Borrar

Bertsolaritza babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatu du Jaurlaritzak

Jatorrizkoa duen lurralde guztian babestu beharreko kultura ondare immateriala dela aitortzen zaio bertsolaritzari, aurretik Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere lortua baitu izendapena

DV

Asteartea, 11 ekaina 2024, 14:23

Comenta

Bertsolaritzak babes bereziko kultura ondasun immaterial izendapena izango du, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak astearte honetan izendapena jasotzen duen dekretua onetsi ondoren. Euskadin izendapen hau jasotzen duen lehenengo elementua da bertsolaritza, eta babesa eta transmisioa bultzatzeko balioko du, Jaurlaritzako arduradunek nabarmendu dutenez.

Izendapenarekin, kultura ondare immaterialak dituen ezaugarriak aitortzen zaizkio bertsolaritzari, Bertsozale Elkarteak argitu duenez, balio handiko ondare egiten dutenak: belaunaldiz belaunaldi helarazia, komunitateei identitate sentimendua ematen diena, eta kultura aniztasunarekiko eta giza sorkuntzarekiko errespetua areagotzeko laguntza ematen duena. Halaber, berau babesteko neurriak ere aitortzen zaizkio; besteak beste, komunikazio eta publizitate kanpainak, prestakuntza programak edota beste administrazio batzuekiko hitzarmenak. Euskal Autonomia Erkidegoa gainditzen duen jarduera izanik, kooperazio akordioak ere aipatzen dira Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoarekin.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak zehazten duenez, «kultura ondare immateriala deitzen da komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak».

Legearen arabera, «belaunaldiz belaunaldi transmititutako kultura ondare immaterial hori komunitateek eta taldeek birsortzen dute etengabe, naturaren eta beren historiaren elkarreraginez. Identitate eta jarraipen sentimendu bat ematen die, kultura aniztasunaren errespetua eta giza sorkuntza sustatzen dutena». Gainera, legeak bertsolaritza finkatzen du ondare immaterialeko kategoria bat bezala.

Bingen Zupiria jarduneko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2023ko ekainean Eusko Legebiltzarrean adierazi zuenez, bertsolaritza da ondare immaterialaren «adibiderik argiena». «Belaunaldiz belaunaldi komunitateak transmititzen, babesten eta aitortzen jakin duen adierazpen bizia da», esan zuen.

Jaurlaritzak bertsolaritzaren babes bereziko kultura ondasun immaterial izendapena onartuta, dekretuaren berri emango zaie orain Euskal Herriko Bertsozale Elkarteari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa aldundiei, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteari eta Eusko Jaularitzako Hezkuntza Sailari.

Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bertsolaritza inskribatuko du Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) eta hiru lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko da, eta orduan sartuko da indarrean.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bertsolaritza babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatu du Jaurlaritzak

Bertsolaritza babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatu du Jaurlaritzak