politak» idatzi dizkie Berri Txarrak taldeko kantariak: «Korazatua izatea nahiko genuke, guk aurrera egiten dugu gauzak asko planteatu gabe. Ez dakigu fidagarriak garen, guk geure bihotzari eta barruko sentimenduei kasu egin diegu beti, onerako edo txarrerako».

Berri Txarrak-en etenaldi mugagabeari dagokionez, honakoa iritzi dio Aiorak: «Albisteak hilkor egin gintuen, denok amaiera bat izango dugula erakutsi zigun. Pena handia eman zigun, baina haien erabakia da eta ziur gaude gauza izugarriak egiten jarraituko dutela». Eta Zea Mays-en amaiera gertu ala urrun dagoen galdetuta, hala erantzun du: «Gure jarduera eteteko zer gertatu beharko litzatekeen? Gure buruak ez asetzea, emoziorik ez sentitzea, aspertzea...». Beraz, ez dago zertan kezkatu: itxura guztien arabera, bilbotarrek zeresan handia emango dute oraindik.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bueltan da Zea Mays korazatua

Bueltan da Zea Mays korazatua