Bat-bateko bertsogintza garaikideaz hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko gunea
'Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?' izenburupean izango da uztailaren 4an eta 5ean UPV/EHUk antolatutako Uda Ikastaroetan
Bertsolaritzak ertz ugari ditu eta hainbat heldulekutatik azter daiteke. Horietako bati, gaiari, helduko dio bi egunez hainbat hitzaldi eta mahai-ingururen bitartez Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak uztailerako antolatu duen ikastaroarekin. Jada matrikulazioa irekia dago eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik aurreratu dutenez eta maiatzaren 31ra bitarte izen ematea merkeagoa izango da.
'Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?' izenburupean izango da uztailaren 4an eta 5ean Donostian, Miramar Jauregian, UPV/EHUk antolatutako Uda Ikastaroetan. Bat-bateko bertsogintza garaikidearen sorkuntza mailako kezkei buruz hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko gunea izatea da ekimenaren asmoa eta nahi duen orok izena eman dezake jada www.uik.eus atariaren bidez. Hurrengoak dira prezioak: orokorra, 84 euro; erretretadunak, langabeak, ikertzaileak… 71 euro; 25 urte arteko gazteak, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro (bestela, 59 euro).
Halaber, botere harremanak bertsolaritzan eta gai libreko bertsogintzaren gakoak azalduko dira. Eta azkenik, edukizko lanketari buruzko hainbat argibide plazaratuko dira bertan. Hitzaldiak eta hizlariak, askotarikoak, «edozein bertsozale, bertsolari, aritu zein adituentzako erakargarriak» izango dira, elkartetik aurreratu dutenez. «Bertsolaritzatik haragoko beste kultur esparruetako eragile zein sortzaileentzat ere zalantza, bidegurutze zein kezkez aritzeko aukerako plaza izango da ikastaroa», dio oharrak.
Hitzaldiak eta mahai-ingurua
Hainbat hitzaldi eta mahai-inguru bat eskainiko dira egun bietan. Saioa Alkaiza izango da lehenengo eguneko aurreneko hizlaria, 'Diskurtso guztiak errespetagarriak dira?' hitzaldiarekin. Segidan gaiak kantatzerakoan bertsolariek duten zilegitasunari buruz ariko da Maider Arregi, eta botere harremanei buruz jarraituko du Onintza Enbeitak. Oihana Arana izango da eguneko azken hizlaria, eta bertsolaritza ideologikoki lerraturik ote dagoen hausnarketa ekarriko du mahai gainera. Eguna biribiltzeko, lau hizlariek mahai-ingurua osatuko dute, egungo bertsogintzako diskurtso, zilegitasun eta itzalei buruz.
Bigarren egunean beste hainbeste hizlari izango dira. Jexux Mari Irazu izango da lehenengoa eta libreko bertsogintzari buruz ariko da. Alaia Martin eta Imanol Artola izango dira hurrengoak, eta gai-jartzaile autoreari buruzko iritzia plazaratuko dute. Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek hitzaldi bana eskainiko dute egoera sozio-ekonomikoari kantatzen ote zaion hausnartuz. Azkenik, Oihane Pereak eta Beñat Gaztelumendik formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa hitzaldiak onduko dituzte, bakoitzak bere talaiatik.