«Amore ematea eta dena bertan behera uztea ez zaigu burutik pasa»
Etenaldirik gabeko ordu eta erdiko saioan aurkeztuko dituzte artistek prestatu dituzten proposamen berriak
«Datorren udaberrian ilusioz eta indarrez beterik itzuliko gara!!» idatzi zuten Gure Zirkuko kideek iazko abenduan, zazpi hilabeteko bira luze eta emankorra Ibarran amaitu ostean. Iazko 156 emanaldiak eta 40.000 ikusleak berdintzea ezinezkoa izango dute aurten baina, udaberriak ihes egin badie ere, itzuli dira uda betean, ilusioz eta indarrez beterik.
Planak goitik behera aldatu behar izan dituzte, eta irtenbiderik ikusten ez zen une latzak igaro ere bai. Iker Galartzak ez ditu ardura eta zalantzak ukatzen, baina dio horien guztien gainetik zegoela egitasmoari eusteko asmoa. «Konfinamenduaren egunetan itxita geneuzkan fetxa denak erortzen hasi ziren. Ezer ez zegoen argi. Buelta asko eman dizkiogu egoerari, baina amore ematea eta dena bertan behera uztea ez zaigu burutik pasa», adierazi du Galartzak, karpa sendoaren barrualdean entseguek jarraitzen duten bitartean. Kostata muntatu dute karpa, jabeen laguntzarekin.
Euskal Herrian barrena dabilen Bellisimo zirku italiarreko kideek ere luzatu diete eskua –«esan diegu ez oso urruti joateko...»–, baina azkenean paratu dute karpa sendo eta dotorea. Edonola ere, behin-behineko 'etxea' berria izan arren, Gure Zirkuak bere estiloari eutsi nahi dio, karpa txikiak ahalbidetzen zuen xarmari . Horretarako, aurtengo espazio handiagora moldatzen ari dira txikirako prest zeuzkaten dekoratu berriak.
Artistak ere ari dira pista zabalagoari neurria hartzen. Hurrengo asteetan horiek eta euren proposamenak izango dira protagonista nagusiak. Esate baterako, Cirque du Soleil-en lan egindakoa den Ortzi Acosta gasteiztarra, nahiz eta haren lur gaineko ariketa harrigarriak ez diren saio guztietan ikusiko. Magia ere Arabatik dator, Kidamen eskutik. Ekain Ibarguren pailazo malabaristak; airean dotore asko dabilen Iraitz Lizarragak; alanbre gaineko orekari eusten dion Garazi Paskualek eta gorputza erabat menderatzen duen Ane Mirenek, Iker Galartzak berak zein musikariek, ordu eta erdiko ikuskizuna eskainiko diete bertaratuei. Ezinbestekoa izango da halaber pistatik kanpoko hainbat lan hutsaren truke egingo dituzten senide eta lagunen ekarpena, hori ere badelako Gure Zirkuaren ezaugarrietako bat.