Zabalik da '18 Astetan Triatleta' erronkaren 5. ediziorako izen-ematea
Azken 4 urteetan Euskal Herrian 674 pertsona murgildu dira triatloian, erdiak baino gehiago emakumezkoak
Triatloia Maite Dut egitasmoak berriro ekin dio '18 Astetan Triatleta' erronkari, triatloia probatu nahi duten pertsonei kirol hau eskuragarri egiteko helburuarekin. Edizio honetan ere, parte-hartzaileek 18 astez entrenatzeko aukera izango dute, distantzia ezberdinetan parte hartzeko beharrezko gaitasunak garatuz.
Erronka honi esker, azken 4 urteetan, Euskal Herrian 674 pertsona murgildu dira triatloian, %50a baino gehiago emakumezkoak.
Triatloia Maite Dut egitasmoaren '18 astetan triatleta' erronkaren lau edizio burutu dira dagoeneko, Euskal Herriko hainbat txokotatik animatzen dira gazteak, lagunartean zein bakarka Hektor Llanosek (Fitgüne kirol aholkularitza) prestatutako entrenamenduak jarraitzen.
Erronkaren helburuak eta metodologia
'18 Astetan Triatleta' erronkaren helburua da balioetan oinarrituz, triatloia gizarteratzea euskaraz. Horretarako, antolatzaileek entrenamendu-plan egituratu eta profesionalizatu bat eskaintzen dute: Asteroko entrenamendu-planak, Fitgüne aholkularitza zentroaren eskutik; tutorial bideoak eta Telegram bidezko aholkularitza-zerbitzua; eta distantzia ezberdinen artean aukeratzeko aukera (Super Sprint: 350 m igerian – 10 km bizikletan – 2.5 km korrika. Sprint: 750 m igerian – 20 km bizikletan – 5 km korrika. ETa azkenik, Olinpikoa: 1.500 m igerian – 40 km bizikletan – 10 km korrika).
Aurten, gainera, berrikuntza izango dute: aditu talde baten laguntza zuzena, parte-hartzaileek dituzten zalantzak eta galderei erantzuteko bideo berezien bidez.
Erronka otsailaren 17an hasiko da, eta 14 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek astero 3 eta 5 egun artean entrenatuko dute, aukeratutako distantziaren arabera.
Doako edo Premium modalitatea
Erronkak bi izen-emate mota eskaintzen ditu: Alde batetik doakoa: Parte-hartzaileek oinarrizko entrenamendu-planak eta laguntza jasoko dituzte eta bestetik, premium: Gainera, gida osagarri bat, ongietorri-poltsa, produktu sorta eta hainbat zozketatan parte hartzeko aukera eskainiko dira.
2025ko enbaxadoreak hiru aurpegi ezagun izango dira parte-hartzaileentzako inspirazio iturri: Ane Iturrate, aktorea eta modeloa (Super Sprint distantzia), Jon Fernandez, Gaztea irratiko esataria (Sprint distantzia) eta Ane Arozena, erronkari esker triatloian hasitakoa (Olinpiko distantzia).
Aditu-taldea, arrakasta bermatzeko
Parte-hartzaileek laguntza jasoko dute arlo desberdinetan esperientzia duten adituengandik: Hektor Llanos (Gasteiz, 1972): Fitgüne aholkularitza zentroko arduraduna eta goi-mailako triatleta ohia. Entrenamendu-planen arduraduna.
Ainhoa Murua (Zarautz, 1978): Triatleta eta entrenatzailea, lau Joko Olinpikotan parte hartu du eta nazioarteko txapelketetan ibilbide handia egin du.
Eneritz Urrutia (Arrasate, 1990): Triatleta eta hezitzailea, prestakuntzan oinarritutako ikuspegia eskainiko du.
Pablo Cazalis (Zarautz, 1992): 'Zarauzko Marrazoa' igerilari fina eta CrossFit nazioartekoa. Indar-ariketei eta igeriketari buruzko aholkuak eskainiko ditu.
Adriana Campoy (Donostia, 1972): Triatleta eta igeriketako entrenatzailea, taldeari motibazioa eta jarraipena eskaintzeko arduraduna.
Izena emateko epea irekita
Triatloia Maite Dut egitasmoak kirola eta euskara uztartzen jarraitzen du, herritarrak triatloira hurbiltzeko ahaleginetan. Interesa dutenek izena eman dezakete www.triatloiamaitedut.eus webgunean.
Informazio gehiago lortu nahi izan ezkero, www.triatloiamaitedut.eus webgunean edo posta elektroniko honetara idatziz info@triatloiamaitedut.eus.