Zarautz
«Presiorik gabe eta disfrutatzera aterako gara etxekko estropadan»Manex Otaegi, Enbatako arraunlaria
Zarauzko gizonezkoen Enbata traineruak eguerdian Castro Urdialesen ARC1 Ligako estropada du eta apenas atsedenik gabe, larunbatean 12:00etatik aurrera, Zarauzko Arraun Elkartearen XVI Ikurriña jokatuko da. Liga amaitzeko, abuztuaren 23an, Deustuko estropada geratuko zaie. Orain arte egindakoari buruz hitz egiteko Manex Otaegi Mendoza, 24 urteko arraunlari zarauztarrarekin bildu gara. Infantiletan hasi zen arraunean eta dagoeneko 8. denboraldia du aurtengoa Enbata barruan.
–ARC1 denboraldia azken txanpan sartuta dago eta biharkoa duzue agian urteko erronka nagusia, zaleen aurrean izateagatik?
–Aurretik, gaur eguerdian Castron dugu hitzordua, baina, bai, biharkoa dugu gure erronka, zaletuen aurrean. Azken estropada Camargon ez zitzaigun nahi bezala atera eta play off-erako aukerak ihes egin digute. Ea bihar etxean estropada txukun bat egiten dugun, denboraldia zapore on batekin bukatzeko. Presiorik gabe eta disfrutatzera atera beharko genuke; erraz esaten da, baina, gero urduritasunak eta abar eragina izaten dute.
«Garaipenetatik hurbil egon gara, baina ihes egin digute; ea biharkoan asmatzen dugun»
–Aurten, hurbil ibili zarete, baina, oraindik banderarik gabe?
–Hala izan da, behin baino gehiagotan hurbil egon gara, baina ez dugu banderarik lortu; horregatik ea Zarautzen estropada on bat egiten dugun, gustora bukatzeko.
–Santurtzi eta Arkote, bi lehen postuak ziurtatua, agian pixka bat lasaiago etorriko dira bihar Zarautzera?
–Ez dut uste, gainera ez dira bi traineru hauek bakarrik, aurten gure kategorian maila handia dago eta gainontzeko arerioak ere kontutan edukitzekoak dira: Lapurdi, Zumaia, San Pedro, Pedreña ...
–Dena den, azken estropadak kenduta, denboraldi oso ona egin duzue?
–Bai, gustora gaude; orain estropada pare bat arte play off-erako borrokan egon gara, bi lehenengoen artean sailkatzeko aukerarekin. Aurreko denboralditik saltoa eman dugula iruditzen zaigu, talde bateratua dugu, lagun kuadrilla bat gara.
–Badirudi itsaso handirik, olaturik ez dela izango biharkoan?
–Hala ematen du, guk nahiago itsasoa egongo balitz, diferentziak egoteko, baina badirudi itsasoa bare, indarra beharko dela biharko estropadan nagusitzeko.
–Denboraldia amaitzeko, Ligako aipaturiko hiru estropadak eta ondoren Kontxarako sailkatze estropada geratzen zaizkizue?
–Halaxe da, nahiz jakinik oso zaila dela Kontxarako sailkatzea. Gauzak normal, ACT Ligako traineruak gure gainetik daude, ezin gara konparatu, baina gure aldetik jarriko dugu, saiatuko gara...