Arabako Bertsolari Txapelketa urtarrilaren 28an abiatuko da
Hemezortzi bertsolarik hasiko dute ibilbidea eta horietako sei sailkatuko dira martxoaren 16an Gasteizen jokatuko den finalerako
A. Urbieta
Donostia
Igandea, 14 urtarrila 2024, 18:42
Bizkaiko eta Nafarroakoen ostean, Arabako Bertsolari Txapelketari iritsi zaio txanda 2024 urtearen hasieran honetan. Bi aste barru, urtarrilaren 28an, abiatuko da eta martxoaren 16an amaitu Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko den finalarekin, igande honetan Arabako Bertsozale Elkarteak Baranbioko Garrastatxu Txokoan egindako aurkezpenean azaldu duenez. Aurtengoa, gainera, edizio berezia izango du txapelketak, 40. urteurrena beteko baitu.
1984an jokatu zen lehen Arabako Bertsolari Txapelketa eta urte hauetan guztietan zehar Arabako bertsogintzak egin duen bidea nabarmendu dute aurkezpenean, baita txapelketek egindako geldiuneak ere: 1984an Arabako Bertsolari Txapelketa, 1990ean Prudentzio Deuna sariketa, 2012an Arabako Bertso Kuadrilla artekoa, 2021ean Arabako Binakako bertsolari Txapelketa eta 2024an urte honetan 40 urte lehen txapelketa burutu zela, beraz badute zer ospatua Arabako bertsozaleek.
Bi lagunek hartu dute hitza aurkezpen ekitaldian. Egoitz Iradier Elkarteko sustapen arduradunak eman ditu txapelketari buruzko xehetasunak eta ondoren, Patxi Aizpuruak hartu du hitza lau hamarkada hauetako ibilbidearen inguruan azalpenak emateko. Izan ere, Elkarteko idazkaria izatearekin batera, orain 40 urte Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartutakoa ere bada bera.
Hiru final laurden eta bi finalaurreko
Txapelketako lehenengo final laurdena urtarrilaren 28an jokatuko da, Izarrako Kultur Etxean. Beste biak –hiru izango dira orotara–, Oionen otsailaren 4an, eta Laudion 11n. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera eta gainontzekoak final zortzirenetako sailkapenaren arabera. Finalerdiak bi izango dira, Aramaion eta Dulantzin jokatuko direnak, eta saio bakoitzeko irabazlea sailkatuko da zuzenean finalera; hurrengoak puntuazioaren hurrenkeran finaleko seikotea osatu arte.
Arabako 18 bertsolari abiatuko dira urtarrilaren 28an txapelaren bila; 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuten bost finalistak (batek ez zuen izenik eman) eta 2023an jokatutako kanporaketetan sailkatu ziren 13ak. Horietatik 12 pasatuko dira finalaurrekoetara eta sei bertsolari igoko dira oholtzara final handian. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.
Txapelketan Arabako bederatzi epaile arituko dira, 13 gai jartzailek taldean gaiak sortuko dituzte eta euretako sei izango dira saioak eta finala aurkeztuko dutenak.
Arabako Bertsolari Txapelketaren jarraipena era ezberdinetan egin daiteke: Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean www.bertsozale.eus/araba, bertsolaritza kanala www.bertsoa.eus , sare sozialetan...
Aramaioko Peru Abarrategi azken txapelduna
2022ko edizioko final handia Gasteizko Europa Jauregian jokatu zen lehen aldiz eta bertan Aramaioko Peru Abarrategi Sarrionaindia nagusitu zen, azken buruz burukoan Manex Agirre herrikidearekin lehian aritu ondoren. Biak ere aurtengo txapelketan arituko dira berriro ere txapelaren bila.
Kanporaketetarako sarrerak bertsosarrerak.eus-en eskuratu ahal izango dira, baina finalerako txartelak Printzipal Antzokiaren salmenta-bideetatik erosi beharko dira.