Bertsolariei eta bertsolaritzari buruzko 'perlak' garai bateko prentsan
Bertsolaritzari buruzko 4.000tik gora pieza bildu dituzte 1980 aurreko prentsan, eta horietako zenbait argitaratu dituzte 'Prentsa historikoko perlak' izenburua daraman 'Bertsolari' aldizkariko udazkeneko alean
Ostirala, 29 urria 2021, 15:54
Beste alor askotan bezala, unean uneko premiek eraginda-edo, bertsolaritzan ere lehentasuna izan dute orainak eta etorkizunak, iraganaren ezagutzaen kaltetan askotan. 'Bertsolari' aldizkariaren udazkeneko alearen berri emateko zabaldu duten oharrean irakur daitekeenez, «bertsolaritzak distira soziala eta oihartzun mediatikoa irabazi ditu azken hamarkadetan, angelu guztietatik atera zaizkio argazkiak, ikuspegi askotatik gogoetatu da, baina izan ziren haiei buruzko ezagutzan ez da askorik aurreratu 1963an Zavalak 'Bosquejo de historia del bertsolarismo' hura argitaratu zuenetik».
Bada hutsune hori betetzen hasteari ekin diote aldizkarian, eta hemeroteka digitaletan arrasto gehiagoren bila ibiltzeaz gain «Zavalak berak jasotakoak gordetzen dituzten kaxa zaharrei hautsa kentzen ere» ibili dira. Hainbat hilabetetako lanaren ondotik bertsolaritzari buruzko 4.000tik gora pieza bildu dituzte 1980 aurreko prentsan, eta horietako zenbait aukeratu dituzte aldizkarirako «historiaren puzzlea osatzeko egokiak direla edo testu nahiz bitxikeria gisa balio bat badutela iruditu zaigulako».
Horien artean daude «Etxahunen edo Txirritarren epaiketen kontakizunak; egunkari austriarrean bertsolaritzari buruz duela 180 urte alemanez argitaratutako testua; Pello Errotaren saioa ingelesez luze kontatzen duen kronika; bertso saio bat western bat balitz bezala deskribatzen duen ipuina, edo bertsolari bat zaldunen istorio baten protagonista jartzen duena». «Iparragirreren emanaldi xelebre baten edo Bilintxen kalbarioaren testigantzak; National Geographicen Xalbadorri eta Mattini egiten zaien soslaia; ABC egunkarian 1950eko hamarraldian zezenketa kronikan toreatzailearen bertsolaritzarako gaitasunari egiten zaion aipamena. Euskara gorrotatu baina bertsolariak maite zituen frankistaren ekarpenak. Amurizak Lopategiri duela 50 urte egindako elkarrizketa sasoiz betea» eta beste zenbait pieza deigarri. Horiekin batera bildu dituzte «Arestik, Atxagak, Sarrionaindiak eta Letek oso aspaldi batean bertsolaritzaren inguruan argitaratutakoak…».
Lanari 'Prentsa historikoko perlak' izenburua jartzearen ideia Euskadi Irratiko saio batetik hartu zuten, 'Euskal Perlak' izenarekin emititu baitziren Patxi Mujikak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan grabatutako saioak. Oraingo honetan, perla deigarrienak edo bitxienak edo baliotsuenak bildu eta beren kontestuan aurkezti dituzte, «izan ziren haiei buruz gehiago ezagutuz, garen hori hobeto ulertzeko».
Urtean 29 euro ordainduta lau aleak (eta aurreko urteko beste lau opari) jaso daitezke harpidetza eginez gero, baina ale soltea nahi izanez gero administrazioa@bertsolari.eus helbidera idaztea da aukeretako bat, baina liburu-dendetan ere saltzen da