Aitor Mendiluze izango da Hitzetik Hortzera saioko protagonista
Andoaingo bertsolariak bertso ibilbidearen errepasoa egingo du Mirari Martiarenarekin batera
Aitor Mendiluze Gonzalez (1975, Andoain) izango da larunbat honetako Hitzetik Hortzera saioko protagonista. Mirari Martiarenarekin batera bertso ibilbidearen errepasoa egingo du Mendiluzek gaueko 21:00etan ETB1n hasiko den saioan
Txikitan amak Hernaniko bertso-eskolara eraman zuenetik haren bizitza bertsoari lotuta egon da. Ondoren Eskolartekoetan aritu zen, lehen plaza 1986an buruturik Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, besteak beste, Gorka Tolosa eta Unai Agirre kantulagun izan zituelarik. Haria ez zuen sekula eten eta hala lautan (1988, 1990, 1992, 1993) sailkatu zen lehiako finalera, azken bietan txapela jantziz. Horretaz gain, Ezeizatar Eusebio bertso saria eta Lizardi sariko bertso onenaren saria eskuratu zituen 1990 eta 1994an.
Hurrengo pausoa Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan heldu zen. 1995ean sailkatu zen lehen finalera eta gainerako kantulagunei gailendu zen Andoainen. Emaitza berdindu zuen 2007an eta 2003an hirugarren izan zen.
Horretaz gain, zazpi Txapelketa Nagusitan ere parte hartu du, eta 2001etik 2022rako final guztietan egon da. Hainbatetan aipatu du txapelketetara bertsotan egitera joaten dela eta postu ederrak lortu ditu. Batik bat 2017an, buruz burukoa jokatu zuenean Maiale Lujanbiorekin. 2001ean eta azkenekoak, 2022an, hirugarren izan zen eta 2013koan laugarren.
Bertsolaria izateaz gain, hezkuntza arautuan bertsolaritzako irakaslea da Mendiluze,eta transmisioari buruz ere hitz egiteko tartea hartuko dute. Bertso doinuei buruz aritzekoa ere bai: izan ere, doinu desberdinak erabili zalea da Mendiluze. Inguruan dituen bertso-eskolako lagunak ere hala dira, eta doinu zaharrak berriz erabili zalea eta ikasi zalea da.
Kontu hauek guztiak errepasatuko ditu Mirarik Aitor Mendiluzerekin batera, bere ibilbideko bertsoak gogora ekarriz.