Zarautz
Nesken Enbatak uretan irabazitakoa zigor batekin galdu zuten Kontxako kanporaketanJuanjo Etxarteren arraunlariak oso ondo egokitu ziren baldintzetara baina bizkorregi ateratzeagatik zigortu zituzten
Sailkatzeko aukerak bazituztela gure neskak idazten genuen Kontxako kanporaketari begira orrialde hauetan eta uretan erakutsi zuten Enbata ontzi indartsua dela. Helmugaratu zirenean ordura arteko hirugarren denbora egiten zuten eta Donostiarrak eta Hibaikak (hauek ehuneneko gutxiko tartearekin) sartu ziren Gesalaga Okelan traineruaren aurretik.
Poza izugarria zen, arraunlari, zuzendaritza eta zaleen artean, hurrengo bi igandeetan Enbata Kontxako Banderan egongo zela jakitean.
Baina kirolak baditu tamalez noizbehinka ezusteko galantak eta horietako bat zabaldu zen Donostian denak bosgarren amaitu zutela pentsatzen zutenean.
Irteeran estatxa behar baino lehenago askatu omen zuten gure neskek eta ondorioz helmugako denborari hamar segundoko zigorra jarri zioten epaileek, Kontxarako sailkatzen ziren zazpi ontzietatik kanpo utziz.
Etxarte kexu zen ospatu ondoren jakitera emateagatik, irteerako kontua izan da lehenago jaki arazi behar zela zioen. Uretan lortutakoa epaileek kendu diote Enbatari. ETBko irudietan gainera ez zen ikusi zarauztarren irteera unea. Hala izango da.
Nesken malkoak ez ziren isuritako bakarrak izan, zale askok ere bota zituzten, Donostiako portuan batzuek eta etxean besteek. Erabakia hartuta dago eta ez dira Kontxan izango baina guretzat txapeldunak dira. Gora neskak.