Asisen hasi zen

Fraide frantziskotar batzuk Asisko basilikaren ondoan/AFP
Fraide frantziskotar batzuk Asisko basilikaren ondoan / AFP

Asisko Frantziskoren biografia idatzi du Joseba Intxaustik. Fraide frantziskotarren anaidiek une kritikoa bizi dute Euskal Herrian

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

Hamabigarren mendearen hondarrean, Italiako Asis hirian, oihal-merkatari baten etxean, haur bat jaio zen. Giovani izenarekin bataiatu zuten. Baina aitari izen hori gustatzen ez, eta Francesco hasi zitzaion deitzen. Umea koskortu egin zen eta, 1204an, 18-19 urte zituela, gaixotasun larri eta luzea izan zuen. Horrek bide eman zion gogoetarako. Nahi du Jainkoagana egin, baina zalantzan dago: bakardadeko otoitzean egingo du biziera berria ala, ohikoa den bidetik, zaldun-ibileran gurutzadara joango da?

Aita Santuak deia egiten du eta Frantziskori sortzen zaio aukera gurutzadara joateko eta abiatzen da, baina, amets-ahotsari erantzunez, sorterrira itzultzen da.

1206an, bakarrik eta bere gisara, Asistik Gubbiorako bidea hartzen du, eta han dagoen legendunen ospitalean lanean hasten da. Handik hilabete gutxira, Asisa itzuli eta, ermitau-jantzia soinean duela, pobretasun ebanjelikoa hartzen du jomugatzat.

1208an, lehenengo lagunak gerturatzen zaizkio Frantziskori: lehenbizi, Bernardo Quintavalle eta Pietro Cattani, bata aberatsa, bestea klerikoa. Hurrengo urtean, hamabi lagun dira guztira. Anaiartea sortzen du Frantziskok, eta Erregela idatzita, Erromara doaz hamabiak, Inozentzio III Aita Santuaren onarpena eskatzera, eta honek baiezkoa ematen. Halaxe sortu zen fraide frantziskotarren anaiartea.

Orain arteko datu horiek 'Asisko Frantzisko' liburutik hartu ditut. Atera berria da, Joseba Intxausti historialariak (Segura, 1936) idatzia eta Edizio Frantziskotarrak etxeak publikatua. Liburuak Frantziskoren bizialdi guztia aztertzen du eta azken hamarkada hauetako aurkikuntza historiografikoak eskaintzen.

Joseba Intxaustik badaki gizarte sekulartu batean bizi garela, baina uste du fenomeno erlijiosoaren azterketak merezi duela, eta Euskal Herriko Institutu Erlijiosoen historia egiten nabarmendu da. Asisko Frantziskoren biografia hau «hutsune kultural bat betetzera dator», adierazi du.

Intxausti frantziskotarra izan zen hainbat urtez. 'Jakin' aldizkariaren zuzendari ere izan zen. Gero ordena utzi zuen, baina harrezkero ordu asko eman du bai Arantzazuko frantziskotarren historia idazten bai Euskal Herriko fenomeno erlijiosoa deskribatzen.

Esanda bezala: Euskal Herriak sekulartze-prozesu bizia izan du azken mende erdian. Lekutan daude 1960ko hamarkadako Arantzazuko seminarioko gaztetxo pila haiek. Adibidez, 1960. urtean, 176 fraidegai zeuden Oñatiko goi hartan. Orain, Aran-tzazun, jai- egunetako une jakin batzuetan baino ez da sumatzen erlijio-giroa.

Ofizialki, historialariek diotenez, frantziskotarrak 1501ean hasi ziren lanean Arantzazun. Baina baliteke pixka bat lehenago ere hantxe jardutea. Bostehun urteko historia luzea dute fraideok Euskal Herrian, eta Joseba Intxaustik epai irmoa egin zuen orain urte gutxi: «Eliza katolikoaren instituzio guztietatik, Euskal Herrian, herrikoiena, frantziskotarrak izan dira».

Gaur ez dago lehengo konturik. Euskal Herrian -Euskadiko Autonomia Elkargoan eta Nafarroan- 97 fraide frantziskotar ditugu orain, eta horietako 26 Arantzazun. Gehienak edadetuak dira.

Anaia frantziskotar zaharren egoitza ofiziala Bermeoko komentua da, baina Arantzazukoak ere, praktikan, zaharren etxe bezala funtzionatzen du.

Une honetan, Euskal Herriko frantziskotarrek ez daukate seminarista bat bera ere. Seminaristarik baletor, Gasteizen dago heziketa-etxea, eta gero Espainiako etxe batzuetan burutzen dute heziketa-prozesua: nobizio-aldia Santo Espíritu del Monten (Gilet, Valentzia) eta teologia-ikasketak Murtzian.

Arantzazuko Probintzian 18 anaidi edo elkarte daude. Horietatik, 11 Euskal Herrian, gainerantzekoak Cantabria eta Castillan. Hauek dira Euskal Herrikoak: Arantzazu, Bidaurreta (Oñatin), Bermeo, Bilbo, Forua, Iruñea, Donostia, Segura, Tolosa, Gasteiz eta Zarautz.

Arantzazuko Probintziako fraide frantziskotarrak 129 dira. Horiei, 21 gehitu behar zaizkie, misioetan bizi direnak; eta beste 5 bestelako etxe batzuetan daudenak.

«Burgos eta Santander eta Valladoliden gure anaidiak badaude, baina haietan ere ez da bokazio berririk azaltzen. Leku hauetan dagoena da, nire ustez, erlijiotasun gehiago: oraindik elizara jende gehiago joaten da eta sakramentuetan ere aktiboago dira, baina bokaziorik, apenas», adierazi dit Jose Mari Arregik, Arantzazuko santutegiko buru egiten duen fraideak.

Munduan zehar 112 naziotan daude frantziskotarrak, eta guztira 12.350 fraide dira. Bokazio asko dituzte Hego Korean, Filipinetan eta Brasilen, adibidez. Fraide guztion buru egiten duena Michel Perry da, 64 urteko estatubatuarra.

Bukaerarako, Joseba Intxaustiren liburuko azken hitzak: «Balio unibertsalak eta betikoak topa daitezke Frantziskoren hitz eta portaeran». Leninek ere esan omen zuen: «Beharko genituzke hamar Asisko Frantzisko».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos