Zumaia
Gaztegunea bihar zabalduko duteLudoteka urriaren 1ean irekiko dute. Hilaren 23an guraso eta tutoreekin bilerak egingo dira, bietan ematen diren zerbitzuen berri emateko
S.U.
ZUMAIA.
Asteazkena, 10 iraila 2025, 20:13
2025/2026 ikasturtearen hasierarekin batera, Zumaiako Ludoteka eta Gaztegunea haurrei zein nerabeei jolas librea eta aisialdi hezitzailea eskaintzeko prest daude. Gaztegunea bihar, irailaren 12an, zabalduko dute, eta, urriarekin batera Ludoteka. Lehenago, ordea, zerbitzuok gertutik ezagutzeko aukera dute haur, nerabe zein familiartekoek.
Gazteguneak bihar hasiko du betiko martxa, eta egunotan, zerbitzua, espazioa eta hezitzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen ari da. DBH1eko ikasleentzako ate irekien azken saioa gaur izango da. Eta hilak 23an, gazteguneko erabiltzaileen guraso eta tutoreek espazioa bisitatzeko eta hezitzaileak ezagutzeko aukera izango dute, 19:00-20:00 bitartean. Hitzordu garrantzitsua da honakoa, bereziki DBH1ekoen gurasoentzat, Gaztegunearen inguruko informazio garrantzitsua emango baitute bertan.
Izen-emateari dagokionez, aldaketa bat izango da aurtengoan: guraso edo tutoreek aurkeztu beharko dute izen-ematea, derrigor (hau da, ezin izango dute nerabeek beraien entregatu). Izen-emate orri hori bi bidetatik lortu daiteke: etxeetara bidali den gutunetan agertuko den QRa eskaneatuta, edo Gaztegunean bertan. Izen-emate orriarekin batera irudien baimena entregatzea beharrezkoa izango da.
Gaztegunea 12 eta 17 urte bitarteko herritarrei zuzendutako zerbitzu hezitzailea da, eta, asteartetik igandera arratsaldez egoten da martxan. Nerabeentzako erreferentziazko tokia izatea du xede, eta askotariko jarduerak egiten dituzte. Gainera, lauhilero gai orokor bat lantzen dute, ezagutzak helarazteaz gain, euren iritzi kritikoa aktibatzeko: sexu heziketa, hezkidetza, kontsumoak, harremanak, emozioak... etab.
Ludoteka urriaren 1ean
Ludotekak urriaren 1ean zabalduko ditu ateak. Izen-ematea zabaldu aurretuik, hilak 23an, guraso eta tutoreei zuzendutako bilera egingo dute, Ludotekaren funtzionamendua eta izen-emate prozesua azaltzeko, 18:30ean euskaraz eta 19:00etan elebitan.
Ludoteka 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da. Hezkuntza ez formalaren eremuan esparru hezitzailea eskaintzen zaie haurrei, jostailuen eta jolasaren bidez. Ekintza gidatuak eskaintzen dira, jostailu mailegua, ekintza bereziak haurrentzat eta familientzat... Zerbitzua astelehenetik ostiralera egongo da martxan, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era.