«Belaunaldien arteko sareak« indartzeko eguna
Señora Egunak hasi du bidea Soraluzen 160 lagun inguru bilduta
I. Mendia
Astelehena, 19 otsaila 2024, 12:20
Soraluze Euskal Herriko emakume bertsolarien eta bertsozale feministen topagune bilakatu zen larunbat honetan Señora Bertso Egunarekin. Señora Sariketak azken hiru urteotan egin duen bidearen jarraipen gisa planteatuta, ekitaldiz betetako egitaraua prestatu zen «belaunaldien arteko sareak indartu eta emakume bertsolarien ahalduntzean aurrera urratsak emateko». Zehazki, «sarea sariketaz kanpo ere indartu nahi dugulako» Jone Atsotegi antolakuntza kideak esan bezala.
Jai giroa, ironia eta kritika uztartu ziren bertso jarri eta bat-batekoetan Soraluzen 160 bat lagun bilduta. Egitaraua 12:00etan abiatuko zen Izar Mendiguren, Uxue Alberdi, Nahia Sasco, Amaia Agirre, Jone Larrinaga eta Irati Majuelo bertsolariekin herriko tabernetan egin zen bertso-poteoarekin.
Jarraian, bertsolari eta bertsozaleen bazkaria izan zen Plaza Zaharreko karpan; eta bazkalostean aurrez idatzitako bertso sortak entzun ahal izan ziren Aissa Intxausti, Haizea Arana, Alazne Untxalo, Maddi Ane Txoperena eta Alaitz Sarasolaren eskutik.
Gai abaniko zabala utzi zuen egunak. Alaitz Sarasolak bere herrian, Zaldibian, XVII. mendean kartzelaratuak izan ziren emakumeen ahotsa ekarri zuen. Umorez eta ironiaz joan ziren beste bi sortak hainbat gairen inguruan pintzelada finak eskainiaz. Nerea Ibarzabalek eman zion bertsotan hasiera jaialdiari eta hala bukatu zuen Iparragirrre doinuan: «egin dezagun señorak/objetiboki baloratzea/ezinezko den saio bat».