Zestoa
Zestoako zaintza ekosistema aurkeztu duteAdinekoen bakardadearen ondoriozko arazoei modu komunitarioan aurre egiteko Izarraitz proiektuaren nondik norakoak azaldu ziren
Zestoako zaintza ekosistema aurkeztu zuten ostegunean, Kultur Etxeko aretoan. Udalak, hainbat eragileekin batera, urteak daramatza adinekoen bakardadearen ondoriozko arazoei modu komunitarioan aurre egiteko proiektu batean ... lanean, eta aurkezpenean azaldu zuten Izarraitz izeneko egitasmoa nola sortu zen eta nola izan den abian jartzeko egin den orain arteko lana. Aurkezpena Mikel Arregi alkateak; Joseba Illarramendi eta Saioa Lasa, San Juan Egoitzako ordezkariak; jubilatuen elkarteko Jesus Odriozolak eta 3Z elkarteko Santi Urgartek egin zuten (Adinekoen Mahaiko kideak). Halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia Feminista ikerketa taldea ere izan zen bertan.
«Biologikoki zahartzaroa seinale ona da. Baina gaur egungo gizartea eta gaur egungo ezaugarria ez dira berdinak, Zestoan, beste tokietan bezala, horri aurre egin behar zaio. Alde horretatik, lau urte daramatzagu zaintza ekosisteman lanean. Aberasgarria izan da herriko eragileekin eta sektoreko langileekin zuzenean lan egitea, era berean, aberasgarria izan da ikuspegi zientifikoa izatea, EHUko ikasleek egindako azterketari esker», azaldu zuen Mikel Arregi alkateak.
Alkateak adierazi zuen zainketa-zerbitzuen inguruan enpresa eta zerbitzu asko sortzen ari direla, eta horietako asko pribatizatzen ari direla. «Gu herriko eragileekin ari gara lanean. Uste dugu hori dela egokiena gure beharrei aurre egiteko, eta uste dugu egokiena dela konponbideak gure herrian bertan izatea. Aberasgarria da jakitea Zestoa gai dela tokiko eragileekin lankidetzan aritzeko ongizate-proiektu bat aurrera eramateko, profesionalekin zein bolondresekin».
San Juan Fundaziotik Joseba Illarramendi zuzendaria eta Saioa Lasa joan ziren aurkezpenera. Lasak azaldu zuen 2019an San Juanen barne-ariketa bat hasi zutela zenbait galderari erantzuteko. Hala, 'San Juan Etxea' izeneko plan estrategikoa abiatu zuten. Hasteko, bertako langileekin honako galderei erantzun nahi zioten: Zer zerbitzu mota ematen ari gara? Zein da gure zaintza-eredua? Zer zainketa izan nahiko genuke? Hala, egoitzan lanketa egin zuten eta 2019an erretiratuen tabernan aurkeztu zuten dokumentua, 3Z-ko kideekin batera, elkartearen sorrerarekin kointzidituz. «Udalak gai horrekiko interesa agertu zuen eta egokitzat jo zen herriko eragileen artean Adinekoen Mahai bat sortzea, zainketari buruz gogoeta egiteko», azaldu zuen Lasak. Adinekoen mahaia 2020aren amaieran sortu zen. «Prozesuan pandemia tokatu arren, lanean jarraitu genuen, Udalaren zuzendaritzapean, jubilatuen elkarteko, 3Zko, Osakidetzako eta Zestoako bi egoitzetako kideek (Gisasola eta San Juan)». Hala, pixkanaka, egoitza bateko hausnarketa bezala hasi zena, herri proiektu bihurtu zen.
Hurrengo pausoa ikerketa demografiko bat egitea izan zen, Zestoak hamabost urte barru adin desberdinetan izango duen bilakaera ikusteko. Biztanleria prospektibaren datuen arabera, 2020 urtean 65 urtetik gorako 1.001 pertsona zeuden guztira herrian, eta 2035ean, 1.306 pertsona nagusi izatea aurreikusten da. Azterketa demografikoarekin batera, zaurgarritasun arriskua zuten pertsonak aztertu ziren. 2020an, Zestoan bakarrik bizi zen adineko pertsonen kopurua 164ekoa zen. Horietatik 67 bizilagunek 80 urte baino gehiago zituzten eta beste adinduekin bizi direnek, berriz, 241 ziren. 2035ean, 250 adindu bakarrik biziko direla aurreikusten da». Zaurgarritasun tasari dagokionez, bataz bestekoa %54,4 dela ondorioztatu dute.
Bakardadea eta zaurgarritasuna duten pertsonak identifikatzeko, Zestoak informazio-sistema bat izango du. «Sistema informatiko honen bidez, arrisku-egoeran dauden bizilagunak eta non bizi diren jakin dezakegu», azaldu zuen alkateak. Sistema hau lantzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso zuen Udalak eta Hirube kooperatibak hartu zuen proiektuaren ardura, eta 2024ko otsailera arte egongo da udalarekin elkarlanean. «Gure adinekoen egoera ezagutzea da gure asmoa, eta gure sistema komunitarioa izatea. Ez dugu inor behartuko zaindua izatea, baina herriak baduela ahalmena jakitea nahi dugu eta baliabideak dituela modu koordinatuan zaintza hori emateko. Beraz, Hirube kooperatibarekin lankidetza prozesua amaitzean, herriak zaintzeko ekosistema propioa izango du, bakardadean dauden pertsonak zaintzen laguntzeko», adierazi zuen Arregik. Halaber, Gislan Kooperatibak euskarri teknologikoa jarri duela gaineratu zuen.
Herri proiektua
Amaitzeko, Joseba Illarramendi San Juaneko zuzendariak proiektuaren koordinaketa nolakoa izango litzatekeen azaldu zuen. Eta adierazi zuen «Proiektu potoloa da, asko eskatuko diguna herri bezala». Era berean, adierazi zuen Udalak eta San Juan Fundazioak akordioa sinatu dutela aste honetan bertan, eta, horren bidez, sortu eta gauzatu den zaintza-proiektua gauzatzeko ardura izango dutela. Izarraitz herritik bertatik sortutako proiektua da, eta honekin zaurgarritasun egoerak detektatzeko sistema bat garatuko da, egoera bakoitzari zer motatako zerbitzuak eskaini beharko diren aztertzeko. Horretarako ezinbestekoa izango da proiektuaren koordinaketa. Aurretik, zaintza eredua definitu beharko da, «hau da, nola zainduan izan nahi dugun erabaki». Jarraian, zaurgarritasun goiztiarra detektatzeko sistema martxan jarriko dute; herrigune eta auzoetako azpiegituren beharra aztertu; zaintza komunitarioa eta zaintza profesionala uztartu; proiektuaren pilotajea egin Gipuzkoako Foru Aldundiaren Liburu Berdearen baitan; eta proiektuaren bideragarritasuna ahalbidetuko. Bestalde, 3Z Elkarteko Santi Ugartek azaldu zuen nola hasi zen elkartea, nola kezkatzen diren bere kideak etorkizunean be-harko dituzten zainketen inguruan eta egin litezkeen aukeren inguruan, 'cohousing' eredua adibidez (komunitatean bizitzea). «Argi dugu gure egoitza gure herria dela», adierazi zuen. Halaber, kultura-etxera hurbildu ziren zestoarrak gonbidatu zituen elkarteko kide izatera. «Talde zabala izatea nahi dugu, irekia, indartsua eta antolatua. Era berean, elkar zainduaz biziko garen komunitatea eraikitzea nahi dugu».
Ikuspegi komunitarioa jarraitu dute ikerketa egiteko
Antropologia Feminista ikerketa taldeko Matxalen Legarreta irakasleak eta Maider Barañano eta Alaitz Uria ikertzaileak ikuspegi komunitario batetik landu dute egin duten lana Zestoan. «Ikerketaren helburua aurrerapauso bat ematen laguntzea izan da, Zestoan zaintza ekosistema garatzen laguntzeko. Metodologia bilerak egin ditugu eta ikerketa tekniko kualitatiboa», azaldu zuten. Horretarako, sei elkarrizketa eta bi eztabaida-talde egin zituzten. Elkarrizketetan zaintza-zerbitzuek «publikoa, unibertsalak, duina, hurbila eta euskalduna» izan behar dutela jaso dute, eta pertsona ardatz duen arreta eredua izatea. Herrian dauden baliabide instituzionalak aztertu ondoren, ikertzaileek nabarmendu zuten Zestoan badirela zainketan laguntzen duten zerbitzuak, «hauek eguneroko ekintza txikietatik hasten dira, Zestoa Osasuntsu ekimenaren baitan antolatutako irteerak adibidez. Bestalde, zainketa-ekosistema definitzean, bat datoz elementu komun edo zentral batekin: komunitatearekin. Hau da: elkar zaindu eta elkar bizi».
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión