«Bizitzan hiru gauza daude: heriotza, bakardadea eta maitasuna»

Iñaki Irazu, aste honetan Donostiako Miramar parkean/Lobo Altuna
Iñaki Irazu, aste honetan Donostiako Miramar parkean / Lobo Altuna

Ia berrogei urte eman ditu olerkiak idazten, batzuk Jabier Muguruzak erabili ditu, eta orain lehenengo liburua plazaratu du

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Iñaki Irazu Garmendiak (Asteasu, 1954) bere lehenbiziko liburua atera berri du: 'Errukiaren saria' olerki-bilduma (Erein arg.). Orain plazaratu du, baina badira ia berrogei urte poemak egiteari ekin ziola. Horietako asko Jabier Muguruzak musikatu ditu. Bizimodua euskaltegian euskara ikasten atera izan du.

-Sinesten duzu poesian...

- Nacho Vegari elkarrizketa egin zioten eta gogoan dukt esandako gauza bat: «Un poema te puede llevar muy lejos».

-Liburua aurkeztean, orain aste gutxi, esan zenuen kronika tankera daukala zure poesiak. Liburuaren izenburuan ere hori diozu: 'Errukiaren saria. Eta beste kronika batzuk'.

-Ez dut kontzienteki kronista izan nahi. Liburuan hiru liburu diferente daude, kritikari batek esan duen bezala. Lehenengo bietan tonu narratiboa erabili dut, zerbait kontatu nahi izan dut. Azken partea, hirugarrena, pertsonalagoa dela esan didate lagunek, eta bat nator.

- Lehen partean giro politiko bat sumatzen da. Polizia etxeak ageri dira, tortura...

- Ez nituzke hitz horiek erabiliko. Begira, bizitzan hiru gauza daude bizi ditugunak eta bizi gaituztenak: heriotza, bakardadea eta maitasuna. Jarri nahi duzun ordenean. Egunero aldatzen da eragile bakoitzarekin daukagun harremana.

- Olerki batean, hemendik Frantziara pasa nahian itotzen den portugaldar bati buruz ari zara.

-Poema horrekin feed-back batzuk izan ditut. Ez dakigu gizona ito den engainatuta, edo izan den errore bat. Indarra, poema horretan, 'maleta' hitzak hartzen du.

-Liburuko lehen poeman mendia aipatzen da. Gero apenas dagoen mendirik eta zelairik. Lehenengo poema horretan antzara eta muskerra aipatzen dituzu, eta niri Obaba etorri zait gogora.

- Hala da. Paisaia diferente bat agertzen da poema horretan. Zergatik? Anaia zaharraren [Bernardo Atxaga] hitzak dira, eta poema idaztean anaiaren liburuaren, Obabaren eragina izango nuen. Hala ere, antzara eta muskerra, nik ikusitako, nik bizitako gauzak ere badira. Aspaldiko poema da, izango ditu 25 urte, eta Jabier Muguruzaren lehen diskoan agertzen da. 'Obabakoak'-en badago esaldi hau: 'Egunero aterako nintzateke paseatzera'. Sonoritate handiko esaldia da. Nik, hori entzutean, trenak pasatzen eta tantak erortzen sentitzen ditut. Inoiz ikusi ditut egunkarian kronika batzuk literatura direnak, eta fabularen balioa hartzen dutenak. Adidibez, gogoan daukat Karrantzan urte batean lehortea egin zuela eta erroiak goseak zeudela eta joaten zirela saldoka abereen gainera; eta hango marruak! Zer dago kronika horretan? Hor badago zerbait gehiago, baina nork jartzen du 'gehiago' hori? Irakaurleak. Zer da elementu poetikoa? Gustatzen zait Gómez Pinek behin esan zuena: elementu poetikoa, izan daiteke zientzia, izan daiteke saiakera, izan daiteke Einsteinen formula erlatibitatearena, azken batean poesia zera da, gordean dagoen harreman bat, ezagutza bat, azaleraztea.

- Poesiaz gogoeta asko egina duzu...

- Zein da hogeigarren mendeko poetarik handiena? Nonbaitean irakurri nuen Kafka dela, haren obran irakurtzen dugulako hogeigarren mendearen muina. Eta horren froga omen da adjektiboa sortu zela: 'fafkiarra'. Nik kontatuko banizu nire gorraizea dela gestioak egitera joan Adminsitraziora eta funtzionarioen erantzunak… hori bai dela kafkiarra. Joan nintzen entzun nuelako diru-laguntza ematen zutela audifonoa erosteko. Apuntatuta dauzkat funtzionarioen erantzun batzuk. Kafka bera abokatua zen eta bulego batean egiten zuen lan, baina ez edozein bulegotan: aseguru etxe batean. Hogeigarren mendearen bihotzean bizi zela esan liteke. Beste gauza bat: poesian hitzak berak agindu behar du. Mallarmék esaten zuen bezala, askotan ez du agintzen sentimenduak, eta ideia batek are gutxiago. Poesia hitzekin egiten da, eta nire liburu honetan hori ikusi dut garbi. Zergatik ipini dugu izenburutzat 'Errukiaren saria'? Azken momentuan erabaki genuen, orain izan balitz, ate-joka eta berandu iritsi den beste poema baten izena ipiniko nioke liburuari: 'Zakur zaunka'.

-Zure liburuan ez dago metaforarik, bigarren esanahia duen hitzik.

- Ez nuen metaforarik nahi. Nahi nuen zerbait indartsua, honestoa, nolabait esateko. Momenturen batean erabili ditut metaforak, 'Herriko gazte baten kontuak' olerkian, baina zergatik? Bestela ezin nuelako. Metafora gauza kamutsa bihurtzen da. Bere lekua eduki dezake, eta oso ondo gelditzen da, adibidez, sentimendu bat agertzeko: nere bihotzeko azukre koskorra. Hor zaila da, hala ere, zerbait berria esatea. Bestalde, metafora gauza abstraktua da eta ez du minik egiten. Diktadura garaian metafora bidez hitz egiten zuten: 'Longa noite de pedra', 'Tiempo de silencio'... Bladi Oterok idatzi zuen harako hura -'España, camisa blanca de mi esperanza'- diktadura garaian idatzi zuen, eta jakina, hori edonork kanta dezake.

- Esan gauza gehiago poesiaz.

- Poesia batek itzal bat eragin behar du, bere baitan dardar bat bildu behar du.

- Olerki sorta honekin argitaletxe baten ezetza jaso omen zenuen.

- Argitaletxe batzuetan aurkeztu nuen eta erantzunak interesgarriak izan ziren. Batean, eskertu zizkidaten sortako bi edo hiru poema, eta erantzun interesgarria zen, zeren editore edo kritikari horrek goratzen zituen ale horiek, egiazki, besteak ez bezalakoak ziren. Aldiz, ez zitzaizkion gustatu kronika itxurako poemak, sinpleegiak ote ziren esan zidan. Baina nik ez nuen fedea galdu eta defentsak aktibatu nituen. Aurkezpenetan aipatu izan dut Pedro Mari Otaño, aipatu izan dut 'kronika' hitza... Bitxia da batzuek zer espero duten poesiatik: zerbait liluragarria... baina paradoxikoki gero mespretxatu egiten da genero hau.

- Sinpleak?

- Bai, hitz hori. Eta 'sinple' irakurrita, Antonio Zavala etorri zitzaidan gogora. 'Erlea' aldizkarian Pello Esnalen artikulu bat irakurri nuen, 'Neronek tirako nizkin' liburuaren barne-historiaz, oso interesgarria, eta hor agertzen da nola esaten zioten Aita Zavalari liburu horren idazkera sinplea zela, eta hark zer erantzuten zuen: «Ebanjelioko idazkera ere sinplea da, eta zer?». Nik egin banitu poema batzuk, abstraktuagoak, kriptikoak... horrek badu bere prestigioa. Egin banitu poema batzuk metaforen distira dutenak, edo «ederraren joko horretan» sartuta, orduan beharbada prestigio gahiago izango nuke. Kafkarengana itzuliz: nik irakurri dut, berriz ere, 'Metamorfosia', eta guztiz errealista eta laua da.

- Esan zure gustuko poeta batzuk.

- Oso gustukoak ditut Ingalaterrako batzuk. Han badago poesia egiteko modu bat, Pedro Mari Otañorekin lotu daitekeena, kronika kutsukoa. Bereziki gustatzen zait Thomas Hardy, XX. mende hasieran oso poema ederrak publikatu zituena, aurretik eleberri batzuk publikatuak zituelarik. Esaten dute lehen poeta modernoa dela Ingalaterran. Gizon honen tonua gustukoa dut, tonu laua, apal baina intentsoa. Gil de Biedma eta Kavafisengan ere ikusi dudan tonu hori, alegia.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos